Zentro bat musika ikerketari

Baionan da ARI institutua eta lau ikerlarik osatzen dute lantaldea. Nazioarteko hedadura du
Ikerlariak lanean. Musika, Emozioak eta Gizarteak Ikertzeko Euskal Antropologia Institutuko bilkura gelan,atzo; ezkerrean Denis Laborde zuzendaria.
Ikerlariak lanean. Musika, Emozioak eta Gizarteak Ikertzeko Euskal Antropologia Institutuko bilkura gelan,atzo; ezkerrean Denis Laborde zuzendaria. N.A.LETE

Nora Arbelbide Lete -

2018ko urriak 10
Horra espazio eroso bat, tindu usainarekin oraindik. Bost bulego eder, lan egiteko lasai. Eta ondoan bilkura gela zabal bat. Bertan dozena bat ikerlari beren azken ikerketa lanei buruz solasean, lanean. Non eta Baionako Artearen Hirian. Horra ARI, Basque Anthropological Research Institute on Music, Emotion and Human Societies (Musika, Emozioak eta Gizarteak Ikertzeko Euskal Antropologia Institutua). Bada bulta bat hasiak direla lanean, baina atzo zuten estreinatu ofizialki lekua, plaka eta guzti.

Musika galdekatzea da zentroaren helburua, institutuko buru Denis Laborde ikerlariak azaldurik. «Musika galdekatu, zientzia sozialen ikuspegitik. Estiloak eta musika motak baino haratago. Interesatzen zaigu jende batzuek musika egiten dutela. Edozein musikaz gara interesatzen, edozein lekutakoa, edozein garaitakoa».

Hiru ikerlari ditu institutuak berak enplegatzen, eta aurki lau izanen dira. Parisko Georg Simmel laborategiaren adar bat da. CNRS (Frantziako ikerketa zientifikoen zentroa) eta EHESS (zientzia sozialen goi mailako ikasketen eskola) daude oinarrian. Hortik at: «Ikerketak nazioarte mailan funtzionatzen du, proiektuka, eskaintza deialdika, Europa mailan edo orokorkiago», Labordek. Chicago, Londres eta Bartzelonarekin ari dira lanean, baita Bogotarekin ere. Bogotaren kasuan, adibidez, hiriak nola egiten duen musikaren barruan dute ikergaia. «Iraneko maqam izeneko musikaz eta samba recifeaz trukatzeko aukera ere eskainiko dugu. Horrelako esperientziak plantan jartzen saiatuko gara». Azken finean, bi ildo nagusi ditu zentroak. Batetik, nazioarte mailako programa horiek eta, gero, pertsonen arteko harremanak. «Harremanak direino, gero, administrazioen arteko akordioak lor daitezke», azaldu du Labordek. Eta alde horrek ikerketak Euskal Herrian sustraitzeko parada eman lezake.

Adibide konkretu bat emateko, atzoko estreinara etorri Aitzpea Leizaola izan daiteke. Euskal Herriko Unibertsitatean antropologiako irakaslea da Leizaola. Aspalditik ezagutzen dute elkar Labordek eta biek, eta jadanik ari dira elkarrekin Euskal Etnopoloan. Eta institutu berri honekin ere elkarrekin aritzeko bideak atzeman daitezkeela pentsatzen dute biek. Jadanik gertatu izan dela ere azpimarratu du Leizaolak. Miren Artetxe ikerlaria tesia egiten ari da EHUn, gazteak, bertsoa, transmisioa eta nortasuna lotuz. Bada, hiru hilabete pasatu ditu Baionako ikerketa zentroan.

Labordek gaineratu du lan bat eramatekoa dutela ere Baionako erietxe publikoarekin. Musika nola integratzen duten artatze protokoloen barruan. Beste gai bat dute iheslariena. «Musika nola izan daitekeen harrera egiteko tresna, trukatze tresna». Baigorrin duela hiru urte antolatu behin-behineko atseden zentroan izan esperientzia abiapuntu lan bat argitaratzekotan da, hain zuzen, Laborde.

Horiek guztiak erranik, ez da kasualitatea zentroak Arteen Hirian izatea bulegoak. Izan ere, gunea Euskal Elkargoak du kudeatzen orain, eta bertan daude ere elkargoak kudeatzen dituen arte eskola eta kontserbatorioa, baita orkestra ere, berriki Ipar Euskal Herriko mailakoak bilakatuak. Euskal Elkargoak gune horren garatzeko gogoa erakutsia du. Institutuari bulegoak urririk uzteaz gain, 61.500 euro emanen dizkio. Horrekin du laugarren ikerlariaren lanpostua ordaintzekoa.

Ez da kasualitatea ere Baionan izatea. Laborde ikerlaria baionesa da sortzez. Paristik aritu da luzaz, baina aspalditik badu Euskal Herrira sartzeko gogoa. Bertsolaritza ikertu izan du. Artetik errateko, zentroan lan egiteko euskara ikastea jarri duela baldintza bezala nabarmendu du Labordek. Ez baitaki euskaraz, baldintza horrek balio ote duen galderari irri trabatu batekin erantzun dio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna