Literatura

Autoaren atzetik, kotxea

Harry Crews idazle estatubatuarraren lanik esanguratsuenetako bat da 'Car'. Gaztelaniazko itzulpena argitaratu berri du Dirty Worksek; euskarazkoa, baina, lehenago plazaratu zuen Susak, 1993an.

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko literatura garaikidean espezializatutako Dirty Works argitaletxeak Harry Crews (19352012) idazlearen Car (1972) liburuaren gaztelaniazko itzulpena argitaratu berri du, Coche izenburupean. 1993an, baina, Susa argitaletxeak Autoa plazaratu zuen, Eduardo Matauko eta Kristin Addisek itzulia, eta Xabier Montoiaren hitzaurrea zekarrena. Ibilgailu horren txasisari erreparatuz gero, autorearen obsesio anitz antzeman daitezke, Crewsen lan biribilena baita.

Georgia estatuko Bacon County konderrian jaiotako idazlearen maisulantzat jo izan da Car. Javier Lucini Dirty Works argitaletxeko kide eta Crewsen gaztelaniazko itzultzailearen arabera, idazle estatubatuarraren «hieroglifo osoa» biltzen du. «Desegindako familia bat, sendi horretatik ihes egin nahi duen norbait, zerbait miresgarria eginez —kasu honetan, 1971ko Ford Maverick markako auto bat jatea—, eta ondoko hondamen handia: makineria handiaren mendekua amestera ausartzeagatik». Pertsonaiek ihes egiteko erakusten duten grina hori bere eleberri guztietan biltzen da, The Gospel Singer (1968) estreinako lan liluragarritik hasita. Ospa egiteko gogo hori, gainera, jaioterritik aldentzeko premiarekin lotzen du; edo herrixka abandonatu, eta hiritartzeko desirarekin. Car-ekin bere seme Patricken heriotza gainditu nahi izan zuen Crewsek, lau urterekin itota hil zena. «Sei astean idatzi zuen, apenas lorik egin gabe, substantzia kimikoen eta whiskiaren laguntzaz. Obra kasik apokaliptikoa da», dio Lucinik.

Crewsen idazkeraren beste ezaugarri nagusi bat umorea da, umore satirikoa, tristeziatik sortzen dena, betiere bizitza eta estilo estatubatuarra kritikatzeko baliatzen duena. «Ezkutu hori gabe, bere nobelak itogarriak izango lirateke. Nire ustez, AEBetako literaturako idazlerik satirikoena da. Eta izorra dadila kanona», dio Lucinik.

Euskarazkoa, aitzindaria

Sonic Youth rock taldeko Lee Ranaldoren bitartez ezagutu zuen Lucinik Car-en euskarazko itzulpena, Autoa, 2011n. «Acuarela argitaletxean Crewsen Body (1990) nobela plazaratu genuen, Lee Ranaldok Crewsi buruz hitz egin ostean; Ranaldoren Road Movies poema liburua argitaratu genuen aurretik. Hala, Interneten arakatzen, euskarazko itzulpenaren berri izan genuen. Haiek izan ziren benetako aitzindariak». Sonic Youth taldearen harira, Crews betidanik izan da New York hiriko talde zaratatsuaren unibertsoan ezinbesteko erreferentzia; esaterako, Kim Gordon baxu jotzaileak Harry Crews izeneko hardcore/no wave egitasmoa abiatu zuen 1987an, Lydia Lunch (gitarra) eta Sadie Mae (bateria) musikariekin batera. Urtebetez aritu ziren jotzen, 1988an, eta zuzeneko grabazioekin ondutako disko bakarra argitaratu zuten, Naked In Garden Hills (1990). Grabazio horretako doinu gehienak Crewsen liburuen izenburuekin izendatu zituzten. Sasoi hartan, gainera, Crews Madonnarekin eta orduko haren senar Sean Penn aktorearekin ateratzen zen. Like a Virgin-en egileak hauxe bota zuen: «Unibertsoko tiporik cool-ena da».

Car, halaber, Xabier Montoia musikari eta idazleak irakurri zuen Crewsen lehendabiziko eleberria izan zen. «Txundituta utzi ninduen: Zer zen hura?», adierazi du Montoiak. Crews iragan mendeko azken hamarkadaren hasieran ezagutu zuen M-ak taldeko abeslari ohiak, «Ithaca deritzon hiri batean», baina haren liburuak agortuta zeudenez, bisitatzen zituen hiri guztietako bigarren eskuko liburu dendetara jotzen zuen liburuok lortzeko. «Hala, pixkanaka, haren liburu gehienak eskuratu nituen. Eskuratu ez nituenak liburutegietatik hartu behar izan nituen».

Hala, Car-ek eragindako liluran hordituta, Susa argitaletxera jo zuen Montoiak, liburua euskarara itzul zezatela proposatzeko, eta bi lagun ere konbentzitu zituen lana egin zezaten: Kristin Addis eta Edorta Matauko itzultzaileak. «Liburu harrigarria iruditzen zitzaidan (hala iruditzen zait oraindik ere), Crewsen estilo, gai eta obsesioak oso ondo biltzen zituena. Liburu erakargarria iruditzen zitzaidan, gainera, irakurtzeko erraza, gozatzeko modukoa».

Addis eta Matauko itzultzaileek lan fina egin zuten garai hartarako; itzulpena, gaur irakurrita ere, bikaina baita. «Harrezkero ez dut irakurri, baina orduan pozik geratu nintzen. Sekulako lanak izan zituzten, batez ere autoaren atalak-eta euskaratzeko. Orduan ez zegoen horretarako hiztegia finkaturik, eta gauza batzuk asmatu egin behar izan zituzten, nik uste».

Hala, Crews itzultzea ez da batere lan erraza, ez euskaraz, ezta gaztelaniaz ere. Luciniren aburuz, Crewsek bere pertsonaien hizkeran, pertsonaion klasea eta eskualdea irudikatzen ditu, mota guztietako elementuak baliatuz. «Estandarra ez den hizkera adieraztean, ortografia manipulatzen du, ohiko metodoen bidez, eta eskualde jakin bateko ahoskerak biltzen dituzten metodoen bitartez, eta bere pertsonaiek morfologia eta sintaxi batere estandarra ez dena eta hegoaldeko kutsuduna erabiltzen dute. Pentsa ezazu nolako lana den xehetasun horiek beste edozein hizkuntzatara eramatea».

Hortaz, Susaren, Montoiaren eta bi itzultzaileen balentria azpimarratzekoa da. Halere, liburuak ez zuen uzan espero izandako harrera, eta, gaur egun, bost euroan lor daiteke, edo Susaren webgunean irakurri, doan. «Garai hartan itzulpen bakanak argitaratzen ziren, oso noizbehinka. Ulergarria, zein gutxi saltzen ziren ikusita. Autoa ere gaizki joan zen gure liburu dendetan. Zaputz ederra hartu nuen. Ezin nuen ulertu niretzat hain liburu bikaina zenak nola ez zuen lortu merezi zuen arrakasta. Oraindik ez dut oso ondo ulertzen».

Halere, Crewsen zorigaiztoko ibilbideari dagokion gertaera da euskal irakurleek Autoa merezi zuen arretarekin hartu ez izana, haren obra AEBetan ere lausotu egin baitzen. Luciniren iritziz, hegoaldeko idazleen patua da: desagertzera behartuta daude. Dirty Worksen xedea, hain justu, autore horien obra ezagutaraztea da; tartean, Larry Brown, Mark Richard edo Bonnie Jo Campbellena. «Dirty Works Harry Crews da. Haren ikuskerak, haren zabortegiko txatar begiradak, autobidea zeharkatu nahi baina autoak harrapatu zuen armadiloaren begirada horrek identifikatzen du amets estatubatuarraren beste aldea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.