'Brexit'-a. Eskoziaren independentzia

2021eko maiatza ostertzean

Eskozia EBtik ateratzen bada, Sturgeon lehen ministroak bigarren independentzia erreferenduma sustatuko du. Galdeketa hori arautzeko lege proiektua aurkeztuko du urtea amaitu baino lehen

Eskoziaren independentziaren aldeko hainbat ekitaldi egin dira azken urteotan. Irudian, iazko abuztuan Glasgow hirian eginikoa; 35.000 herritarrek parte hartu zuten. REMEI CALABUIG / EFE.
ander perez zala
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Brexit-aren kaosak ateak ireki dizkio Eskoziako Gobernuari bigarren independentzia erreferenduma sustatzeko. Kontuan izanda Erresuma Batuko Gobernuak Europako Batasunetik (EB) ateratzeko prozesua kudeatzeko era «oso okerra» izan duela, eta argudiatuta hori egiteak ondorio negatiboak izango dituela Eskoziaren ekonomian, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa gero eta estuago hartzen ari ziren haren alderdikideak, gobernukideak eta independentziaren aldeko mugimendua, beharrezko pausoa eman zezan. