ATZEKOZ AURRERA. Javi Agirre eta Ester Garcia. Txirrindularitzaren zaleak eta ekintzaileak

«Emaileari eta haren familiari esker nago ni gaur hemen»

Transplanteak bultzatu eta haien garrantzia azpimarratzeko, Norvegiatik Galiziara bizikletaz joango dira Agirre eta Garcia. Bi hilabeteko bidaian, zortzi herrialde zeharkatuko dituzte.

Zihara Jainaga Larrinaga.
Durango
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun

Gaixotasun baten ondorioz, Javi Agirreren (Durango, Bizkaia, 1966) giltzurrunek funtzionatzeari utzi zioten duela sei urte. Bi urte geroago, transplantea iritsi zitzaion. Ester Garcia emaztearekin batera (Durango, 1967) 5.000 bai proiektua sortu du, organo emateak sustatzeko eta halako egoeretan kirolak duen garrantzia azpimarratzeko. Norvegiatik Galiziara joango dira bizikletaz, hilabetez. Bi aste barru abiatuko dira.

Nola oroitzen duzue gaixotasuna diagnostikatu zizuten eguna?

ESTER GARCIA: Hasieran ez genion garrantzirik eman, ez genekien zer ekar zezakeen.

JAVI AGIRRE: Gaixotasunaren barruan aldaera asko ager daitezke, batzuk besteak baino larriagoak. Orduan ez nekien nirea zer neurritan garatuko zen.

Zein izan zen unerik latzena?

J.A.: Gorputza zaintzeaz eta jatekoa kontrolatzeaz gain, kirol gutxi egitea izan zen medikuen aholkua. Kirolzale amorratua nintzen ordura arte, eta gogorra izan zen bat-batean bizimodu ia sedentarioa egin behar izatea. Urte batzuk geroago, bi giltzurrunak gelditzean, dialisiarekin hasi nintzen, eta hor behea jo nuen. Hori izan zen latzena.

Jendearen kontzientzietan eragiteko sortu zenuten 5.000 bai proiektua.

J.A.: Ezagutzen ez dugun emaile batek opari handi bat egin zigun. Hari eta haren familiari esker nago ni gaur hemen. Bestalde, transplante bat behar nuela jakin nuenean, ez nuen ezagutzen transplantea egina zuen beste inor, eta jakin-min handia nuen, galdera asko. Horregatik, nik pasatutako egoeran daudenak informatuta egotea nahi dut; orain, kontzientziazioa da nire lana.

Bidaia bik egin beharrean hiruk egingo duzuela esan izan duzue?

E.G.: Organoren bat jaso duten pertsona asko ezagutzen ditugu, eta ia denek zerbait egiten dutenean, berengatik eta emailearengatik egiten dute.

J.A.: Transplantatuok bi urtebetetze ospatzen ditugu: gure jaioteguna eta ebakuntzaren eguna.

Norvegiako Trondheim herritik Galiziako Santiagora bizikletaz joango zarete.

E.G.: Erronka planteatu zidanean, hasieran ez nion kasurik egin.

J.A.: Urtero parte hartzen dut transplantatuen arteko kirol lehiaketetan. Aurten, baina, abentura honetan murgiltzea okurritu zitzaidan. Interneten kuxkuxean ibili ginen, bizikleta bideak begiratu genituen... Espero dugu hautatutako bidea osorik egina egotea.

Bidean zehar sentsibilizazio ekintzak egiteko asmoa duzue?

E.G.: Ikastetxeren batekin jarri gara harremanetan, gehienbat gazteei hitzaldiak emateko. Horrez gain, dialisiak egiten diren ospitaleetara ere joan nahi dugu.

J.A.: Kausa ikusgarriagoa izateko, arropa berezia eramango dugu soinean, ibilbidearen irudiarekin eta bi lelorekin: transplantatua naiz eta emailea naiz, ingelesez biak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.