TXAPELA BURUAN. Asier Elorza. Kolonbian bizi den arrasatearra

«Kolonbian, koronabirusa arazo bat gehiago da»

Mundukiderekin kooperazio lanetan ari da Elorza Kolonbiako Pasto hirian. Herrialdeko gatazka oraindik itzali gabe dagoenean, uste du koronabirusaren eragina kalterako izango dela.

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
«Aspaldi» atera zen Asier Elorza (Arrasate, Gipuzkoa, 1977) Euskal Herritik. Mendi Ingeniaritza ikastera joan zen Palentziara (Espainia), eta ordutik herrialdez herrialde dabil. 2008tik Mundukide fundazioan dihardu. Gaur egun, Kolonbiako Pasto hirian dago, birziklatze kooperatibekin lanean.

Zergatik erabaki zenuen Euskal Herritik ateratzea?

Ez da arrazoi bakar bat egon. Nik gauza ezberdinak ikusi gura nituen, 22 urterekin ez bainuen bizitza monotonorik gura. Gauza bat joan zen bestearekin lotzen, eta batak bestera eraman ninduen...

Erraza izan al da?

Hautatzen duzunaren arabera.Ez da ez erraza, ezta zaila ere.Gustatzen zaizuna da, eta batek bestera eramaten du. Euskal Herrian oso herrikoiak gara, eta, asko bidaiatzen dugun arren, jendeak ez du denbora luzerako atera nahi izaten.

22 urterekin monotonia horri ihes egin nahi izan zenion. Lortu duzu?

Errutina beti iristen da. Mundukiden hiru edo lau urtean behin aldatzen dugu herrialdez, baina, hala ere, urtebetean errutina behar duzu. Gainera, orain bi haur ditut, eta ez pentsa Euskal Herrian egingo nuen bizimodutik oso ezberdina daukadanik. Hori bai, nire lana asko gustatzen zait.

Kolonbiatik zer egin zaizu deigarria?

Zein aberatsa den. Dena dago: 5.000 metroko izoztegiak, Karibeko hondartzak, Amazonia... Gura duzun dena daukazu.

Kolonbiako gatazkak ere piztuta jarraitzen du, bake akordioak sinatu ziren arren. Jendeak nola bizi du egoera hori?

Arazoak berdin jarraitzen du. Tira, berdin ez, baina arazoak hor jarraitzen du. Hiriburuetan egoera lasaiago dago; lasaitasuna lortu dute han, baina landa eremuan narkotrafikoaren eragina dute. Ni bizi naizen departamenduan, esaterako, kalkulatzen dute 64.000 hektarea koka dagoela. Pentsa horrek zenbaterainoko eragina duen gizartean. Koka ekoizten den lekuetan arazoa oso larria da, nekazariek ezin baitute asko hautatu, eta leku batzuetan ez da inor sartzen. Arazoak bere horretan jarraitzen du.

Egoera horretan egonda, koronabirusak nola jo du herrialdea?

Kolonbian arazo asko daude oraindik, eta koronabirusa beste arazo bat gehiago da. Pandemiak arazo horiei guztiei ez die asko laguntzen. Gaizki dauden herrialdeetan hala gertatzen da, beste arazo bat iristen denean, eragina beti okertzen dela.

Etxealdi garaian nola izan duzu etxekoen berri?

Gure amak hemen geratu behar izan du. Semea duela sei hilabete jaio zen, eta ama duela bi hilabete etorri zen haurra ezagutzera. Hemen geratu behar izan du, ez baitauka itzultzeko hegazkinik. Etxekoen berri, beraz, horrela daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.