Musika

Garai hauskorrak

Neko Case eta k.d. Langekin grabatu eta bi urtera itzuli da Laura Veirs. «Gauza ederren hauskortasuna» gaitzat hartuta, folkaren eta poparen arteko hamabi pieza bildu ditu lan berrian.
BERRIA

Mikel Lizarralde -

2018ko apirilak 29
Orain dela bi urte bere izena Neko Caserenari eta K.d. Langenari lotuta agertu zenean, ez ziren gutxi izan pentsatu zutenak Laura Veirs hirukotearen erpinik ahulena zela. Lang ibilbide luzeko musikaria da, oihartzun handia izan duena 1980ko hamarkadaren amaieran countryaren mundu itxian askatasun airearekin agertu zenetik; Case ere ospe handia lortutakoa zen ordurako, bai The New Pornographers pop taldeko kide zela, bai bakarka egindako lan bikainari esker. Veirs, berriz, hasiberria ez izanda ere —bederatzi disko zituen grabatuak ordurako—, hiruen artean ezezagunena zen, profil apalagoa zuena behinik behin. Nolanahi ere, case / lang / veirs hiru emakumeen artean ondutako diskoa zen; ez musika izar batzuek egindako lana, «proiektu kolaboratzaile bat» baizik, Langek berak adierazi zuenez. Eta Veirs batzuentzat ezagunagoa bilakatzeko balio izan zuen.

Bi urteren ondoren itzuli da Laura Veirs (Portland, AEB, 1973) The Lookout disko berriarekin. Ez du ezusteko handirik aurkituko musikariaren ibilbideari jarraitu dionak, oraingoan ere folkaren eta poparen arteko kantu hauskorrak baitira diskoaren oinarria. Hauskortasun horrek, gainera, letretan ere badu isla, Veirsek ingurukoak zaintzeaz eta maitatzeaz hitz egiten baitu disko osoan, luze eta zabal: «The Lookout-ek hitz egiten du bizitzaren edertasun galkorrari arreta jartzeaz eta elkar zaintzearen garrantziaz». Horretan izan dute zerikusirik oro har AEBetan —eta, zehatzago, bere ingurunean— jazo diren hainbat gertaerak. Pertsonalak nahiz unibertsalak. «AEBetako hauteskundeen ondorengo kaosak, gure herrialdean gertatu diren arraza bereizketek, helduaroari dagokion errealitateaz jabetzeak... Baditut hil diren lagunak, eta ni neu ari naiz artista bizitza eta haur txikiak heztearen arteko oreka nola gauzatu...».

Ez da nolanahikoa denboraren igarotzeak Veirsengan izan duen eragina; ez agian entzuleak nabaritzeko moduan, baina bai musikariarentzat behintzat. «Zahartzen ari zaren neurrian, ohartzen zara ezberdina dela artista izatea heldua zarenean. Haur guztiak dira artistak, eta gauza guztiekin duten begirada irekia inspirazio bihur daiteke norberarentzat. Hor badago gauzak aurkitzeko modu bat».

The Lookout izenburuak ere (Zaindaria) asko esaten du diskoaz eta diskoaren mamiaz. Eta baita Tucker Martine diskoaren ekoizle eta Veirsen senarraz ere. «Bai, bera da nire zaindaria», arrazoitu du kantariak. «Zaintzen nau, zaintzen ditu gure haurrak. Eta lasaigarria da bere moduko norbait izatea ondoan, gauza asko direlako bizitzan oro har, eta nirean zehazki, ezegonkorrak, batik bat gaur egun bizitzen ari garen herrialdean».

Eguneroko lana

Veirs country-folka, musika klasikoa eta popa entzunez hazi zen, baina bere lehenengo musika proiektuak oso bestelako bideetatik jo zuten. Rair Kx punk taldea osatu zuen beste emakume batzuekin, 1996an, — «riot grrl bat zen, eta feminismoz bustitako borroka politiko eta komunitarioa lantzen zuen»—, baina berehala jo zuen txikitan entzundako musikara, eta 1999an hasi zen, ahots eta gitarra hutsarekin grabatutako disko batekin (Laura Veirs). Orduz geroztik disko mordoxka atera ditu, folk eta pop intimistaren artean mugitzen direnak (Carbon Glacier, 2004; Saltbreakers, 2007; July Flame, 2010; Warp and Weft, 2013), eta denbora horrek guztiak kantugintzan sakontzeko balio izan dio Veirsi. «Orain dela hogei urte, punk taldearekin hasi nintzenean, ez nuen, inondik ere, kantu beraren bost aldaera idatziko. Baina orain badakit zein moldagarriak izan daitezkeen hitzak eta melodiak. Musikari gisa, tresna gehiago ditut, eta bertsio asko idazten ditut, egokiena bilatu arte». Horretarako aukera eman dio etxean lanerako gela bat izateak, eta «egunero-egunero» bertan aritzeak.

The Lookout kantugile baten diskoa bada ere, Veirsek Karl Blau, Steve Moore, Eli Moore eta Eivynd Kang izan ditu taldekide: «Egorik gabeko lagunak dira, kantuen alde jartzen diren musikari bikainak». Baina horiez gain, oharkabean igaro ez diren bi kolaborazio ere izan ditu ahotsetan: Jim James eta Sufjan Stevens. Veirsek azken horren Carrie & Lowell diskoan parte hartu zuen, eta orain mesedea itzuli dio Illinoise-ren egileak. «Aspaldiko lagunak gara, eta denbora honetan aholku ugari eman izan dizkit».

Euskal bideogileak

Zeharka bada ere, Veirsek badu lotura Euskal Herriarekin; izan ere Eñaut Uribesalgok eta Izar Etxeberriak egin dute azken diskoko Lighting Rod kantuaren bideoklipa. «Enkargua Instagram bidez iritsi zitzaidan, bere abesti zahar baten letra eskuz marraztuta ikusi zuenean bertan», azaldu du Etxeberriak: «Animazioan esperientziarik izan ez arren, gogoz onartu nuen proposamena». Proiektuaren ideia eta ilustrazioak Etxeberriak garatu ditu, eta Uribesalgo bideoaz arduratu da. Veirsek adierazi duenez, «bideoak abestiaren hitzetan aipatzen den sormen prozesuaren poztasuna eta arriskua islatzen ditu». Veirsek zuzeneko kontzertuetan erabiliko du animaziorako erabilitako materiala.

Bideoa: Eñaut Uribesaldo eta Izar Etxeberriak egin duten bideoklipa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna