ATZEKOZ AURRERA. Adelma Cifuentes eta Mayra Salvador. Las Poderosas taldeko antzezleak

«Antzerkian, beldurrik gabe salatzen dugu»

Jasandako indarkeria oholtza gainera eraman dute Las Poderosas taldeko andreek. Antzerkiak osatzen lagundu die. Tolosan izango dira gaur.

Ezkerretik hasita, Salvador eta Cifuentes. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Indarkeria matxista jasandako emakumeek osatzen dute Guatemalako Las Poderosas taldea. Euren bizipenetan oinarritzen dituzte antzezlanak, istoriook beste andreei lagundu diezaieten. Euskal Herrian egongo dira egunotan: Las poderosas antzeztuko dute gaur, Tolosako (Gipuzkoa) Topicen, 18:00etan; eta In La K'ech bihar, Arteagako (Bizkaia) Basoan, 18:30ean. 2008an, taldearen sorreran parte hartu zuen Adelma Cifuentesek (Contreras, Guatemala, 1972), eta 2016an lotu zitzaien Mayra Salvador (Chichicastenango, Guatemala, 1996).

Diozuenez, biktimak zineten lehen, eta, antzerkiari esker, bizirik atera diren emakumeak zarete orain. Nola gertatu da aldaketa?

ADELMA CIFUENTES: Antzerkiakosatzen lagundu dit, eta neure burua onartzen. Indarkeria matxistaren ondorioz, besoa galdu nuen; ez nuen bizi nahi. Antzerkiak indarkeriatik ateratzen lagundu zidan.

MAYRA SALVADOR: Aurrera egin daitekeela irakatsi digu, eta isilik ez geratzen; antzerkian, hitz egin dezakegu. Pentsamoldea aldatzen lagundu zidan, baita nire senideei ere. Bizitza osoan, lan eta lan besterik ez dut egin; ez dut denborarik izan irteteko, ezagutzeko, disfrutatzeko... Garrantzitsua da istorio horien berri izatea, besteei ez gertatzeko.

Zuen testigantza zalantzan jarriko ez den eremu bat ere bada antzerkia, ezta?

CIFUENTES: Segurtasuna ematen digu.

SALVADOR: Antzerkian, beldurrik gabe salatzen dugu. Modu askean adieraz ditzakegu gauzak.

Antzezlanen bukaeran, elkarrizketa bat izaten duzue ikusleekin. Baduzue testigantzarik bereziki gogoan?

CIFUENTES: Venezuelan, parke batean aurkeztu genuen antzezlanetako bat. Aurretik joaten gara, lekua ikusteko, entseatzeko... Emakume bat zebilen inguruan: harekin hitz egin genuen, eta zer egiten genuen kontatu genion. Arratsalde osoa geratu zen obraren zain. Bukatzean, negar betean, eskerrak eman zizkigun, gu entzuteak —eta, batez ere, nire bizipenak— bizitza aldatu baitzion: egun horretan bere buruaz beste egitera zihoan.

Ikusle gehienak emakumeak dira?

CIFUENTES: Ia bakarrik emakumeak eta gazteak. Gizonak, gutxi.

Eta gizonek nola erantzuten dute?

SALVADOR: Batzuek hausnartu egiten dute. Behin, gizon batek esan zigun bere amari gertatu zitzaiola, eta berak egoera aldatu nahi zuela, emazteari eta alabei ez gertatzeko.

CIFUENTES: Hasieran, guk bizitako indarkerian oinarritutako eszena txiki batzuk egin genituen dokumental baterako. Gizon bat negarrez hasi zen, konturatu baitzen indarkeria hori bera erabiltzen ari zela emaztearekin eta seme-alabekin; esan zigun ez zuela berriro egingo. Eszena horiek izandako efektuaren ondorioz sortu genuen Las poderosas antzezlana, lehena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.