ATZEKOZ AURRERA. Ruben Collio. Aktibista maputxea

«Bizia ere emanen genuke bizitza bizitzeagatik»

Macarena Valdes ekintzaile maputxea hil eta bi urtera, Collio haren bikotea justizia eske etorri da Europara. Txilek maputxe herria jazarria duela salatu du, eta nazioarteari inplikatzeko eskatu.
IÑIGO URIZ / FOKU

Iker Tubia -

2018ko irailak 21
«Munduko ingururik ederrenetako batean» bizi dela dio Colliok (Santiago, Txile, 1976). Tranguilen bizi da, RP Global enpresak ekoizpen elektrikorako aukeraturiko lur maputxeetan. RP Globalen autoan joan zitzaizkien mehatxu egitera, eta biharamunean hil zuten Macarena Valdes La Negra, lurra defendatzeagatik. «Justizia nahi dugu».

Zer espero duzu hona etorrita?

Nire bikotekidearen hilketagatik justizia bilatzera etorri naiz, nire herriarendako justizia eske. Bi urte daramagu Macarenaren hilketa ikertzeko eskatzen, baina fiskaltzak eta estatuak oztopoak jarri dizkigute etengabe. Bitan saiatu dira ikerketa ixten. Irregulartasunez beteriko prozesua izan da; beraz, ez dugu inolako konfiantzarik Txileko Estatuan eta haren zuzenbide estatuan. Geratzen zaigun bakarra atzerriko erakundeetara jotzea da.

Zer irregulartasun dira horiek?

Frogak galdu egin dira, estatuak bere gain hartu beharreko kostuak ordaindu ditugu, poliziaren parte diren perituak jarri dituzte... Fiskalak esan zigun norbaitek deklaratzea nahi bagenuen berarengana eramateko; ez dira gai lekukoei deitzeko ere. Nik eraman behar diot heriotza mehatxuak egin zizkiguna?

Zer aurkitu duzu hemen?

Euskal Herrian maitasun eta babes handia jaso dut. Eusko Legebiltzarrarekin eta Nafarroako Parlamentuarekin bildu gara, eta gu babesteko jarrera ikusi dugu bietan.

Zertan ari zarete Txilen?

Justizia bila ari gara kereila kriminal baten bidez. La Negra hil zuten, eta azpijokoa egin dena estaltzeko, hura gure etxean eskegita.

Zer esan nahi du RP Global enpresak herri maputxearendako?

Austriako kapitala duen enpresa elektriko bat da, gure lurrean sartu dena eskubideak urratuz eta legez kanpo. Txile da munduko toki bakarra non ura ez den eskubide; aski diru baduzu, ibai oso bat eros dezakezu. Halere, enpresa horiek ez dute uraren eskubiderik, eta hodiak jarri zituzten ibaian. Zergatik etorri behar du gutxi batzuen aberastasunak askoren sufrimenduaren lepotik?

Nola jarraitu borrokan heriotza mehatxuak inguruan izanda?

Denak hilko gara lehenago edo geroago; garrantzitsuena da nola bizi zaren. Nik, zorionez, aire eta ur garbia hartzen ditut. Zahartzaroan hil nahiko nuke, baina hainbeste maite dugu bizia, hura ere emanen baikenuke bizitza bizitzeagatik.

Lurraren aldeko borroka da?

Ez ditugu lurrak eskatzen jabetza izateko; lurra lantzeko nahi dugu, basoak berreskuratzeko. Gure hizkuntza babesteko eta gu errespeta gaitzaten borrokatzen dugu. Bizitzen jarraitzeko, finean.

Zertan da maputxe herria?

Gaur egun, mapundungun hitz egiten dugu, nahiz eta elizak debekatu zuen. Eskola autogestionatuetan ikasten da. Ez dugu alderdi politikorik, eta ez dugu egiturarik, lof [klan] asko independenteak direlako. Baina herri maputxearen batasunaren aldeko borroka hasi dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna