Emakumeak izango dira ardatz OLBEren 2021-2022ko denboraldian

Guztira, 59 emanaldi eskainiko ditu elkarteak, eta 'Les contes d'Hoffman' operarekin emango die hasiera, urriaren 23an

Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Pandemiaren ondorioz joan den urteko jarduera artistikoa eten behar izan bazuten ere, indartsu hasiko du 70. denboraldia OLBEk, Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak. Jacques Offenbachen Les contes d'Hoffman operarekin abiatuko da denboraldia, urriaren 23an. Jessica Prattek interpretatuko ditu sopranoentzako lau rol nagusiak, eta, harekin batera, Michel Fabiano, Elena Zhidkova eta Simon Orfila arituko dira. Offenbachen obraz gain, Wolfgang Amadeus Mozart, Giuseppe Verdi eta Giacomo Pucciniren lanak ere taularatuko dituzte, besteak beste. Guztira, 59 emanaldi eskainiko dituzte, Bilboko Euskalduna Jauregian eta Arriaga antzokian.

Helduentzako operari dagokionez, zortzi obra emango dituzte. Horietatik lauk bi saio izango dituzte, eta obra denetan emakumeak izango dira protagonista nagusia. Les contes d'Hoffman urriaren 23an, 26an, 29an eta azaroaren 1ean taularatuko dute. Azaroaren 20an, 23an, 26an eta 29an, berriz, bi obra emango dituzte: Pietro Mascagniren Cavalleria rusticana eta Ruggero Leoncavalloren Pagliacci.

Urte berriarekin batera, Wolfgang Amadeus Mozarten La clemenza di Tito obra emango dute. Protagonisten artean, Paolo Fanale tenorrak debutatuko du OLBEn, eta, harekin batera, Daniela Barcellona, Vanessa Goikoetxea, Veta Pilipenko, Itziar de Unda eta Josep Miquel Ramon arituko dira. Gero, Francis Poulencen La voix humaine-ren eta Alexander Zemlinskyren Eine florentinische tragödie-ren txanda izango da, otsailaren 19an, 22an, 25ean eta 28an. Ainhoa Arteta sopranoa izango da bi operetako protagonista nagusia, Giorgio Berrugirekin eta Egils Silinsekin batera.

2019ko Opera Saria irabazi ondoren, apirilean iritsiko da Giuseppe Verdiren Alzira Bilbora. 2021-2022ko denboraldia, berriz, Giacomo Pucciniren Madama Butterfly-k itxiko du, maiatzaren 21ean, 24an, 28an eta 30ean.

Opera denboraldiaz gainera, Rossiniren bi obra eskainiko dituzte Arriagan, apirilaren 6an: Giovanna d'Arco bakarlariarentzako kantata eta Stabat Mater koral sinfonikoa. Horiekin guztiekin batera, ABAO Txikiren lau ikuskizun izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.