Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III). K2.

K2: zentzumenen zorroztarria

Alpetar estiloan K2ra egindako igoeran, mendiaren bi aldeak batu dira: gailurrera iritsi, eta egun berean 11 mendizale hil baitira K2n.

INAXIO LOPEZ DE ARANA ARRIETA.
Inaxio Lopez de Arana Arrieta
2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
(Alberto Zerain gogoan)

Lehenengo ilunabarrarekin batera, dena magiaz eta liluraz bete da kanpamendu nagusian, 5.100 metroko altitudean dagoen eremu elkor eta harritsu hartan. Mendiak halako gandu arrosa batez estalita daude, eta distira hartan tontorrak zirriborratuta ageri dira, beren itxura apetatsuak nabarmentzen dituen argi-itzal batean murgildurik.

Harritza amaigabeak eta penitente zurien samalda ikusgarriak atzean utzirik, bat-batean, hortz itxurako mendi-gailurreriak azaltzen dira. Itxura eta koloreen jaialdi hartan, zerbait ospatzen ari dira, eta guzti-guztiek egon nahi dute bertan. Behar besteko pazientziarik izango al genuke, gauden lekutik mugitu gabe, izarren, ilargiaren, hotzaren edota ilunaldien zain egoteko?

Elur gainean etzanda gaudela, mundu horrekin guztiarekin harremanetan hasi gara, bizigiro bortitz hark urduritu eta, aldi berean, akuilatzen baikaitu bera ezagut dezagun. Zenbait ordu lehenago, batetik bestera zebiltzan itzalak ginen. Eguna argiturik, ordea, ikuskizun miragarri baten lekuko izan gara. Eta ikuskizun hark urduritasuna eta nekea erauzi dizkigu soinetik, eta hotza ere bai, ondo itsatsita geratu baitzaigu gau hotz haren ondorioz.

Goizean, lekuari lasaitasuna dariola ohartu gara, gaueko ospakizun apartaren ondoren dena baretu baita. Hori ikusirik eta eguraldi-iragarpenak alde ditugula jakinik, biharamunean gora egitea erabaki dugu. Ez dago ez oztopo fisikorik, ez bestelakorik, gure helburuaren bila abiatzeko. Arranguraz ikusten dut han geratuko direla gurekin kanpamendu nagusiraino joandako lagun asko, K2rako baimenik ez dute eta.

Goizeko laurak dira erlojuko iratzargailuak jo duenean eta berehalaxe hasi gara haitz gero eta epelago haietaz gozatzen, gure bidearen samurgarri. Bart dir-dir egindako hamaika lerroetako bati jarraitzen diogu. Eta horrela segitu dugu harik eta zazpi ordu geroago lehenengo kanpamendura (6.100 m) iritsi garen arte. Godwin Austen glaziarra azpi-azpian dugu, ilunantz itzaltsu batean hondoratuta.

Badakigu orratz haiekin bat eginda gaudela. Han ibiltzeak ezinezkoa dirudi, baina orratz haiek K2ko gailurrerantz garamatzate; alpetar estiloa erabiltzeko asmoa dugu, guztiz sinistuta baikaude mendian ibiltzeko modua gailurra bera baino garrantzitsuagoa dela. Aspaldi genbiltzan abentura honen atzetik, eta egun hauetan, aspaldiko amets hura beteta ikusi nahi dugu. Horrelako ametsak izaten dira beti gure eskalada guztien atzean. Eigerko iparraldeko bidea, Les Droites-ekoa, Grandes Jorasses-ekoa, Pic Badile eta horrelako ibilbide klasikoak urratzen ditugunean erabiltzen dugun alpetar estiloa edonon ere balia dezakegu; K2n ere bai.

Pakistango eskualde galdu haietan, izotz eta haitzezko orratzek arraildu egiten dute zerua. Sekula ez dut halako sabai garbirik ikusi. Orratzak indarrez beterik jalgitzen dira lurretik; isurtzen duten xarmak begiradarik galduena ere harrapatzen du. Horretarako, noski, hodeien baimena behar da, beti gainean baitaude, eta askotan ere ez dute ikusten uzten zer dagoen inguruan.

Kanpamenduan, gurekin batera, maldan gora egiteko ostarte ñimiño bat askiesten duten pazientziarik gabeko zenbait mendizale daude. Goi-zamaketarien laguntzarekin igo nahi dute izotz eta harrizko tontor haietara, aldez edo moldez igo ere, amildegiek barregura emango baliete bezala.

Guk besterik nahi dugu: lurrarekin borrokatu barik harekin adiskidetu, bere indarra geureganatzeko, ingurunearekin era harmoniatsuan bat egin genezan. Gure igoera guztien ezaugarria horixe da, naturarekiko harmonia. Ildo horretan, beti saiatu egiten gara gure bizipenen ingurumariak atseginak eta adeitsuak izan daitezen. Batzuetan, ordea, ihesi atera behar izaten dugu egoera korapilatsuetatik, elurrak, haizeak eta ekaitzek gure bidaide izan nahi izaten dute eta.

Gaur, elurretan hondoraturik, kanpadendan estu-estu, izar sutsuen sinfonia entzuten da; bien bitartean, kanpoaren gordina, bere onetik aterata, han-hemenka dabil, alderrai, inguruko guztia izotzezko geruzaren azpian bilduz. Haitzek, elurrak eta izotzak gainezka egiten dute inguru honetan, eta haien bat-bateko ahotsak gauaren isiltasuna urratu du.

Argitu du egun berria; estaltzen gaituen izotzezko kristal-geruza bere egin du. Lurrak dar-dar egin du. Inguruan dugun oro suspertu egin da. Argi-distira batek izotzezko malkoak erauzi dizkigu begietatik.

