Poesia, lurraren inguruan jiran

'Lurra, sustraietatik orri' lelopean, uztailaren 13tik 15era egingo dituzte Eako Poesia Egunak
Herrixeri Emon Arnasa taldeko kideek atzo aurkeztu zituzten Eako Poesia Egunak, Bilbon.
Herrixeri Emon Arnasa taldeko kideek atzo aurkeztu zituzten Eako Poesia Egunak, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2018ko uztailak 7
Norbere senti daitezkeen lurretatik alde egin behar denean hainbat izan ohi dira sortzen diren sentimenduak, Mikel Laboaren kantuak dioen bezala «nekez uzten du sorterria, sustraiak han dituenak». Lurra herrimin bihurtzea, edo lurra helmuga bihurtzen denean sortzen den herrimina, pertsonen sentimenduei lotutako bi sentimendu desberdin dira, eta, besteak beste, ideia horretatik abiatuko dira aurten Eako Poesia Egunak. Lurra izango da ardatza. «Literatura aldetik, ikuspegi zabaleko gaia da lurra, gaurkotasunezkoa», Axun Landa antolatzailearen esanetan. «Lur batekoak gara, eta kontzientzia horrekin bizi gara bizitza osoan», gaineratu zuen Landak.

Halaber, Amaia Lasak 1970eko hamarkadan idatzi zuen Nereak ez diren lurralde hauetatik ihes egin nahi nuke poema izan dute oinarrietako bat antolatzaileek. «Emakumearen gorputza, sistemak inposatutako lur okupatua dela ematen du aditzera Lasak bere lanean, eta abiapuntu gisa jarri nahi izan diegu sortzaileei», azaldu zuten atzo Eako Poesia Egunak aurkezteko egindako agerraldian.

Beste inorenak ez diren lurralde horietatik ere abiatu nahi izan dute, eta, urte osoan poesiatik «edan» ostean, Jose Luis Otamendiren Lur batzuen minari poema bildumatik abiapuntuak, helmugak edo galderak hartu dituztela aitortu zuten.

Lurra, sustraietatik orri lemapean uztailaren 13, 14 eta 15ean egingo dituzte jardunaldiok. Egitarau betea, guztien gozagarri atondu dute.

«Urtero sortu eta urtero hiltzen den ekitaldia»; horrela definitu zuten Herrixeri Emon Arnasa kultur taldeko kideek eta poesia egunetako antolatzaileek. Hamabosgarren aldia izango da aurtengoa, eta berezitasunen artean dago Eako (Bizkaia) herri kaskoan egingo direla ekitaldi guztiak.

Leloari dagokionez, bertan ageri den orri hitzak bi esanahi dituela zehaztu zuten. Orri berdea sustraietatik, lurrak lagunduta, sortzen den sorkuntza da. «Baina orria izan daiteke, baita ere, idazleak zuri aurkitzen duen, baina sortzen duena, hots, edukia». Horretarako, ideia horietatik abiatuta eskatu diete pentsalariei, idazleei, poetei, antzezlei, sortzaileei, oro har, sakontzeko.

Hitzaldiak eta beste

Ostiralarekin hasiko dira jardunaldiak, Amaia Elizalderen hitzaldiarekin. Jon Miranderen (H)aur besoetakoa izango du hizpide, hain zuzen. Idazleak Parisen idatzi zuen liburua, euskaraz, eta Euskal Herrian argitaratu zen. Hori horrela, lurrari dagokionean, (H)aur besoetakoa nondik eta nora, nahiz eta euskaraz izan, zein gune geografiko eta kulturatatik zeinetara, idatzi zen azpimarratu nahi izan zuen Elizaldek atzo egindako agerraldian. Horrez gain, (H)aur besoetakoak mota desberdinetako irakurleek egino harreraren inguruan hitz egingo duela adierazi zuen; «harrera horretan eragin duten zentsura mota desberdinetan oinarrituko naiz», gaineratuz. Horrez gain, orain arte egin ez den irakurketa proposamen bat aurkeztuko duela azpimarratu zuen.

Larunbata ere hitzaldi batekin hasiko dute. Ibai Atutxa sortzaileak antolakuntzak emandako gaia hartu, eta bi kontzeptu, lurraldetasuna eta intimitatea, ondoan jarriko ditu. «Lurraldetasun politikoak inposatzen duen intimitatea aztertu, eta euskal literaturatik intimitate ez-normatiboak ikertuko ditut», adierazi zuen Atutxak. Horretarako, aurten argitaratutako zenbait euskal emakume idazleren lanak izango ditu aztergai: «Intimitatearen ideia nola jorratzen duten, nola lan horietan sartzen den intimitate ez-normatiboak alternatiba bat bilatzen dion egun bizi dugun lurraldetasun politikoa inposatzen duen intimitateari».

Hitzaldiez gain, dantzaldiez, kontzertuez, zein antzerkiez gozatzeko aukera egongo da hiru egunetan. «Horietako hainbat Eako Poesia Egunetarako propio sortuak izan dira», azpimarratu zuen Castillo Suarez poesia egunetako antolatzaileak. Metokoadro Sormen Laborategiak larunbat arratsaldean eskainiko duen Zanbuia! antzezlana, esaterako. Domeka eguerdian bestalde, Joxean Artzeri keinu eginez, eMe taldeak kontzertua emango du, Oier Guillan en kolaborazioarekin.

Azkenik, urtero legez, larunbatean Aritza tabernan eta igandean Eskoikiz tabernan herri bazkaria egingo dutela gogoratu zuten.

Bedaronako Juani omen

Beste hainbat urtetan bezala, Erramun Mendibe Landa artistak egin du aurtengo edizioko kartela ere. Bedaronako Juanen balada tristea izenburua jarri dio. «Herriko pertsonaia maitagarria izan zen Juan, pertsonaia erreala, errealitate gogorra bizi izan zuena», azaldu zuten HEA kultura taldeko kideek. Hori horrela, Mendibe Landak margolanen bitartez sufrikario horren salaketa egin nahi izan duela zehaztu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna