ATZEKOZ AURRERA. Gemma Orobengoa. Argazkilaria

«Argazkiekin sentimenduak sortzea dugu helburu»

Orobengoari egutegi bat egiteko proposatu zion NikSquash taldeak. Kirolaren munduan emakumeak ikusgai egitea du helburu, argazkilaritza eta 'body painting' teknika erabiliz.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Emakumea, kirola eta artea uztartu ditu Gemma Orobengoa argazkilariak (Arrasate, Gipuzkoa, 1985)Gasteizko ARTgia Sorgune aretoan,Sandra Estarronarekin batera jarritako erakusketan. Egutegi bat osatzeko proposatu zion NikSquash taldeak, eta helburua da kirol munduan ikusgai egitea emakumeen presentzia. Proiektuaren prozesu osoa ere ikusgai egongo da otsailaren 4ra arte.

Emakumea eta kirola uztartuta, zein da erakusketaren helburua?

Proiektuaren helburua zeresana ematea da, emakumeen ikusgaitasun falta kirolaren munduan. Desberdintasuna oinarri hartu, eta berdintasunaren aldeko aldarria da. Argazki guztiek dute sentimendu bat irudikatua, baina ez ditugu adierazi izan nahi. Argazkiekin sentimenduak sortzea dugu helburu.

Sandra Estarronarekin elkarlanean gauzatu duzu proiektua.

Aurretik ere egin dugu lan elkarrekin; berak body painting egiten du. Tandem ona osatzen dugu. Hark harremana du Gasteizko NikSquash taldearekin, eta hari esker jarri ziren hango kideak nirekin harremanetan. Bagara eta bagaude proiektuaren barnean, egutegi bat egin nahi zuten. Argazkietan agertzen diren emakumeak ere squash taldeko kideak dira, nahiz eta hainbat kirol egiten ageri diren.

Hala ere, familia argazkilaria zara.

Haurdunaldiko, jaioberrien eta familien argazkiak ateratzen ditut. Bezeroak nahi duen tokira joaten naiz, haurrari lasaitasuna emateko. Xehetasun argazkiez gain, umea eta gurasoak agertzen diren argazkiak ere ateratzen ditut. Saiatzen naiz haien arteko harremana islatzen. Halere, zeresana eman eta emakumea ikusgai egiten duten proiektuetan lan egiten jarraitzeko gogoa ere badut.

Nondik datorkizu argazkilaritzarako afizioa?

Kutsu artistikoa duten arlo zenbait probatu ditudan arren, argazkilaritza betidanik izan dut gustuko. Afizioa izan da. Argazkilaritzari esker, atzera buelta egiteko aukera duzu. Lehen jaunartzea egitean oparitu zidaten lehen argazki kamera.

Ordutik, beraz, alboan izan duzun laguna da argazki kamera?

Bai. Ama izan nintzen lehen aldian, adibidez, ez nuen identifikatzen argazkiak ateratzeko premiarik. Halere, konturatu nintzen umea egun batetik bestera asko handitzen zelaeta lehen uneak ahaztu egiten direla. Kamera hartu nuen, momentu horiek ez ahazteko beharra bainuen. Ana Cruz eta David Rieri argazkilariekin ere ikasi nuen, eta, momentuak islatzen hasi nintzen. Azkenean, afizioa lan bihurtu zen.

Argazkietako bakoitzak mezu bat al dakar berarekin?

Proiektuan squash taldeko emakumeen sentimenduak sartu ditugu, haietako bakoitzaren idatzietatik abiatuta. Sentipenak idazteko esan genien: azaltzeko kirolaren munduan nola sartu ziren. Hortik sentimendu orokorrak atera genituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.