ATZEKOZ AURRERA. Maria Jose Villa. Historialaria eta ikertzailea

«Historiaren jakintza atera egin behar da akademiatik»

XX. mende hasierako feminismoan jarri du arreta Maria Jose Villak, eta «mugimenduaren zenbait alderdi ezezagun» jaso ditu tesian. Bereziki, Benita Asas feministaren ibilbideari egin dio errepasoa.

Andoni Imaz.
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Maria Jose Villa (Barakaldo, Bizkaia, 1973) historialari eta EHUko ikertzaileak sakon aztertu du Benita Asas Manterola (Donostia, 1873 - Bilbo, 1968) feministaren ibilbidea Benita Asas Manterola eta Espainiako feminismoak (1873-1968) doktore tesian.

Nola izan zenuen Asasen berri?

XX. mende hasierako mugimendu feminista ikertzen ari nintzen, eta pentsatu nuen hiru emakumeren biografiarekin osatzea tesia; Benita Asas zen horietako bat. Azkenean, zorionez, argitaragabeko dokumentazioarekin egin nuen topo, eta iruditu zitzaidan merezi zuela tesia soilik hari eskaintzea.

Zerk egiten du horren berezi?

Feminismoaren ikerketa historiko guztietan, aipatu besterik ez zuten egiten. Ez zegoen ikerketarik edo erreferentziarik, nahiz eta pisu handia izan zuen zenbait elkarte garrantzitsutan. Jakin-mina eragiten zidan.

Feminista eta sufragistatzat zuen bere burua. Zer aldarrikatu zuen?

Feminismoaren bigarren eta hirugarren olatuen aldarrikapenak dira. Berdintasuna bera, emakumea sartzea bizitzaren esparru guztietan.

Zer ingurutan aritzen zen Asas?

Espainiako mugimendu feminista oso mugatua zen, zerikusirik ez zuen Ingalaterrakoarekin edo AEBetakoekin. Horrek eragin du garai haien inguruko ikuspegia ere mugatua izatea. Egia da Espainiakoak ez zirela militantzia handiko taldeak, baina presio talde edo lobby garrantzitsuak izan ziren emakumeen egoera hobetzeko.

El pensamiento femenino eta Mundo femenino aldizkariak zuzendu zituen Asasek. Nolakoak ziren?

Garai hartan, berdintasunaren aldeko aldarri argiarekin egiten zen prentsa feminista oso urria zen Espainia osoan. Feminismoa ezagutzera emateko beharretik sortu zuen Asasek El pensamiento femenino: proiektu pertsonala zen, berak finantzatua, Pilar Hernandez Celfa kolaboratzailearekin batera.

Non kokatzen zen ideologikoki?

Asasek defendatu zuen feminismoa ezin zela alderdikoia izan. Emakume bakoitzak izan zezakeen ideologia politiko bat, baina, haren ustez, mugimendu feminista alderdi batera atxikitzeak ekintzarako gaitasuna murriztuko zuen. Halere, sozialismoaren inguruan aritu zen Espainiako Bigarren Errepublikan.

Tesian, feminismoaren 100 urteko errepasoa egiten duzu.

Tesia biografia intelektual bat da: Asasen ibilbide intelektualaren bidez, argitara atera ditut Espainiako mugimendu feministaren zenbait alderdi ezezagun. Harreman estua zegoen feminismoaren ikuspegi ezberdina zuten taldeen artean.

Ahaztua zegoena atera duzu.

Garrantzitsua da prentsan eta historian egiten ari garen lana, nahiz eta lan historikoa batzuetan ez den asko baloratzen. Ezagutza transferitu behar dugu: unibertsitatean egiten duguna irits dadila herritarrengana. Historiaren jakintza atera egin behar da akademiatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.