Eneka Fernandez eta Raisa Alava Wroclawra joango dira arte egonaldia egitera

Autoedizioaren inguruko proiektu bana garatuko dute Poloniako hirian; Fernandezek mapaketa bat egingo du, eta tailer bat emango du Alavak

Imanol Otaegi, Eneka Fernandez, Raisa Alava eta Irene Larraza, atzo, Donostiako Tabakaleran. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Bi euskal sortzailek egonaldi artistikoa egingo dute datozen egunetan Poloniako Wroclaw hirian, AIR Wro programaren barruan. Autoedizioa dute gai nagusi aurtengo egonaldiek, eta hori dela-eta aukeratu dituzte Eneka Fernandez eta Raisa Alava sortzaileak, esparru horretan baitute biek eskarmentua. Nork bere proiektua garatuko du Wroclawn, ekainaren 3an hasita; Fernandezek sei aste igaroko ditu, eta Alavak hogei eguneko egonaldia egingo du. Beren proiektuak azaltzeko, bi artistek agerraldi bat egin zuten atzo, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazaren eta Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Imanol Otaegiren laguntzaz, Donostian.

Artearen Historian lizentziatua da Eneka Fernandez (Pasaia, Gipuzkoa, 1977), eta urteak daramatza autoedizioaren esparruan lanean; besteak beste, Fanzinant plataforma sortu zuen. Bi fase izango ditu egonaldian garatu nahi duen proiektuak, atzo azaldu zuenez. Batetik, Wroclaw hiriko autoedizioaren eszenaren erregistro edo mapaketa bat egingo du. Hala, hirian autoedizioari lotutako eragileak identifikatuko ditu —sortzaileak, argitaletxeak, inprentak, liburu dendak, elkarteak...—, eta mapa fisiko eta digital batean kokatuko ditu. Bestetik, eragile horien arteko topaketak antolatu asmo ditu, «autoedizioen klinika» deitu zuen jardueraren bitartez; helburua da sortze prozesuan izaten dituzten zalantzen eta kezken berri ematea elkarri, eta irtenbideak elkarren artean bilatzea. Proiektuarekin eragile horiek elkarren berri izatea eta beren lana indartzea du xede.

Fernandezen arlo berean ibiltzen da Raisa Alava (Zuhatza, Aiara, Araba, 1990), baina sorkuntzaren esparruan aritzen da. Arte Ederretan lizentziatua da, ilustrazioan eta komikigintzan espezializatu zen, eta autoedizioari lotutako azoketan eta erakusketetan erakutsi izan ditu lanak. Bi eguneko tailer bat emango du Wroclawn, «jendea fanzineak egitera animatzea» helburu hartuta. Autoedizioan interesa duen edonork parte hartu ahal izango du, eta ez da beharrezkoa izango marrazten jakitea, azaldu zuenez, gidoia landuko baitute batez ere. Taldekide guztien artean fanzine bat osatuko dute tailerraren lehen egunean, eta hurrengo egunean nork berea egitea da asmoa.

Seigarren urtez

Poloniaren eta Euskal Herriaren arteko elkarlana 2014an hasi zen, Donostia eta Wroclaw 2016ko Europako kultur hiriburu izateko hautatu zituztela eta. Ordutik, hamahiru euskal sortzailek parte hartu dute AIR Wro programaren egonaldietan. Kulturaren hainbat alorretan aritzen diren sortzaile europarren lana sustatzea du helburu programak, eta, egonaldietan, hiriari lotutako praktika artistikoak gauzatzen dituzte sortzaileek. Gaur egun, Culture Zone Wroclaw erakundeak kudeatzen du egitasmoa, eta Euskal Herrian, D2016ren ondotik, Etxepare Euskal Institutuak du proiektuarekin jarraitzeko ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.