ATZEKOZ AURRERA. Alessandro Stella. Antropologia ikerketen zuzendaria CNRSen

«Ezkerreko militanteek ahaztua zuten klase borroka»

Stella langileen mugimenduetan aritua da, eta langileria berriz batu eta boteredunen aurka altxatzea amesten du: horregatik da Jaka Horien kide.

Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Hainbat borrokatan parte hartua da Alessandro Stella (Italia, 1956). Egun, antropologia ikerketak zuzentzen ditu CNRS Ikerketa Zientifikorako Frantziako Zentroan. Jaka Horien mugimenduaz hitz egingo du gaur, Donostiako Kaxildan, Julien Coupat eta Jean-Marc Rouillanekin batera, 17:30etik aurrera.

Jaka Horiek ingurumenarekin batere begirunerik ez dutela zabaldu zen hasieran, baina aldatu egin da pertzepzioa. Nor dira?

Langileak dira. Lehenengo deialdia erregaien igoeragatik izan zen: gobernuak esan zuen trantsizio ekologikoa egiteko pauso bat zela, baina jendea segituan konturatu zen gezur hutsa zela. Erregaien zergen %10 soilik doa trantsizio ekologikoa sustatzera, eta gainerakoa estatuaren kutxetara doa. Ekologiaren aurka aritzea leporatu zietenean, are gehiago haserretu ziren.

Zerk batu ditu?

Soldata ziztrinen truke lan egitea onartzen ez duten langileak dira: ez dute bizimodua ateratzeko lain irabazten. Haien aurkako gerra mediatikoak ezin izan du haiekin: iritzi publikoa Jaka Horien aldekoa da.

Zer egin du gobernuak?

Egurra banatu eta jendea lokartzen saiatu: eztabaida publiko bat egin zuten, iruzur hutsa hori ere, Jaka Horiek ez baitzuten parte hartu. Hasieratik saiatu zen protestak isiltzen, haien izena zikintzen homofoboak eta arrazistak zirela esanez.

Protestak Parisen erdigunean egiteak nola eragin du?

Erabat, eta oso modu inteligentean pentsatuta egin dute. Jaka Horiek ez dute baimenik eskatzen manifestazioak egiteko, eta boterea dagoen lekuetara joan dira, Eliseora eta Eliseoko Zelaietara, besteak beste. Denak zur eta lur gelditu ziren: ez zuten inondik inora espero langileek auzo aberatsetara jotzea.

Klase borroka erdigunean jarri dute, beraz?

Hori da Jaka Horiek egiten duten gauzarik onena, ezkerreko militanteek ahaztua baitzuten klase borroka. Ezkertiarrok hainbat borrokatan inplikatu gara, eta ondo dago, baina ezin dugu klase borroka ahaztu. Gehiegi teorizatu gabe, horretan ari dira Jaka Horiak. Itzela da, baina ez dakit zergatik ez den Espainiara, Italiara edo Alemaniara zabaldu, errealitate soziala Frantziako berbera baita han.

Langileen mugimenduaren lorpenak galtzen ari dira?

Guztiz, eta horren aurka egin behar dugu. Patronalak hartutako neurrien ondorioak hain larriak izan ez daitezen saiatzen dira sindikatuak; hori besterik ez dute egiten gaur egun. Defentsa borroka egiten ari dira: gaur, pixka bat galduko dugu; bihar, pixka bat gehiago, eta, azkenean, dena galduko dugu.

Hainbat borroka egon dira Frantzian azken urteetan; Jaka Horiek lortu dute haiek lortu ez dutenik?

Gauza handirik ez, baina lortu dituzte garaipen batzuk: elkar ezagutzen ez zuen jendea elkarrekin aritzea eta burumakur zeudenak Jaka Hori izateaz harro egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.