Espainia. Rajoyren aurkako zentsura mozioa

'Rajoyismoaren' azken orduak

Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa onartuko dute gaur, EAJren botoekin. Bozen eguna adosteko eskatu dio Estebanek Sanchezi; jeltzaleak «lehentasunezko bazkidetzat» jo ditu PSOEkoak

Irene Montero Unidos Podemos taldeko bozeramailea eta Aitor Esteban EAJko eleduna, atzoko saioko une batean. KIKO HUESCA / EFE.
jon olano
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresua isilik zegoen atzo 17:20an. Pertsona bakarra zegoen hizketan, ohiko zurrumurruen zaratarik gabe. Denak adi. Aitor Esteban EAJko diputatuak zuen hitza, eta azaltzen ari zen jeltzaleek zer bozkatuko duten gaur, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen aurkako zentsura mozioaren aurrean. Diskurtso amaieran argitu zituen zalantzak: «Gure kontrako botoak egonkortasun handiagoa eragingo luke kongresuan eta gobernuan? Ez. Euskal herritarren gehiengoak eskatzen duena egingo dugu, baietz bozkatuta». Gaur, bozketa galtzean, 2011ko azaroan lortutako presidentetza galduko du Rajoyk.

350 diputaturen artean, bost dira EAJk Espainiako Kongresuan dituen ordezkariak. Gainerako talde politikoen jarrerak argituta, ordea, EAJko bostak erabakigarriak dira gaur bozkatuko den zentsura mozioa aurrera ateratzeko. Ciudadanosek, UPNk, CCk eta Foro Asturiasek PSOEren zentsura mozioa babestea baztertuta, Pedro Sanchez PSOEko presidentegaiak beharrezko zuen Unidos Podemosen, EAJren, PDeCATen eta ERCren babesa, 176 diputaturen langa gainditzeko. Horien guztien oniritzia jasoko du gaur, atzoko eztabaidan talde horiek jakinarazi zutenez.

«Egonkortasuna» ziurtatu nahi zuen EAJk joan den astean, aurrekontuen tramitazioarekin jarraitzea onartu zuenean. Hala gogorarazi zuen atzo Estebanek. Gurtel auziko epaiaren eta Ciudadanosek PPri babesa kentzearen ondoren, ordea, EAJk ez zuen ziurtatuta ikusten egonkortasun hori, PPk gobernuan jarraituta ere. PP, PSOE, Podemos eta Ciudadanos egin zituen egoeraren erantzule: «EAJk ez du Espainian gobernu bokaziorik. Lauron artean sortu duzue egoera hau, eta erantzukizun hau egokitu zaigu. Ez da erraza erabakitzea, baina egin dugu». Joan den astean kontuak babestuta, hauteskundeak —eta Ciudadanosek irabaztearen mamua— urrundu nahi zituen EAJk; orain, Sanchezi babesa emanda, Estebanek eskatu zion hauteskundeen eguna adostea.

Eskertuta erantzun zion Sanchezek, eta iradoki zuen EAJk pisu esanguratsua izango duela hilabeteotan. «Lehentasunezko bazkidetzat» jo zituen jeltzaleak, eta esan zuen Espainiako politikak baduela zer ikasi euskal politikatik: «Jakin duzue aniztasunean lan egiten, eta hori errealitate bihurtu da parlamentu honetan». Hitzeman zion «aro berri bat» zabalduko dela Espainian, eta «Euskadirentzat ona» izango dela.

EH Bilduk ere babestuko du mozioa, «garbitasun demokratikoagatik», Marian Beitialarrangoitia diputatuak azaldu zuenez: «155.aren gobernua da frankistak ohorez agurtzen, torturatuak indultatzen eta txiolariak espetxeratzen dituena. PP gobernutik kentzearen aldeko botoa da». Hala ere, oharra egin zion Sanchezi: «Ez pentsa Rajoy kentzeko gogoa nahikoa denik. Ez dugu konfiantzarik zuregan». Izan ere, Beitialarrangoitiaren iritziz, «Rajoyk edo Sanchezek gobernatu», Espainian ez dago «indar korrelaziorik egiazko demokratizazio baten alde».

Katalanen baiezko kritikoa

Kataluniako alderdi independentistak dira mozioak arrakasta izateko beste ezinbesteko pieza bat. ERCk esana zuen bere bederatzi diputatuek aldeko botoa emango dutela, eta hala baieztatu zuen atzo Joan Tarda diputatuak: «Gure baiezkoa Sanchezi, Rajoyri emandako ezezkoa da. Gure baiezkoa, funtsean, ezezko bat da, PSOEk ahaleginak egin baditu ere PPren antza izateko». Espainiako Gobernuak Kataluniako prozesu subiranistaren aurrean izandako jarrera Erresuma Batuak Eskoziarekiko izandakoarekin alderatu zuen Tardak, eta Sanchezi galdetu: «Erabaki behar duzu Tony Blair izan nahi duzun, edo John Major, Margaret Thatcher ez esatearren».

PDeCATeko zortzi hautetsiek ere babestuko dute, «desadostasunez» bada ere, «Rajoy kanporatzeko eta PPren gobernuaren aro hau amaitzeko». Tonu adeitsuan erantzun zien biei Sanchezek, «zubiak eraikitzera» deituz, betiere «Espainiako Konstituzioaren eta Kataluniako Estatutuaren» barruan: «Konpondu behar dugu nola uztartu nazio sentimendua estatuarekin».

Unidos Podemosek duela urtebete aurkeztu zuen Rajoyren aurkako mozioa. Ez zituen beharrezko botoak lortu. Halere, Rajoy kargugabetzeko «hazia» izan zen hura, atzo Pablo Iglesias Unidos Podemoseko bozeramaileak esan zuenez: «Azkenean, etxera bidali dugu PP». Pozik agertu zen zentsura mozioak gehiengoa lortuko duelako, baina ausardiaz jokatzeko eskatu zion Sanchezi, batez ere auzi nazionalean, eta ez uzkurtzeko PPren aurrean: «Ezin duzu onartu ustelek zu umiliatzea. Espainiar guztien presidente izango zara, aurrerabide ortzimuga bat aurkeztu behar duzu. Espainiar guztien presidente izan nahi baduzu, ezin zara gaitz erdikoa izan». Galdegin zion erakusteko izan dezakeela PPrena baino gobernu sendoago bat: «85 diputaturekin, ezin da gobernatu gobernu akordiorik gabe. Izan XXI. mendeko lehen presidentea ulertzen dituenak Espainian izandako aldaketak». Esaldi deigarri batekin bukatu zuen Iglesiasek: «Hauteskundeak elkarrekin irabaztera» dei egin zion Sanchezi.

Gaur 09:00etan berrekingo diote eztabaidari, eta eguerdi ingururako espero da bozketa. Modu bakarra legoke bozketa hori eragozteko: Rajoyk dimisioa aurkeztea. Aukera horren zurrumurrua zabaldu zen atzo, bainagezurtatu egin zuen Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak: «Ez lioke mesederik egingo Espainiaren interes orokorrari, ezta PPkoari ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.