ATZEKOZ AURRERA. Olatz Salvador. Musikaria

«Publikoarekin konektatzean, magia sortzen da»

Olatz Salvadorrek euskaldun askoren soinu bandak sortu ditu Skakeitan taldearekin. 'Zintzilik' diskoak, ordea, bakarkako bidea ireki dio. Atzerriko musika talde gehiagoren emanaldiak eskertuko lituzke Aste Nagusian.
JON URBE / FOKU

Naia Begiristain Etxezarreta -

2018ko abuztuak 17
Olatz Salvadorrek (Donostia, 1990) «haurra zenetik» sentitu du musika bere barruan. Egun, Skakeitan taldeko piano jotzailea da, eta, horretaz gain, lehenengo bakarkako lana atera berri du: Zintzilik. Donostiako Aste Nagusian kontzertu bat emango du gaur, bakarlari moduan, Anje Duhalderekin, piraten Flamenka gunean, 23:30ean.

Zer lotura dute Donostiako Aste Nagusiak eta musikak?

Aste Nagusia hertsiki lotuta dago musikarekin. Festetan une oro entzun daiteke musika, eta, egitarauari begira, askotan musika emanaldiek izaten dute pisu handiena. Jende gehien biltzen duten ekitaldiak ere musikarekin lotuta egoten dira.

Zer ekarpen egin dizkizu musikak, eta zer ekarpen Aste Nagusiak?

Musikak hainbat ekarpen egin dizkit bizitzako fase ezberdinetan. Gehienetan, nire sentimenduak arintzeko tresna izan da. Orain, ordea, lanbide bat ezagutzeko aukera ematen ari zait. Oro har, musikak une eta esperientzia zoriontsu asko oparitu dizkit. Aste Nagusiaren fokutik begiratuta, piratetako Musikalan taldean aritu nintzen urte askoan, eta asko ikasi nuen.

Zein da zuretzat Aste Nagusiaren soinu banda?

Skakeitanen Mundu berri baten mapa abestia izan da nire Aste Nagusiaren soinu banda urte askoan.

Nola bizi duzu Aste Nagusia?

Aste Nagusiak hiru fase izan ditu niretzat: piraten aurrekoa, piratetan nengoenekoa, eta oraingoa. Gazteagoa nintzenean, Aste Nagusiko egun guztiak larunbatak ziren: gauaren, parrandaren eta alkoholaren dinamikan oinarritzen zen festa. Ondo pasatzen nuen arren, jaiak beste modu batean bizitzeko beharra sortu zitzaidan. Garai haietan hasi nintzen piratetako Musikalan taldean, eta parrandak beste zentzu bat hartu zuen. Aurten, lehenengo aldiz, ez dut konpromiso handiegirik Aste Nagusian; horregatik, festaz gozatuko dut.

Nolako musika eskaintza nahi duzu Aste Nagusirako?

Atzerriko talde gehiagok kontzertuak ematea gustatuko litzaidake. Agian piratek ezin dituzte horrelako taldeak sartu egitarauan. Donostiako Udalak, aldiz, baditu hori betetzeko adina baliabide. Atzerriko taldeen kontzertuek musika eskaintza eta festa giro pluralagoak sortzen dituzte.

Donostiako alkatea bazina, zer aldaketa egingo zenizkioke Aste Nagusiari?

Eraso sexistarik gabeko Aste Nagusia lortzea izango litzateke nire helburu nagusia. Iruditzen zait erakundeetatik ez dela nahikoa lan egiten. Jai eremu seguruagoak sortzean dago gakoa, eta kontuan izan behar dugu musikak ere eragin handia duela erasoetan: abestiek gure dinamikak baldintzatzen dituzte.

Astelehenean Skakeitanekin jo zenuen. Bakarka ari zarenean, publikoak ematen dizu babesa?

Hori sentitzen dut. Niretzat oso garrantzitsua da publikoarekin dudan harremana. Publikoarekin konektatzean, magia sortzen da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna