Maputxea ez dadin hil

'Mai da Bai (eta Ezetzik ez dago)' dokumentala estreinatuko dute gaur Miarritzeko jaialdian
<em>Mai da Bai (eta Ezetzik ez dago)</em> dokumentaletik hartu irudietako bat. Danko Mariman eta haren semea ageri dira bertan.
Mai da Bai (eta Ezetzik ez dago) dokumentaletik hartu irudietako bat. Danko Mariman eta haren semea ageri dira bertan. ANNE BASKARAN EGIDO

Nora Arbelbide Lete -

2018ko irailak 26
Hogei urteko bizi esperantza ematen diote maputxeen mapudungun hizkuntzari. Gaur egungo haurrak heldu bihurtzerako, hila izan daiteke. Baina halabehar horren aurka ari denik ere bada. Larrialdi egoera horrek deus galtzekoa ez duenaren indarra ematen balu bezala. Mapazugulentuaiñ elkartea horren lekuko izan daiteke. Eta biziberritze prozesu horretaz ari da, justuki, Mai da Bai (eta Ezetzik ez dago) dokumentala. Gaur estreinatuko dute, Miarritzen (Lapurdi).

Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazio ikastetxeetako gradu amaierako lana dute dokumentala Imanol Eppherre, Eider Ballina Mondragon eta Ann Baskaranek. Garabidek Mapuzuguletuaiñ elkartearekin eraman elkarlana izan dute bertaratzeko zubia.

Wallmapun, maputxeen herrialdean hiru astez ezagutua iruditan hartu dute hiru gazteek. Kamera aitzinean, elkarrizketaz elkarrizketa, modu pausatuan, ezagutzera eman dute maputxeen errealitate hori. Pantaila batean emana. «Haien hitza delako garrantzitsuena», esplikatu du Imanol Ephherrek.

Hizkuntza nola galdu den azaltzen du dokumentalak. Beste hizkuntza anitzen min berak hemen ere. Zigorrak, ahalkea, kolonialismoaren ondorioak dira hor ere agertzen. Baina alde ezkorrari itzulia ematea ere bada dokumentalaren xedea. Mapudungunaren alde egiten ari den guztiaz jabetzekoa ere ematen du lanak. Gazteak dira hemen elkarrizketatu gehienak. Exotismoetatik urrun, izozteko moduko eztabaidetatik urrun. Denborarik ezin galdu. Mugimenduan. Ez baitute txikia helburua: «Beste pertsona batzuek guk izan ez dugun aukera izatea. Mapudungunez heztekoa», Elisabeth Nuñez Pürüm Llemay aldizkariko sortzaileak laburbildua.

Adibide bat emateko: aldizkarikoek terminologia bat sortu dute futbolari buruz maputxez bizitzeko: «Eta hori da, azken finean, edozeri buruz hitz egitea maputxez, beste edozein hizkuntzatan bezala. Etxaldeetan eta erritualetan entzuten da, baina hizkuntza bat ez da bakarrik hori. Hizkuntza bat bizitzeko da; edozein gauza egiteko», Eppherrek. Esparruak irekitzeko nola egiten duten erakusten du dokumentalak. Dela ikastaldietan, dela bideo erakargarrien bidez.

Ezohikoa

Azpimarragarria izan daiteke euskal izenburua duen film bat aurkitzea Miarritzeko Latinoamerikako kulturen jaialdian, ez baita ohikoa. Espainieraz eta frantsesaz gain, deus gutxi. Ondorioz, euskal izenburu batekin maputxeen hizkuntzaren aldeko borrokaren berri eman nahi duen dokumental bat aurkitzea deigarri gertatzen da. Mintzalasai egitasmoari lotua dute ekitaldia.

Baina ez da iraultza erabatekorik gertatu: jaialdiaren exijentzia, frantsesezko azpitituluak jartzeko. Elkarrizketak bereziki gazteleraz eta maputxez badira, euskal azpidatziekin pentsatua dutelarik egileek. Miarritzen, baina, frantsesez irakurriko dira. Lapurdi itsasaldeko egoeraren adierazle. Eta horra nola dokumentalean agertzen den Felipe Contreras Pürüm Llemay aldizkariko beste sortzailearen hitzak oihartzun berezia sortzen duten: «Instituzio publiko batera joaten banaiz eta mapudungunez hitz egiten badut, inork ez dit mapudungunez erantzungo. Baina ingelesez hitz egiten badut, edozein zerbitzu publikotan izango da pertsonaren bat ingelesez erantzungo didana. Beraz, ni lurralde honetan bigarren mailako herritarra bihurtzen naiz. Hori harreman koloniala da; ez gara eskubide subjektuak». Miraila bat. Baita maputxeentzat ere. Wallmapura ere eramatekoa dute filma. Maputxeek berenganatu eta hedapenerako tresna bat gehiago ukan dezaten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna