Deabrua, tentazio zein bekatu

San Telmo museok 'Deabrua ote. Bruegeldarren mundua' erakusketa osatu du Donostian

Bruegelen San Antonioren tentazioak margolana (1601-1625), olio pinturaz egina. JAN BRUEGEL DE VELOURS.
Nagore Arin.
Donostia
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Gorriak hormak; gorriak argiak. Gorria da nagusi Donostiako San Telmo museoko erakusketa areto batean; izan ere, Deabrua ote. Bruegeldarren mundua izeneko erakusketa inauguratu dute. Deabruaren unibertsoa jasotzen du, eta, Susana Soto museoko zuzendariaren aburuz,«tentazioari, deabruari eta bekatuei buruz» hitz egiten du erakusketak, baita duela bostehun urte artista ugarik kontzeptuon inguruan sortutako unibertso bati buruz ere. Maiatzaren 24ra arte egongo da ikusgai

Erakusketa txikia da, baina, Sotoren iritziz,«kalitate handia» dute obra guztiek. Obra nagusia Jan Bruegel de Velours margolariaren San Antonioren tentazioak da. «Diskurtsoa zehazten du, eta beste deribazio guztien abiapuntu bat da», azaldu zuen zuzendariak. Maria Bolaños erakusketaren komisario eta Valladolideko Eskulturako Museo Nazionaleko (Espainia) zuzendariak adierazi zuenez, museo horretan zabaldu zuten erakusketa lehen aldiz, eta, orain, Euskal Herrian egin dute erreplika. «Berriro deabruarekin egingo dut topo, eta pozik nago», esan zuen komisarioak. Azaldu zuenez, dimentsio berri bat hartu du, eta «modu zirraragarrian berpiztu da erakusketa». Edukia bi zatitan bereizi dutela esplikatu zuen: «Zati bat obra klasikoekin osatuta dago; bestea, ordea, obra garaikideekin». Erakusketaren «bihotza» Bruegelen artelana dela berretsi zuen komisarioak, eta «margolan hori ilustratzeko, laguntzeko eta aberasteko» jarri dituztela beste hainbat obra.

Deabrua, gaurkotua

Obra klasikoen eta garaikideen arteko gurutzaketaren erantzule da Antoine Roegiers artista; erakusketan parte hartu du. Bolañosen hitzetan, garrantzitsua zen erakusketari «zerbait desberdina» gehitzea: «Erakusketa erdia Roegiersen lana da. Haren lana ikusi nuenean, horri lagunduko zion eta zerbait gehiago erantsiko zion zerbait aurkitu nahi izan nuen. Horrela sortu zen erakusketarako ideia». Lanen artean «afinitate natural bat» dagoela nabarmendu zuen komisarioak, eta naturaltasun horren barnean harilkatu direla lengoaia guztiak.

Ideia horrekin bat dator artista ere. Roegiersen arabera, «artelan handi bat osatzen duten artelan txikiz osaturiko erakusketa bat da, soila eta sentikorra». Pieter Bruegel Zaharraren grabatuetan oinarritutako animazioak egin ditu Roegiersek, zazpi bekatuak abiapuntu hartuta. Hala, «bizia» eman die margolanei. Sotoren esanetan, «gaurko begirada» ematen dio erakusketari: «Haien lanetik abiatuta eta espiritu hori mantenduz, teknologiak ematen dizkion baliabideak erabili ditu, irakurketa berri bat sortuz».

Erakusketaren bigarren zatia osatzen dute Roegiersen lanek; animaziozko film laburrez gain, film horiek egiteko aurretiaz egin zituen marrazkiak ere jasotzen ditu. Bi zati baditu ere, horietako bakoitzean beste bi atal bereizten dira. Artelan klasikoen zatian, Denboraldi bat infernuan atala eta Bruegel Zaharra: bekatuei buruzko dibertsio bat izenekoa daude. Obra garaikideeneanRoegiersen lanak biltzen dituen zatia da, Bruegelen eromen handia, bizirik zein Bruegelen buruhausgarria atalak daude.

Bolañosen hitzetan, urte luzetan artearen historian presente egon den irudi bat da deabrua: «Erakusketaren oinarria deabrua da, eta XV. eta XVI. mendeetan garrantzia izan zuen. Pertsonaia horren irudiak aldaketa handia jasan zuen garai horretan, eta presentzia handia hartu zuen. Irakurketa eta dimentsio posible asko dituen erakusketa bat da, eta infernuaren munduarekin lotura duten deribatuak biltzen ditu». Roegiersen arabera, erakusketa aukera bikaina da unibertso hori ezagutzeko: «Mundu liluragarri bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.