Kultur profesionalek gaurtik aurrera eska ditzakete laguntza bereziak

Epea amaitzean, eskaera bakoitzari zenbaki bat emango diote, eta Jaurlaritzak zozketa bidez erabakiko du horiek zer ordenatan aztertu

Viktoria Eugenia antzokia, itxita, koronabirusaren krisiarengatik. JON URBE / FOKU.
Erredakzioa
Gasteiz
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du zozketa bidez erabakiko duela zer ordenatan aztertuko dituen kultura arloko profesionalentzako ezohiko diru laguntzetarako eskariak. Atzo jakinarazi zituen prozeduraren inguruko xehetasunak EAEko Aldizkari Ofizialean. «Eskabide bakoitzari zenbaki bat esleitu eta, horiek aurkezteko epea amaitzean, notario aurrean zozketa eginda zenbaki bat hautatu, eskabideak ordena horretan aztertu, eta deialdiko baldintzak betetzen dituzten guztiak esleituko dira, funtsak agortu artean».

Horrela, nahi dute eskaera egin duten guztiek aukera berdinak izan ditzatela. Hala azaldu du Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak: «Ez genion lehentasuna eman nahi kudeaketan trebeena den horri, prozedura telematikoak hobekien ezagutzen dituenari, edo bere zenbakiak txukunen kudeatzen dituenari. Guztiei eman nahi genien aukera berbera; beraz, hamar egun guztientzat, eskaera aurkezteko, eta gero, dosierrak aztertzen nondik hasi erabakitzeko, zozketa egingo da, notarioaren aurrean». Zozketa horrek erabakiko du zein eskaera aztertuko duten lehen, eta hurrenkeran, guztiak aztertuko dituzte.

Kultur arloko profesionalek gaurtik aurrera eskatu ahal izango dituzte laguntzak, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez. Laguntzak jasotzeko, «beren kontura» lan egin behar dute profesionalek—nahiz eta beste batzuek kontratatu ahal dituzten—. Eskatzaileek frogatu beharko dute «bakarrik» kulturaren arloan jarduten dutela: alegia, euren diru sarreren %60, gutxienez, jarduera horietatik jasotzen dutela.

1.200 euro arte

Baieztatu dute laguntzak 950 euro eta 1.200 euro artekoak izango direla hilean, «alarma egoera amaitzen den edo kultur jarduerara itzultzeko baimena ematen den hilaren azken egunera arte». Laguntza ordainketa bakarrean emango dute, eta dagokion PFEZaren atxikipena kenduko dute ordainketatik. Laguntza hori kobratzea bateraezina izango da jarduera eteteagatik bestelako laguntzaren batekin, langabezia laguntzarekin edota beste edozein sarirekin. Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatu dute programa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.