Elurrak dir-dir, itzalak aienatuz doaz, baina eguzkirik gabeko toki hauek eguneko argiaren magiatik at daude oraindik. Txiki-txikia sentitzen naiz leku ikaragarri handi hartan. Hain txikia ezen pentsatzen baitut zaila izango dela erraz eta lasai praktikatzea munduko gainerako mendietan ikasitakoa.

«Ederra hemen prestatu dugun saltsa!» —pentsatu dut kanpamendu hartan dagoen jendetza ikusita. Hainbestekoa da ezen Himalaiako espedizioetan sortzen diren yak, xerpa eta mendizale pilaketak baitakarzkit gogora.

K2ren Besaburua deritzona begien bistan dugula, arratsaldeko argia anbar koloreko bihurtu da eta laster iluntasun purpura batek belztu du zerua, dolu-jantzia erantsiz. Nekaturik eta aldi berean pozik geundela hartu nau loak hirugarren kanpamenduan. Lo nengoela burutazio batek artega nindukan. Zenbat eta gorago egon, gutxiago dago gauza guztietatik: oxigeno gutxiago, hezetasun gutxiago, bero gutxiago, presio gutxiago... labur esanda, bizitzeko behar diren gauza gutxiago. Baina zer dela-eta eraman ohi dira hainbeste gauza, funtsezko gauzetan hain zikoitza den leku batean erabiltzeko?

Espedizioek ematen duten esperientziari esker zerbait ikasi dut eta erantzun ahal izan diet neure buruari egindako galdera batzuei. Eta jakina, kosta egiten zait hasiberriarenak ez diren begiez begiratzea zortzimilakoen munduari, non gailurrak beti zaputz jokatzen baitu mendizaleekin.

K2ko gailurrera igotzen saiatuko naiz bihar, alpetar estiloa erabiliz. Estilo horrek are zailago egiten du gailurra, baina erabilitako moldeak pozez betetzen zaitu eta gehiago laguntzen dizu zure burua ezagutzen.

Azken urteotan zortzimilakoetan izan dudan esperientzian oinarrituta, egingarri ikusten dut zortzimilakoak alpetar estiloan igotzea, nahiz eta jakin badakidan zeinen gogorra, zaila eta arriskutsua den hala ibiltzea, mendizaletasun-molde horrek ausardia, ukazio-maila eta konpromiso handiak eskatzen ditu-eta; are gehiago bakarrik bazaude, orain nagoen bezala. Baina badakit egin dezakedala eta hala pentsatzeak halako irriki handi bat piztu dit barnean, halako har bat, norbera muturreko egoeretan edo egoera arriskutsuetan dagoenean sortu ohi dena. Eta hala sentitu naiz oraingoan ere, harik eta etxetik atera eta Islamabad-erako hegazkina hartu arte. Gero, bidaiaren dinamikarekin nahaspilatu egiten zara, eta nahiz eta horrelako jomugen atzetik ibiltzeak sortzen duen tentsioa norberak eragiten duen, behin baino gehiagotan ez da erraza eramaten barnean dabilkizun harra. Horrelakoetan, jomuga ezkutatzen duten mendiekin errukirik gabe saiatuta ikusi behar duzu nola zabiltzan. Horrelako erronka handi batean hutsaren hurrengoa zarela pentsatzeak zeure burua gainditzen laguntzen dizu, hamaika zailtasun eta eragozpen sortzen zaizkizu-eta, hautatu duzun bideari ekin aurretik. Gainera, aklimatazioa ondo egiten asmatzea da bide horrek dituen zailtasun handienetako bat. Eta gure eguneroko bizitzan gertatu ohi den bezala, kasu horretan ere funtzionatzen duen ideia dugu ideietan onena.

Gailurrera bidean

Horrelako gogoetak eta pentsamenduak trumilka datozkit eta dagoeneko loa galarazi didate. Hori ikusita, beste ezeren zain egon gabe gora egitea erabaki dut; gailurra daukat zain. Arratseko bederatziak dira eta bakarrik nago. Abiatu eta berehala sekula ahaztuko ez dudan zerbaiten lekuko izan naiz: ilargi betearen argitasunak aldapa haietako elurraren kontra talka egitean halako distira berezi bat zabaldu du airera, lurretik bertatik ateratzen dan distira. Ikuskizun hark bere osagai musikala ere badu: kranpoiek izotz geruza sendo bat zapaltzean egiten duten krink-krank kilikagarriak are gehiago uzkurtu dit bihotza.

Arratsaldeko hirurak eta hamar dira erraldoia behingoz garaitu dudanean. Gailurra!!! Ederki kostata, baina azkenean, K2ren 8.611 metroak ditut oin azpian. Arnasketa lasaitzeko ahaleginak egin ditut, baina alferrik izan da. Arnasestuka heldu naiz gailurrera, eta hamar minutu geroago ere ez zait arnasa itzuli. Begien irispenean ditut Karakorumeko mendi guztiak, bai eta Indiako eta Txinako zenbait eskualde ere. Ikuspegia benetan zoragarria da. Hunkitu egin naiz munduko balkoi hartatik begira. Bururatu zait ordura arte ez dudala gozatu munduaren, mendiaren eta bizitzaren benetako edertasunaz. Haraino iritsitako pertsona bakanetako bat naizela pentsatzeak areago jarri dit barrena dantzan. Bizipen hori hain da trinkoa eta gogo-betegarria, ezen dosi txikietan hartzea komeni baita, igoeraren ondorengo asteetan eta are hilabeteetan ahogozatuz.

Abuztuak 1 du gaur; egun zoragarria niretzat eta egun beltza himalaismoarentzat, gaur 11 mendizale hil baitira K2ko maldetan, gailur-goseak hartaraturik. Goian beude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.