TXAPELA BURUAN. Ander Ortega. Pragan bizi den donostiarra

«Txekiarrek Praga berreskuratu dute orain»

Ortegak dio konfinamenduaren aurretik txekiera apenas entzuten zela Pragako erdigunean. Orain, itxialdiaren eraginez, agintari txekiarrak gertuko turismoa sustatu nahian ari direla azaldu du.

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Zazpi urte dira Ander Ortega (Donostia, 1995) Pragara joan zela. Medikuntza ikastera joan zen, Euskal Herrian horretarako aukerarik gabe geratu baitzen. First Faculty of Medicine Charles Universityn egin ditu ikasketak, eta astelehenean Euskal Herrira itzuliko da, BAME barruko mediku egoiliarren azterketa prestatzera.

Orain zazpi urte erabaki zenuenikastera atzerrira joatea. Luzera begirako erabakia hartu zenuen...

Bai, Euskal Herrian ezin izan nuenez medikuntza egin, Europan ikasteko azterketak egin nituen.

Gustura al zaude hartutako erabakiarekin?

Bai, oso. Ikasketak amaitu eta BAMEa egin aurretik bidaiatzeko erabakia hartu nuen, horretarako denbora eta dirua baineuzkan. Pentsa zer gustura egon ote naizen, martxoan Pragara etorri bainintzen hilabeterako bisitan. Heldu eta astebetera, ordea, koronabirusa iritsi zen.

Alegia, itxialdiak han harrapatu zintuela. Nola egon zara?

Zorionez, hemen egon naizen sei urteetan lagunak egin ditut, eta gela bat lortu nuen etxe batean.

Nolakoa izan da konfinamendua Txekian?

Europa ekialdean jendeak automatikoki erantzuten dio gobernuak dioenari. Bi aste pasatuta, maskarak erabiltzeko eskatu zuten, eta, ez zegoenez denentzako adina maskara, sudurra eta ahoa estaltzeko zerbait jartzeko eskatu zieten herritarrei.

Txekiako zerk eman dizu atentzioa?

Hizkuntzak. Bi hilabete behar izan nituen nire kalearen izena esaten ikasteko. Ezin nuen ondo ahoskatu.

Hizkuntza berezia da txekiera?

Euskaraz aritzeak laguntzen du hizkuntzak nola funtzionatzen duen ikasteko. Atzizkiak erabiltzen dituzte, eta horrek laguntzen du hizkuntza ulertzen hasteko.

Hizkuntza alde batera utzita, nolakoak dira txekiarrak?

Nahiko hotzak dirudite lehen begi kolpean. Ez baduzu txekieraz agurtzen, astebeterako mozkortzera eta zarata egitera etorri den turista bati bezala begiratzen dizute.

Praga oso hiri turistikoa da. Itxialdiarekin sumatu da turisten gabezia?

Bai, izugarri. Orain, turista denak etxean geratu dira, eta txekiarrek Praga berreskuratu dute.

Turismo ereduaren inguruko hausnarketa egiten ari al dira?

Barnealdeko turismoa gehiago sustatu nahi dute. Ni ez naiz txekiarra, baina bertako jende gehiago egotea eskertu egiten da.

Medikuntza ikasketak eginda, etxera itzultzeko gogoz al zaude?

Egia esan, ez. Nire bizitzaren zati handi bat hemen dago, eta orain medikuntza osteko BAMEa egiteko ahalegina egin beharra daukat.

Pragara itzuliko zara?

Bisitan, bai, baina, bizitzeko, ez dut uste. Nazioarteko unibertsitate batean ikasi dut, eta, ni bezala, jendea bere jaioterrira itzultzen ari da. Hemen geratuko banintz, orain arteko sarea galtzen hasiko nintzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.