ATZEKOZ AURRERA. Bego Aldalur eta Ines Garcia. Krii Kolektiboko kideak

«Garrasi egin nahi dugu, gure espazioa aldarrikatzeko»

Musika elektronikoan andreek espazioa izatea aldarrikatzen du Krii Kolektiboak, dantzalekuak haientzat ere askeak eta seguruak izan daitezen.

JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Bego Aldalur Frances Be-k (Donostia, 1989) eta Ines Garcia Eddie Mae-k (Zarautz, Gipuzkoa, 1986) sortu berri dute Krii Kolektiboa, «emakumeak eta musika elektronikoa biltzeko». Bi dira, baina irekiak dituzte ateak: horregatik da kolektiboa. Gaur, 00:30ean, Donostiako Piraten Flamenka gunean arituko dira, Les Alsborregach DJarekin.

Zer espero duzue gaurko saioaz?

INES GARCIA: Nahiko indartsua izatea espero dugu: 8x8 metroko pantaila bat egongo da; guk Super Bowl deitzen diogu. Sara Agirrek egindako irudiak proiektatuko ditugu, argiekin jolastu, eta andreen irudiari pisu handia emango diogu.

BEGO ALDALUR: Disfrutatzera goaz, eta ahalik eta jende gehienak parte hartu eta disfruta dezan nahi dugu.

Nola bizi duzue Aste Nagusia?

B. A.: Normalean kanpoan egoten naiz. Aste Nagusia, duela gutxi arte, su festa eta izozkia izan dira.

I. G.: Eta Sagueseko kontzertuak...Piratek Aste Nagusia bizitzeko modu alternatibo eta desberdin bat sortu dute. Rockak pisu handia du Euskal Herrian, baina uste dut estilo desberdinak konbina daitezkeela festan. Piratak musika elektronikoari ematen ari diren pisua oso garrantzitsua iruditzen zait.

Zergatik?

B. A.: Sistemaren aurkakoa da musika elektronikoa: ez da mainstream edo komertziala.

I. G.: Rol alternatiboa hartu dute piratek, Sagues mainstream-aren aurrean: eskaintza apurtzailea da.

Zer da Aste Nagusiaren onena, eta zer falta du?

I. G.: Donostia nahiko hiri geza izan da, eta giro polita izaten du Aste Nagusian. Parte Zaharra kanpotarrentzako parke tematiko bihurtu da, eta portuan sortzen den giro desberdin hori ondo dago.

B. A.: Musika programazio irekiagoa falta du. Hain ezagunak ez diren musika estiloei eta musikariei plaza emateko balio lezake Saguesek.

Sortuberri duzue Krii Kolektiboa; nolatan?

I. G.: Andreek eta musika elektronikoak bat egiten duten tokia da. Klub bat sortzea, festak antolatzea eta dantzalekuan gure segurtasuna lantzea dugu helburu, esaterako.

B. A.: Tailerrak eta hitzaldiak antolatu nahi ditugu musika elektronikoaren munduko emakumeekin, euren esperientziaz hitz egiteko eta haiekin ikasteko.

I. G.: Garrantzitsua da musika mota hau andreei gerturatzea. Krii hitzak garrasi egin esan nahi du esperantoz. Garrasi egin nahi dugu, andreok gure espazioa aldarrikatzeko, bai oholtzan, bai dantzalekuan.

B. A.: Musika elektronikoan, oraindik ere, gehiengoa gizonak dira. Oholtzan eta dantzalekuetan emakume gehiago sartuko balira, ahaldunduago sentituko ginateke. Aske izan nahi dugu dantzatzeko, festa batera gauez bakarrik joateko, eta jazarpenik ez pairatzeko. Dantzalekuan erdian egon nahi dugu, ez izkina batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.