Utriusque Vasconiae argitaletxearen ibilbideari aitorpena egin diote EHUn

Hemeretzi urteko ibilbidearen ondoren, argitaletxeak EHUren esku utzi du funts osoa. Erakusketa bat egin dute lana zabaldu eta eskertzeko
Casado, Iztueta, Erkizia, Apalategi eta Piñeiro, atzoko ekitaldian, EHUko Donostiako campuseko erakusketan.
Casado, Iztueta, Erkizia, Apalategi eta Piñeiro, atzoko ekitaldian, EHUko Donostiako campuseko erakusketan. BERRIA

Andoni Imaz -

2018ko irailak 29
Testuinguru partikularretik abiatuta diskurtso unibertsala zabaltzea izan da Utriusque Vasconiae argitaletxearen xede nagusia, haren sorreratik gaur egun arte. 2000. urtean kaleratu zituen lehen lanak, eta ia hogei urte eman ditu euskal pentsamendua lantzen eta hedatzen. Agurrean, nahiz eta oraindik baden argitaratu gabeko lanik, guztiak EHU Euskal Herriko Unibertsitateari eman dizkio, eskura jar ditzan liburutegian eta ADDI Artxibo Digitala Ikerketa Irakaskuntza biltegian.

Argitaletxeak egin duen lanari erakusleiho bat emateko eta ibilbide osoan euskal pentsamenduari egindako ekarpena eskertzeko, EHUk erakusketa bat antolatu zuen Donostiako campuseko Carlos Santamaria zentroko Andrestegi aretoan. Irailaren 3an ireki zuten erakusketa, eta urriaren 4ra arte egongo da ikusgai.

Utriusque Vasconiaek hamabi bilduma eta 140 izenburu baino gehiago plazaratu ditu, eta horiei guztiei errepasoa egiten die erakusketak. Tamaina handiko 26 panelekin, argitaletxearen inguruko informazio zabala dago, testu eta argazkiekin: sortzaileen aurkezpenak, jatorria, ibilbide historikoa, argitaratutako lanak... Guztiek dute beren lekua, bildumaka antolatuta. Gainera, hainbat argitalpen daude eskuragarri, kontsultatu edo eramateko.

EHUko hiru ordezkarik haien esker ona azaldu zuten atzoko ekitaldian: Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordeak, Antonio Casado campuseko Unibertsitate Hedakuntzako zuzendariak eta Marian Piñeiro campuseko Liburutegiko zuzendariondokoak. Jokin Apalategi eta Paulo Iztueta argitaletxearen sortzaileak izan ziren, ordea, ekitaldiko protagonistak. Lankidez eta kolaboratzailez inguratuta, EHUk egindako lana eskertu, eta argitaletxearen eta euskal pentsamenduaren inguruan aritu ziren biak.

Kolektibotik lanean

«Gure aurreko gehienentzat pentsaezina zen gai akademikoak euskaraz lantzea», esan zuen Iztuetak: «Gerraosteko belaunaldiari zor zaio euskarazko unibertsitate baten azpiegitura ezarri izana». UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak egindako lana eta, batez ere, elkarlana aipatu zituen: «Elkar eragiterik gabe ez zatekeen posible izango euskararen sarbidea EHUn».

1990eko hamarkadan, EHUn zebiltzan euskaltzaleen kezka zen «pentsamendu arroztua» zela nagusi bertan. Beste proiektu batzuekin bueltaka ibili ostean, argitaletxe bat martxan jartzea bururatu zitzaien Apalategiri eta Iztuetari, eta hala sortu zuten Utriusque Vasconiae, Arnaut Oihenarten Notitia utriusque Vasconiae, tum ibericae, tum aquitanie liburutik (1638) izena hartuta. «Ez da batere komertziala», baina sinbolo gisa Euskal Herriaren lurraldea bere osotasunean hartzeko helburua esplizitu egiten zuen.

EHUren sorreratik euskarak izan duen gorakada azpimarratu zuen Apalategik, eta horren atzean egindako lan kolektiboa. Euskaraz irakatsi, tesiak egin eta artikuluak argitaratu dituztenen lana aipatu zuen. Azken finean, lan horiek argitaratzeko tresna izan dira UEUren Uztaro aldizkaria eta Utriusque Vasconiae argitaletxea bera. «Auzolan horri esker goaz aurrera, eta joango gara, ala ez gara joango».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna