TXAPELA BURUAN. Egoi Benitez. Indonesian bizi den ordiziarra

«Indonesian errazagoa da bizitza»

Urpekaritza irakaslea da Benitez Indonesian. Hango herritarrak lurrari lotuago bizi direla uste du: «Ez daukate hainbeste txorakeriarik».

RONNI ANDRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Itsasoarekin harreman estua izan du betitik Egoi Benitezek (Ordizia, Gipuzkoa, 1986), baina duela bost urtez geroztik harreman hori are estuagoa bihurtu da. Indonesiara joan zen bizitzera, eta urpekaritza irakasle dihardu White Manta Diving enpresako Blue Manta itsasontzian. Afizioa zena ofizio bihurtu du orain, eta gustura dago horregatik.

Nolatan joan zinen Indonesiara?

Txikitatik beti izan dut lotura handia itsasoarekin, aita Tarifakoa [Espainia] baita, eta oporraldi guztiak han igarotzen genituen. Urpean asko ibili izan gara, eta lotura hori geroz eta handiagoa bihurtu zen denborarekin. Baina bizitzak beste bide batetik eraman ninduen, Itsasondon [Gipuzkoa] enpresa batean lan egitera. Urte batzuk igarota, ez nengoen pozik egiten ari nintzenarekin. 2014an Indonesiara etorri nintzen oporretara, eta ikusi nuen urpekaritza munduan lan egiteko aukera sortu ahal zela. Etxera itzuli nintzen pentsatuz bulegoko lan hori ez zela niretzat. 2015eko apirilean etorri nintzen hona.

Urpekari gida izateko ikasketarik ez zenuen, ordea...

Ez, ikasketak egin nituen, eta Komodoko uhartean [Indonesia] lortu nuen lana, urpekaritza egiteko munduko lekurik onenean. Sei hilabete egin nituen kontraturik gabe, Indonesian kanpotar izanda lan baimena lortzeko irakasle ikastaroa eduki behar baita. Sei hilabete horien ondoren etxera itzuli nintzen ikastaroa egitera, eta berriz etorri nintzen. Orain, luxuzko ontzi batean nago.

Hara joan zinenean, zerk harritu zintuen gehien?

Bizimodua zein erraza den ikusteak, eta jendearen irribarreak. Bizitza errazagoa dela esango nuke.

Etxetik urrun zaude. Nola egiten diozu aurre egoera horri?

Hori da alderik txarrena, familiatik eta lagunengandik urrun egotea. Herrimina beti hor dago. Gaur egun, Internetekin eta Whatsappekin nahiko erraza da konektatuta egotea, baina, hala ere, zaila da. Ahal dudanean joaten naiz Euskal Herrira bisitan, baina, orain nagoen ontzian, lehenengo urtean zortzi hilabete jarraian egin nituen lanean, bidaia bat bukatu eta bestea hasi.

Esan duzu lagunen eta familiaren falta sumatzen duzula. Horiez gain, zeren falta nabari duzu?

Herri giroarena, pintxo-potearena eta lagunak ateratzen garenean dauzkagun elkarrizketena. Hemen ez daukagu hori. Lagunak badauzkat hemen, baina ez da berdin. Itsasontzian familia bat sortzen da tripulazioaren artean, baina portura iristean bakoitza berera joaten da.

Zein da Indonesiako egoera?

Turista asko etortzen da hona urpekaritza egitera, baina hegazkinetik txalupara doaz zuzenean. Hirian ez dira geratu ere egiten. Tartea dudanean eta hirietara noanean, bertako herritarrentzat deigarria da Mendebaldeko jendea ikustea.

Ekonomia turismoan oinarritzen da?

Bai, industria handirik ez dago. Munduko arrezife aberatsenak hemen daude. Herrialdea turismoan oinarritzen da.

Koronabirusaren eragina sumatzen al da?

Duela astebete arte, gauza ondo ikusten zen, baina egoera aldatzen ari da. Erreserba asko bertan behera geratu dira, eta aste honetako bidaia bost pertsonarekin ari gara egiten; normalean, hogei inguru izaten dira. Hurrengo astean, ontzia gelditu egingo da; beraz, eragina sumatzen ari da, bai. Jendea bidaiatzeko beldurrez dago, mundu osora iritsiko baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.