ATZEKOZ AURRERA. Ivan Pastor. Kazetaria

«Batzuetan, futbolak balio batzuk zabal ditzake»

Palestinako futbolari buruz «deus ere jakin gabe» joan zen Pastor Zisjordaniara. Markaz Tulkarem taldeko jokalarien istorioen bidez, hango gatazkaren berri ematea du helburu orain.

Iker Tubia.
Iruñea
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Zisjordaniako Tulkarem hiritik liburu bat idazteko adina istorio ekarri ditu Ivan Pastorrek (Iruñea, 1993). Palestinako hiri hartako errefuxiatu zelai bateko futbol taldeari buruzko liburua kaleratuko du, Helena Bengoetxea eta Joseba Zabalzarekin batera. Gutxienekoa lortu arren, diru bilketa martxan da oraindik, erakusketa bat muntatzeko: goteo.cc/markaztulkarem.

Proiektu honek demostratzen du ez dutela futbola erabat ebatsi?

Bai, alde batetik, bai, eta hori azaldu nahi genuen: futbola komunitate sortzaile gisa, futbolaren balio sozialak, eta futbola nola izan daitekeen zenbait errealitate zabaltzeko bidea. Batzuetan, futbola negozioaren eremutik ateratzen da, eta balio batzuk zabaltzeko balio du.

Edozein gairi buruz mintzatzea Israelen okupazioaz hitz egitea da?

Noski, okupazioa transbertsala baita, eta futbolak ere ezin dio izkin egin horrek sortzen dituen arazoei. Kontua da Palestinako gatazkara beste modu batera hurbilduko ez liratekeen pertsonak erakar ditzakegula futbolaren bidez.

Nola eragiten du okupazioak futbolean?

Adibidez, askotan, kontrolguneren bat itxi, eta partida bertan behera utzi behar izaten dute. Beste adibide bat: jokalari bat kartzelan egon zen hilabetez, Jerusalem ekialdetik ateratzean ez zeramalako NANa.

Jammal Ghanem ez da soilik haien futbol zelaiaren izena, ezta?

Ghanem gazte aktibista bat izan zen Intifadan. Partida baten erdian, bost militar israeldarrek atzetik tiro egin zioten, korner bat ateratzear zela. Okupazioak erabat ukitzen ditu futbolari lotutako istorio horiek.

Errefuxiatuentzat, zer ondorio du talde honetan jokatzeak?

Palestinari buruz hitz egitean esan ohi da existitzea erresistitzea dela. Hau da, okupazioaren gainetik zure egunerokoari eustea bera garaipen bat da haientzat.

Kasu honetan, futbola ez da zirkua, beraz?

Egoeraren ondorioz, hala da. Baina, egoera aldatuko balitz, seguruenik zirkua litzateke, ez dut ukatuko. Gertuko futbola da, elkar ezagutzen dute, eta negoziotik aldendurik daude. Baina, jokalariei futbolaz galdetuz gero, Bartzelona eta Real Madril maite dituztela diote, eta izarrak izan nahiko luketela.

Oreka lortu duzue futbolaren eta gatazkaren artean?

Oso ongi bat egiten dute biek. Hau ez da Palestinako gatazkari buruzko liburu bat, horietako asko daude. Guri istorio pertsonalak interesatzen zitzaizkigun. Haiekin bizi izan gara, eta kontatu dugu nolakoa den taldearen egunerokoa, nolakoa den komunitatea, eta nolakoak jokalarien istorio pertsonalak. Adibidez, mailaz igotzeko gola sartu zuen jokalaria biharamunean puxikak puzten aritu zen, hori baita bere lana.

Ez duzue beharrik izan Tulkaremetik ateratzeko?

Uste dut Palestinako egoera ikusgarri egiten dugula testuinguru horrekin eta istorio horiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.