ATZEKOZ AURRERA. Laida Ruiz. Ilustratzailea

«Sare sozialek zure ilustrazioak ikusarazteko balio dute»

'Zuhara, itsasoaren deia' izeneko liburuaren azala egin du Ruizek. Protagonistaren «poztasuna eta mundu berri bat deskubritzeko gogoa» islatu nahi izan ditu. Bere komiki propioa sortzea du amets.

JON URBE / FOKU.
ane insausti barandiaran
Lazkao
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
«Txikitatik» gustatu izan zaio marraztea Laida Ruizi (Lazkao, Gipuzkoa, 1996), eta ikasketak ere horri lotuta egitea erabaki zuen. Arte Ederretako Sorkuntza eta Diseinuko Graduaren ondoren, Liburu Ilustratuaren eta Ikus-Entzunezko Animazioaren Masterra egin zuen. Sare sozialetan zabaltzen ditu bere lanak, @laida_ninja kontuaren bidez.

Nola iritsi zitzaizun azala egiteko aukera?

Amaia [Telleria, idazlea] eta biok lehenagotik ari gara beste liburu batekin lanean, 36ko gerra garaiko bere familiari buruz. Liburu hau idatzita zeukan, eta, azala behar zutenez, argitaletxekoek hainbat ilustratzaile proposatu zizkioten. Hark esan zuen ni ezagutzen ninduela, eta galdetu zidan ea interesatzen zitzaidan. Baiezkoa esan nion.

Nola sortu duzu azala?

Testua oso bisuala da; irakurtzerakoan konturatu nintzen asko aipatzen zituela hondoko koloreak, eta hainbat elementu agertzen direla. Zuhara itsasoko munduan sartzen denez lehenengo aldiz, eta oso ondo pasatzen ari denez, hori transmititu nahi nuen azalean: haren poztasuna, mundu berri bat deskubritzeko gogo hori.

Haurren aurrean aurkeztu zenuten, Lazkaon. Nolako esperientzia izan zen?

Oso polita. Ludotekako haur talde bat etorri zen, eta Amaiak galdetegi moduko bat proposatu zien, jolasteko. Ni, bitartean, marrazten ibili nintzen, eta orri aurkitzaileak eman genizkien; ume bakoitzak marrazki bat eskatu zidan orri aurkitzailerako. Ikusi genuen interesa zutela eta gurasoren batek liburua erosi zuen.

Haurrentzako liburu bateko ilustrazioa sortu duzu, baina manga estiloko irudiak dituzu sare sozialetan.

Bai, denetarik egiten dut. Animea ikusten hasi nintzen duela bi urte-edo, eta asko kontsumitzen dut. Horrek azkenean eragina du zure marrazkietan. Zuri-beltzetan edo marretan, planoetan, komikietan... Leku guztietatik jasotzen duzu zerbait, eta hori zure eguneroko marrazkietan aplikatzen duzu.

Sare sozialek ateak irekitzeko balio dute?

Bai, Amaiak ni Instagrametik ezagutu ninduen. Twitterretik ere jende askok idazten dit, irudi bat gustatu zaiela esanez, edo komisioak eskatzeko. Horrela ateratzen dira hainbat lan: sare sozialek zure ilustrazioak ikusarazteko balio dute. Baina gertatu izan zait ideiak hartzeko Pinteresten sartu eta nik egindako irudiak ikustea, nire kontuetatik hartuta... Hein batean ilusioa egiten dizu, baina pentsatzen duzu: aizu, zer eskubiderekin hartu duzu?

Aurrera begira, zer duzu esku artean?

Amaiaren beste libururako ilustrazioak sortzen ari naiz, eta Idiazabalgo [Gipuzkoa] enpresa batek ere ilustrazio bat egiteko eskatu dit. Horrez gain, Enara Garmendia idazlearekin batera aurkeztu naiz gazteentzako album ilustratuak saritzen dituen Lazarillo sarira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.