ATZEKOZ AURRERA. Jesus Etxeberria. Musikagilea

«Neurea den zerbait eskaintzen saiatzen naiz»

Entzuleak harritzea maite du Etxeberriak, eta horretan saiatuko da gaur Iruñean aurkeztuko duten obrarekin. «Estreinatzea beti garrantzitsua da, aukera gutxi baititugu gure lana aurkezteko».

Iker Tubia.
Iruñea
2019ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Errioxako Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria da, baina orain gutxi arte zuzendari elkartu aritu da Nafarroakoan. Musikagilea ere bada Jesus Etxeberria (Erriberri, Nafarroa, 1963), eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoarendako idatzitako perkusiorako eta orkestrarako kontzertua estreinakoz eskainiko dute gaur Iruñeko Baluarten, 20:00etan.

Zer da zuretzat obra hau Iruñean estreinatzea?

Edozein obra edozein tokitan estreinatzea beti garrantzitsua da musikagile batentzat, aukera gutxi baitaude gure lana aurkezteko. Orkestrak nire alde egin izana adierazgarria da, ez baita normalena; oso kontent naiz nire herrialdean aurkezteaz, gure orkestrarekin.

Perkusio solista eta orkestrarako kontzertua egitea eskatu zizuten?

Bai, obra ez nuen nik aukeratu. Beraz, perkusioari buruz informatu eta ikasi behar izan dut, ez bainuen ezagutzen obra bat egiteko moduan. Urte eta erdiko edo bi urteko lana izan da, baina oso atsegina.

Zer bilatu ohi duzu obra bat sortzen hasi behar duzularik?

Ez dut bilatzen obra zehatz batentzako zerbait; orokorra da. Beti bilatzen dut entzuleei zerbait berria eskaintzea, ezagutzen ez duten zerbait. Ez dut eskaintzen dagoeneko ezaguna dena, aditzera ohituta gaudena, edo ez dut aurretik ziren beste musikagile batzuekin alderatu nahi. Neurea den zerbait eskaintzen saiatzen naiz, pertsonala eta bakarra. Entzuleak entretenitzea gustatzen zait, harrituko dituen gauza berriak eskaintzea, eta, gainera, esperientzia musikal ezberdin bat izatea.

Solista perkusio jotzailea izateak bide ematen du zerbait berria eskaintzeko?

Bai, perkusioa izatea bera ezberdina da. Perkusioa izanen da, kontrabaxuarekin batera, kontzertu gutxien duen musika tresna, seguruenik. Nahiz eta badauden. Adibidez, nik horrelakorik ez dut aditu Iruñean, baina, horrez gainera, musika lengoaia ezberdina behar du izan. Horretan saiatu naiz, bederen.

Erronka handia izan da?

Bai, ordu erdiko obra baita, eta denbora luze eman dut sortzen; gainera, perkusiorako, mundu guziarentzat nahiko ezezaguna izanik.

Berriz ere lan eginen duzu Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin. Gogoz hartu duzu?

Hiru urtez egon naiz zuzendari elkartu gisan, eta kontzertu asko zuzendu dizkiet. 1988an egin nuen haiekin lehenbizikoa; beraz, ohituta nago haiekin lan egitera. Konposizioari dagokionez, nire hiru obra jo dituzte jada. Beraz, haiekin dudan hartu-emanaren parte da hau.

Zure musika ondarea Nafarroako Artxiboari utzi diozu. Baina oraindik ari zara lanean. Nolatan?

Joaquin Llanso artxibozainaren proposamena izan zen. Nafarroako obra artistiko guzia toki berean biltzen ari da. Uste dut asmatu duela. Izan ere, hildako artista askoren ondarea familiakoen esku geratzen da, eta galdu egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.