Lehen pausoak Illunberantz

Gaur hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Oñatin. 48 bertsolarik parte hartuko dute

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartuko dutenetako batzuk, aurkezpen ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Zazpi final-zortzirenek, bostfinal-laurdenek, hiru finalaurrekok eta finalak osatutako ibilbidea du aurretik Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Zehatz-mehatz, hiru hilabetekoa. Gaur eta bihar jokatuko dira lehen bi saioak, eta abenduaren 14an azkena, finala. Guztira 48 bertsolarik hartuko dute parte, eta lehen fasetik hasiko dira gehientsuenak, 42 hain zuzen. Finalean ez beste saio guztietan, sei bertsolarik kantatuko dute, eta bertsolari bakoitzak saio bakarra jokatuko du fase bakoitzean; hau da, aurrera egiteko aukera bakarra izango du. Bertsolariekin batera, hamasei lagun ariko dira txapelketako epaile taldean, hamabost gai jartzaileenean, eta lau lagunen artean egingo dituzte idazkari lanak.

ASTEBURUKO SAIOAK

Oñatin egingo du lehen urratsa txapelketak, gaur, lehen final-zortzirenarekin. Honako hauek ariko dira kantuan: Felix Zubia, Aratz Igartzabal, Haritz Mujika, Andoni Mujika, Amaia Iturriotz eta Maider Arregi. Santa Ana aretoan izango da, 17:00etan, eta Iban Narbaizak egingo ditu aurkezle lanak. Biharko saioa Amasa-Villabonan izango da, eta bertsolari hauek igoko dira oholtzara: Beñat Iguaran, Oier Etxeberria, Iban Urdangarin, Iñigo Mantzisidor, Odei Lopez eta Maialen Akizu. Gurea antzokian izango da, eta Eresti Oiarbide ariko da gaiak jartzen. Fase honetan kantatuko duten bertsolarietako batzuek udaberrian jokatutako Gipuzkoa Bertsotan egitasmoan lortu zuten sailkatzea; beste batzuek, berriz, 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan eskuratu zuten txartela, finalaurrekoetarako sailkatu baitziren.

FASE HONETAKO LANAK

Bertsolariek hamalauna bertso kantatuko dituzte final-zortzirenetan: binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso; eta kartzelako ariketan, bakarka, gaia emanda, hiruna bertso, nahi den doinu eta neurrian. Fasez fase, aldatu egingo dira bertsolariek egin beharreko lanak.

GALBAHEA ESTUTZEN

Final-zortzirenetan ariko diren 42 bertsolarietatik 24k egingo dute aurrera: saioa irabazten duten zazpiek eta puntuaziorik handiena lortzen duten hamazazpiek. Guztira, ordea, 30 bertsolari ariko dira final-laurdenetan, orain lau urteko txapelketako finalean kantatu zuten sei bertsolari ere fase horretan sartuko baitira: Alaia Martin, Oihana Iguaran, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Jon Maia eta Beñat Gaztelumendi—2015eko finalean izan ziren Arkaitz Oiartzabal eta Unai Agirre ere, baina horiek ez dute izenik eman aurten—. Saioak irabazten dituzten bost bertsolariak eta puntuaziorik altuena lortzen duten hamahiruak sailkatuko dira final-laurdenetatik finalerdietara; guztira, hemezortzi.

FINALA, ILLUNBEN

Finalaurrekoetatik sailkatuko diren bertsolariekin jokatuko da finala: saioak irabazten dituzten hirurak eta puntuaziorik handiena lortzen duten bostak sartuko dira; alegia, zortzi bertsolari ariko dira, eta inor ez dago zuzenean sailkatuta, aurreko finalistak ere final-laurdenetatik ariko baitira lehian. Zortzi bertsolarirekin emango zaio hasiera jardunari, baina, ohikoa bihurtu den bezala, puntu gehien biltzen dituzten bi bertsolarien arteko buruz burukoarekin amaituko da. Larunbatez izango da finala, abenduaren 14an, Donostiako Illunben.

SARRERAK NON EROSI

Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai, eta, aurrez agortzen ez badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira, 16:00etatik aurrera. Halaber, finaleko sarrerak, Interneten ez ezik, saio guztietan ere egongo dira salgai. Bonu bat ere atera dute Bertsozale Elkarteko bazkideentzat —finalerako ez beste saio guztietarako balio du—. Don Inorrez taldeak egin du txapelketako sintonia, eta Errotaren martxa izena jarri dio, Pello Errotari eta Mikaela Elizegiri erreferentzia eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.