ATZEKOZ AURRERA. Moncho Garcia. Musikaria

«Folk musikak herri izaera eta sentimendua berreskuratu ditu»

Milladoiro taldea Galiziako musikan zegoen hutsune bat betetzeko sortu zutela esan du Garcia taldeko partaideak. 40 urte geroago, folkaren egoera goraipatu, eta taldearekin jarraitzeko gogotsu azaldu da.

Milladoiro taldeko kideak, eskuinean, Moncho Garcia. MILLADOIRO.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2019ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Gasteizen emango du kontzertua Milladoiro taldeak bihar, Mendizorrotzan. Hain zuzen ere, bertako kidea da Moncho Garcia (Catoira, Galizia, 1952). Ibilbide luzeko taldea da Galiziakoa: aurten 40 urte beteko dira lehen diskoa kaleratu zutenetik. Aitzina Folk jaialdi solidarioan parte hartuko du taldeak, Kalakan-ekin batera.

Zeri zor dio izena taldeak?

Milladoiro-ak Donejakue bideko santutegietatik gertu egoten diren harri tontortxoak dira, erromesek bertatik pasatzerakoan harritxoak uztearen ondorioz sortzen direnak. Taldeari izena jarri genionean, Donejakue bideak gure kulturari egindako ekarpena goraipatzea pentsatu genuen. Izan ere, mendeetan jende asko etorri da gure herrira, eta gure kulturak asko edan du beste kulturetatik.

Zuen ibilbide luzea dela eta, Galiziako musikaren eta kulturaren enbaxadore gisa izendatu zaituzte. Hala zaretela uste duzu?

Herrialde askotan egon gara 40 urteotan, eta gure izena ezaguna egin da folk musikaren munduan. Guretzat ohorea da gure herriko musika edonora eramatea, eta, batez ere, gure musikak beste herri batzuetako jendea hunki dezakeela ikustea.

Galiziako musikaren aldarrikapena egiten duzue.

Banda sortu genuen zazpi kideok aurretik beste talde bat osatzen genuen. Milladoiro behar batetik sortu genuen: hutsune bat zegoen gure estiloan, eta guk musika tradizionalaren aldeko apustua egin genuen. Herri izaera eta sentimendua berreskuratu ditu folk musikak.

Talde instrumentala zarete. Ez al da apustu arriskutsua?

Egia esateko, taldea sortu genuenean argi genuen ez genuela ahotsik sartu nahi; beste arrazoi batzuen artean, taldekideok gaitasunik ez genuelako. Lehentasuna gure soinu alaietan jarri genuen. Horrek ate asko zabaldu dizkigu nazioartean, eta galizieraz kantatuko bagenu, agian, ez litzateke hala izango.

Zein da Galiziako musikaren egoera?

Zoragarria dela esango nuke. Artista asko eta estilo askotarikoak daude gaur egun. Folk musikan ere, bada belaunaldien arteko erreleboa, eta pozik gaude horrekin.

Zer iritzi duzu euskal musikaz?

Gu sarritan izan gara Euskal Herrian jotzen, eta bertako musikaz gozatzeko aukera izan dugu. Harreman berezia izan dugu Oskorri taldearekin betidanik. Maila handiko taldea da, eta estilo aldetik ere nahiko antzekoak garela esan dezakegu.

Biharko kontzertuak zer esanahi du zuentzat?

Euskal Herrian jotzea beti da plazera. Gainera, Antzina Folk jaialdiaren gisako batean, are gehiago, bai elkartasunagatik, baina baita musika tradizionalari ematen dion espazio eta bultzadagatik ere.

Erretiratzeko asmorik ba al duzue?

Ez. Oraingoz, denbora luzez izango gara Milladoirorekin jotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.