ATZEKOZ AURRERA. Hebe Tabachnik. Zinema jaialdietako programatzailea

«Film argitaratu gabeekin zer egin pentsatu behar da»

Tabachnikek gustuko du istorioak kontatzea, eta iruditzen zaio zinema dela horretarako baliabiderik egokiena. Jaialdien indarra azpimarratu du.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Leioa
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
«Etorkizunean zinemagileak izan nahi baduzue, orain duzue etengabe pelikulak ikusteko garaia». Hala aholkatu zien Hebe Tabachnik zinema jaialdietako programatzaile eta ekoizle argentinarrak Bilboko Zinegoak jaialdiaren barruan eskainitako hitzaldira joan zirenei.

Nolakoa da zinema programatzaile baten lana?

Alienatzailea eta ahulgarria, gehienbat. Baina baditu une atsegingarriak ere. Egokitutako filmen araberakoak izaten dira egunak, baina beti dugu leiho bat mundura irekita.

Zertan oinarritzen zarete aukeraketa egiteko?

Denbora mugatua izaten dugu ehunka film ikusteko; galbahetik lur asko pasatu behar izaten da ale egokiak aukeratzeko. Pertsonaiekin edota estiloarekin konektatzen dugu.

Jaialdi bakoitzeko laurehun lan ere ikusi izan dituzu. Ez al da izugarrikeria bat?

Orain ez ditut filmak duela hogei urteko zehaztasunarekin ikusten; lehen, zalantza gehiago izaten nituen. Urteen poderioz, pertzepzioa entrenatzen da, baina baliteke pertzepzio hori ez izatea fidagarria beste guztiontzat.

2017an, Iberoamerikan, bederatzirehun film ekoiztu zituzten, baina horietatik %2 soilik argitaratu zituzten. Arazo bat du zinemaren munduak?

Gainsaturazioa dago, eta pelikula asko ari dira sortzen, inoiz baino gehiago. Film argitaratu gabeekin zer egin pentsatu behar da. Eta ez da zinema industriaren lana soilik, guztion lana da. Hausnartzea eta estrategiak pentsatzea da gakoa.

Zertan desberdintzen da zinema beste arteetatik?

Konplexutasunean. Bi ispilu bata bestearen aurrean jartzea bezala da; aukerak handitzen ditu. Zine dantzak, adibidez, aukera zinematografikoak gurutzatzen ditu koreografia eta mugimenduen bidez.

Berriki, dantzari loturiko dokumental bat estreinatu dute Euskal Herrian.

Laguna dut Telmo Esnal zinema zuzendaria. Leherketa bat bezalakoa da filma, bikaina. Kamera geldoaren teknikak eskaintzen dituen aukerak eta koreografia uztartzen ditu.

Zer da zuretzat zinema jaialdi bat?

Hamaika istorio kontatzen diren festa bat. Sortzaileek eta ikusleek hausnartzeko espazioa eta gustu berak dituztenentzako elkargunea.

Zure ustez, film batean, pertsonaiak eta atrezzoa bezain garrantzitsua da istorioa.

Zineman, erabaki asko hartu behar dira, eta erabaki horiek eragin zuzena dute istorioan. Arte adierazkor bat da zinema, gehien betetzen dutenetariko bat. Aditu askoren arabera, zinema arte guztien batura da.

Eta zuri zer istorio kontatzea gustatuko litzaizuke?

Iruditzen zait lanerako aukeratzen ditudan istorioekin nahigabe nire istorio propioa kontatzen ari naizela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.