ATZEKOZ AURRERA. Beñat Zarrabeitia. Kazetaria

«Jendearen arnasarekin eta bultzadarekin elikatzen gara»

Asko aldatu da Aste Nagusia Zarrabeitia 2006an kazetari moduan hasi zenetik. Aste Nagusiaren izaera parte-hartzailea goraipatu du, eta Konpartsak jaien «espiritua eta gorputza» direla azpimarratu.

Javi West Larrañaga.
Bilbo
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Aurtengoa hamahirugarren Aste Nagusia du Beñat Zarrabeitiak (Bilbo, 1983) kazetari moduan. Gara-rekin egin zituen lehen urteak, eta Hamaika Telebistarekin aritu da azken hiruen berri ematen.

Asko aldatu dira gauzak Aste Nagusian kazetari moduan hasi zinenetik ?

Dezente aldatu da dena; agian, ez hainbeste jaigunea. Jaigunea oraindik mekanotuboek osatzen dute, eta bizitza ematen diote pertsonek eta konpartsek, eta horrek ere bere horretan jarraitzen du. Orduan, aldarrikapen batzuk zeuden, eta, orain, berriak izan arren, esango nuke muinak —auzolanak eta parte hartzeak— berdin jarraitzen dutela. Bestalde, herritarron ohiturak ere nahikotxo aldatu dira; edateko ohiturak, besteak beste. Aldaketarik nabarmenenak teknologikoa eta kaleko edanaren gorakada zan dira. Hala ere, ez soilik 2006az geroztik, baizik eta 1978tik, Aste Nagusiaren espiritua eta gorputza Konpartsak izan dira.

Esperientziarekin, gauzak hobeto egiten dira, baina nekea ere nabarituko duzu.

Bai, desberdina da bekaduna edo arduraduna izatea. Azken batean,bai ikuspegia, bai lan egiteko era aldatu egiten da, eta, denborarekin,bazoaz mekanizatzen eta gauza batzuk estandarizatzen. Lehen, bost egun behar nituen antolaketarako, eta, orain, birekin moldatzen naiz.

Kaleko kazetaritza asko egiten duzue. Batzuetan, nekagarria suerta daiteke?

Bai, nik esango nuke nahikotxo egiten dugula, Aste Nagusian bizitza kalean dagoelako. Hasieran, gaztea zara, eta, agian, gehiago kostatzen zaizu. Baina jendeak ezagutzen zaituenean, errazagoa da, eta, nire ustez, hedabideontzat ezinbestekoa da jendearekin harreman hori mantentzea. Gu jendearen arnasarekin eta bultzadarekin elikatzen gara, eta gure jendea hemen dago.

Bilboko errealitatea kontuan izanda, zaila da programa horiek euskara hutsean egitea?

Ez, ez; Aste Nagusian, ez. Zoritxarrez, arazo gehiago ditugu egunerokoan, agerraldietan. Erakundeetatik hasita elkarte pribatuetaraino. Askotan, hor izaten ditugu arazoak solaskide euskaldunak aurkitzeko. Aste Nagusian, egia da konpartsaren batean gehiago kosta daitekeela euskal hiztun bat aurkitzea, baina beti dago norbait prest, hobeto edo okerrago hitz egiten duena. Eta uste dut aldarrikatu behar dela konplexu barik hitz egitea Bilbo aldean.

Azken eguna irrikarekin itxaroten duzu ala penarekin?

Bi sentimendu kontrajarriekin. Egia da nekagarria dela eta gorputzari astindua ematen diogula. Ez dugu berdin bazkaltzen, ezta lo egiten ere. Askotan egiten dugu berba Eurocopari edo MTVri buruz, baina Aste Nagusia da Bilboko ekitaldirik handiena -ziurrenik, ekonomikoki esanguratsuena—, eta, duda barik,parte hartzaileena. Altxor bat da hiriarentzat, eta Bilbo eraldatzen du bederatzi egunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.