ATZEKOZ AURRERA. Unai Ruiz Galartza. Margolaria

«Sormena erabat mozten dute eskola formalean»

Leitzako plazan egindako muralak ikusgaitasuna eman dio Ruiz Galartzari. Herrian duen lantegian eskolak ere ematen ditu, talde txikitan. Araututako heziketatik aldenduta «libreago» sentitzen da.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Leitza
2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Leitzako Euskal Herria plazako (Nafarroa) frontoiaren atzealdea garden bihurtu du Unai Ruiz Galartzak (Logroño, Espainia, 1983), begia engainatzen duen mural batekin.

Zergatik erabaki zenuen begia engainatzen duen irudi bat egitea?

Udalak galdetuta, bi aukera proposatu nizkien. Bat, ingurutxoa. Kontua da muralak hobeki ikusten direla urrundik, eta kale estu bat da; ezin da parez pare ikusi. Paretari begira ari nintzela bururatu zitzaidan hori. Argazki bat egin, eta horren gainean marraztu nuen.

Zer teknika erabili duzu?

Perspektiba axonometrikoa. Baina nik gutxi gorabehera egin dut.

Zer harrera egin diote herritarrek?

Hagitz ona. Hasieran, adarra jotzen zidaten: zeruaren lehendabiziko geruza urdina zen, gero geruza gehiago eman behar nizkion, eta esaten zidaten: «Zer optimista». Lainoak sartzeko asmoa nuen, baina ez nuen oso iluna egin nahi. Jendeak dio zoko iluna zela, eta orain behinik behin baduela argitasuna.

Ez da edozein leku, gainera.

Erronka hagitz handia izan da, tokia hagitz polita delako. Ez da gauza bera bloke batean margotzea. Ez nuen puskatu nahi inguru hori.

Paretetan margotzeko, ez duzu erabiltzen esprairik. Zergatik?

Espraia azkarragoa da margotzean, baina ohituta nago margo akrilikoa erabiltzen: hori gustatzen zait. Errazagoa egiten zait, merkeagoa da, baita ekologikoagoa ere.

Hormetan ez ezik, txokolatean ere margotzen duzu, Txokosferan. Nola egiten duzu hori?

Teknika berezia da: kakao gurin koloreztatuarekin margotzen dut. Solidoa da; beraz, marian berotu behar da, eta pintzelarekin azkar ibili, bestela idortu egiten zaizulako. Denbora guzian, lehorgailuarekin ibili behar duzu. Argizariarekin pintatzeko teknika bezalakoa da.

Edozein tokitan margotzen duzu?

Jendeak zer eskatzen didan; haiek ematen dizkidate ideiak: ile apaindegi baten orrazian; aizkoran, esne marmita batean; Jokai konpainiaren egurrezko jolasetan; torturaren aurkako mural bat Lesakan...

Lantegian eskolak ematen dituzu, talde txikitan, eskolan ez bezala.

Pixka bat haserre nago eskola formalarekin. Irakasle egon nintzen zenbait institututan, eta berdin segitzen dute. DBHko plastikan, marrazketa teknikoa bakarrik egiten da; sormena erabat mozten dute.

Hori sumatzen diezu lantegian?

Bai, hagitz uzkur daude, borragomari adi. Erraten diet: moztu lasai, urratu papera, egin proba, zikindu... «Hori egin» esaten badizute, gehienez ere hori egiten ikasiko duzu, eta nazkatzeko aukerak ere gehiago izanen dira.

Arautu gabeko heziketak emaitza hobeak ematen dizkizu?

Bai, bai. Askoz ere libreago naiz, eta harremana ezberdina da haurrekin, sanoagoa. Parekoago zaude, haiengandik ikasten duzu, eta partekatzen duzu: ez zaude soilik haien lana eta jarrera ebaluatzeko, elkarrekin eta goxo egoteko baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.