Sanferminak Iruñean

Erraldoiei oparitutako begirada

Iruñeko konpartsaren Alde Zaharreko kalejira izan da sanferminetako Haurren Eguneko zentroa

Familia asko joaten dira goizero sanferminetan erraldoi eta buruhandien bila konpartsak egiten duen ibilbidera. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iruñea
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Umeen eta Iruñeko erraldoien artean bada harreman hurbil bat. Dantza, bira eta txistularienmusikaren artean, gora zuzendutako ehunka begien lilura biltzen dute erraldoiek. Sanferminetan, Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa goizero atera ohi da; baina uztailaren 10a berezia da: Haurren Eguna da.

Konpartsak hamaiketakorako duen atsedenaldian, Errekoleten plazan utzi dituzte erraldoi eta buruhandiak. Kale Nagusian helioz betetako globoak eta haurrentzako aulkiak nonahi daude; Umeen Eguneko ekitaldirik magikoena hastear dela sumatzen da. Noizbehinka, txaranga batek Kale Nagusia gurutzatzen du Eslava kaletik. Peña baten banderolak lagunduta, txarangen zurrunbiloa gehitu zaie umeen ezinegonari. Kaleko izkina batetik sartu da lehen erraldoia, dantzan, haurren itxaronaldia hautsiz. Amaren besoetan den neska gaztetxo batek bira eman, eta hara oihua: «Begira, badator!».

Buruhandi eta zaldikoak doaz lehenak. Konpartsa osoa atzean dutela, erraldoien bidea irekitzen ari direla dirudi. Maskuri faltsuen kolpeak entzuten dira. Dinbi-danba! Sentsazio gazi-gozoak umeengan: batzuk erabat aztoratuta dabiltza, pozik, saltoka; eta besteak izuz jota, babes bila, gurasoen hankak besarkatuz. Baten batek lehen aldia ere badu; urtebete eskaseko neska batek begiak irekita ditu erabat, harrituta, aurrean duen figura ezohikoaren buru erraldoiarekin harrituta.

Erraldoiak dantzan doaz atzetik, txistularien konpasetan. Azkar batean pasatu da konpartsa kaletik. Lehenak, bi erraldoi. Txistulariak dituzte atzean, tente-tente, instrumentuetan kontzentratuak. Ume askok erraldoiei begiratzen diete, aldi berean, agian kontziente izan gabe, danbor jotzaileen besoen mugimendu hipnotikoak errepikatzen dituztela. Eta txistulariei jarraikiz, sorbaldan seme-alabak dituzten gurasoen prozesioa dator.

Konpartsarekiko goresmena, ordea, ez dago haurrengan soilik. Guraso edo aitona-amonek ere badute euren lekua. Alberto Martinez Zaragozakoa da (Espainia), baina bilobak Uhartekoak ditu. Egunero joaten dira sanferminetan erraldoi eta buruhandien bila; baina jaietatik kanpo ere ikusten dituzte. «Pentsa, entretenitzeko erraldoien irudiak jartzen dizkiegu tabletan!», esan du Martinezek, hemezortzi hilabeteko biloba sorbaldan duela.

Barnetik ere, gustura

Kalejira barnetik ere badira erraldoi eta buruhandiak bizitzeko moduak. Txistularia da Aitor Huarte, eta azken erraldoiari doinua jartzen dabil. Hamaiketakoaren atsedenaldiak deskantsatzeko aprobetxatuta, irribarretsu nabari da: «Kale estuetako aglomerazioak kenduta, asko disfrutatzen dugu konpartsarekin».

Iruñeko erraldoiek badute euren esanahia: Afrika, Amerika, Asia eta Europa kontinente bakoitzetik bikote bana. Baina konpartsaren kalejiran sortutako giroak beste zentzu bat ematen die. Musika eta buruhandiekiko sentsazio gazi-gozoa batzean, mistika berezia sortzen da, umeengan batez ere. Hori da konpartsaren magia: buruhandi bat amaren besoetatatik lehen aldiz ikusi duen neska gaztetxo baten begiradan sortzen den miresmena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.