Mozorrotutako zomorroak

Estibaliz Agirre artistak gizakiaren eta naturaren arteko harremana aztertu du bere lanetan

Estibaliz Agirre, ARTgia aretoan aurkeztu duen Zomorro-mozorro erakusketan. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Paperez egindako kolore biziko maskarak dira erakusketako protagonistak. Horien atzean ezkutatzen dira pertsonak; zuri-beltzean. Irudien bidezko metafora bat aurkeztu nahi izan du Estibaliz Agirre artistak Gasteizko ARTgia aretoan aurkeztu duen erakusketan. Zomorro-mozorro izenburupean, gizakiak naturarekin daukan harremana azaleratu nahi izan du artista gasteiztarrak. Emakume sortzaileen ahalduntzea eta haien ekoizpena ikusaraztea helburu duen EmART programaren fruitua da erakusketa. Izan ere, programa horrek aukeratutako bi artistetako bat da Agirre.

Proiektua udaberrian aurkeztekoak ziren, baina COVID-19ak irekiera atzeratzera derrigortu zituen antolatzaileak. Hasierako erakusketa hura azken emaitzaz oso bestelakoa da, halere. Proiektua «mundua aldatu baino lehen» jaio zela adierazi du Agirrek. Orduz geroztik, baina, mundua aldatu den modu berean aldatu da obra. Naturaren inguruan hausnartzeko helburua zeukan proiektuak hasiera batean. «Argi» pentsatzeko eta «gehiegizkoa» den gizartetik «aldentzeko» gune bat zen egilearentzat.

Horrela hasi zen naturako animaliak ikertzen, bizirik irauteko ahalmen bereziak zituztenetan arreta berezia jarriz, haiengandik ikasteko asmotan: «Naturarekin kontaktu bat sortu nahi izan nuen horrela, naturarengandik jakintza hori nolabait xurgatu». Eta animalia horiek oinarri hartuta sortu zituen proiektuaren euskarri izango ziren maskarak.

Hala ere, erakusketa bertan behera geratzearekin batera, itxialdiak erabat aldatu zion proiektuari buruzko ikuspegia Agirreri. «Maskara hauekin ez zen naturarekin inolako zubirik eraiki. Paperezko mozorro hutsak ziren, arrakastarik gabeko saiakerak baino ez, ezkutatzeko balio zuten harresiak, sare sozialetarako argazki perfektu hori ateratzen dugunean erabiltzen ditugunak bezala».

Era berean, itxialdiaren ondoren gizakiak naturarekiko garatu duen harremanaren inguruan hausnartu nahi izan du Agirrek, eta bere obra harreman hori birpentsatzeko tresna bilakatu da azkenean: «Konfinamendu luze baten ostean, bakea eta natura hobesten ditugu, baina azkeneko selfie horri ezin izaten diogu ezetz esan».

Gizartearen isla

Esperientzia pertsonalak zerikusi handia izan du obrari buruzko pertzepzioa aldatzerako orduan. «Kalera ateratzea niretzat itogarria izan da. Lehen inor egoten ez zen naturako lekuak jendez gainezka zeuden». Hala ere, azaldu du ez duela hori inori «errieta» egiteko asmoarekin esaten, baizik eta «hipokrisiaren gaineko hausnarketa bat» egiteko.

Gogoeta horiek izan zituen obraren bigarren zatiari ekiteko oinarri: maskarak bere inguruko lagunei eta familiartekoei janzteko eskatu, eta argazkiak atera zizkien haiek soinean zituztela, natura irudikatzen zuten paperezko «maskara faltsuen» eta egungo gizartearen arteko loturak azaleratzeko asmoz. Harreman hori islatzen saiatu da lanaren izenburuan ere. «Ez dugu ezer ikasi, eta aire freskoa arnasten dugula pentsatu arren, itzelezko armiarma sare baten barruan jarraitzen dugu, zomorroen antzera».

Argazkien azpian jarri dituen afixekin osatu du lana Agirrek. Bertan, animalia bakoitzaren ezaugarriak azaltzen dituzte testuek, eta askotan gizakion ezaugarriekin bat egin dezaketela iradokitzen dute. Garrantzi berezia zeukaten proiektuaren hasieran, eta animalia bakoitza aukeratzeko arrazoiak ere ageri dira idatzi horietan. «Proiektuaren lehenengo zatian oso garrantzitsuak ziren ezaugarri horiek, eta agian azken emaitzan garrantzia galtzen dute, baina beharrezkoa ikusi dut prozesua azaltzea».

Azaroaren 8ra arte izango da egindako lanaren emaitza behatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.