ATZEKOZ AURRERA. Eriz Zapirain. Dokumental zuzendaria

«Gustatzen zait gure historia iruditan kontatzea»

Euskal Herriko historia garaikideko zenbait gai landu ditu Zapirainek dokumentaletan. Azkena, Aralar alderdiaren historia: «Plazer bat da gai hauei buruz protagonisten ahotik entzutea».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Sortu zenetik, bere burua deseginzuen arte. Aralarren historia kontatzen du Zibil eta zabala dokumentalak. Eriz Zapirainek zuzendu du (Donostia, 1974), eta atzo aurkeztu zuten Iruñeko Katakraken.

Zer dela-eta Aralarri buruzko dokumental bat, orain?

Ezkerraberri fundazioak Orio ekoiztetxeari egindako enkargua izan da. Gustura hartu nuen lana.

Autokontsumorako lana da, edo publiko orokorrarentzat?

Saiatu gara publiko orokorrak ikusiko duen dokumentala egiten. Garbi dago protagonistak Aralarreko militanteak izanda ez dela kanpotik egindakoa, baina Aralarretik kanpoko testigantzak ere badaude.

Elkarrizketak eta artxiboko irudiak tartekatu dituzu. Zergatik egin duzu teknika horren alde?

Elkarrizketak janzteko modurik aproposena hori zen. Testigantza soila sartuta, herren geratuko litzateke. Artxiboko testigantzek, eta hauteskunde ondorengo euforiek eta tristurek asko kontatzen dute.

Batzuek ez dute onartu elkarrizketarik. Adibidez, Aintzane Ezenarro ez agertzea hutsune bat da?

Horrela har daiteke. Inaki Irazabalbeitia produktorea saiatu da lortzen, eta ez du lortu. Aralarren barruko krisihandi hura ezin izan dugu haien testigantzekin ere kontatu. Orduan, zurtz geratzen da. Pena da, baina eman dugu gertatu zenaren berri artxiboko irudiekin. Ez dira krisiak ezkutatu.

Kideen iritzi kontrajarri edo ezberdinak ageri dira. Alderdia nolakoa izan den agerian uzten du horrek?

Aralar barruan eztabaida eta kritika asko egon dira, eta uste dut horrek aberasten duela alderdi politiko bat. Dokumentalak heterodoxia hori erakusten du, eta Aralarren historiari balioa ematen dio horrek.

Alderdi baten historia ezin da kontatu testuingururik gabe. Aukera izan duzu gertakari guziak testuinguruan ongi kokatzeko?

Elkarrizketetan gai gehiago agertzen ziren, eta bukaeran aukeratu behar izan dugu. Garrantzitsuena hartu dugu. Gehiago nahi duenak liburu bati itxaron beharko dio.

Aralarren bueltan izan diren tentsioek, batik bat ezker abertzalearekin, eragin dizute lanean?

Nahiko lasai ibili naiz, egia esan. Denak elkarrekin daudenez, errazago onartzen da orain. Denak EH Bilduren barnean egoteak ematen du nolabaiteko irekitasuna.

Euskal Rock Erradikala, Euskaldunon Egunkaria, Aralar... Euskal Herriaren historia kontatzeko beharra sentitu duzu?

Bai, asko gustatzen zait. Plazer bat da gai hauei buruz protagonisten ahotik entzutea.

Euskaldunek kontatu ezean, inork ez ditu kontatuko?

Hori da. Kontakizunaz asko hitz egiten da orain. Guk kontatu behar dugu gure historia. Besteek taxuz kontatzen badituzte onartuko ditugu, noski, baina kanpotik kontatzen badute beren ideologiarekin, ez digu balio. Niri gustatzen zait gure historia iruditan kontatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.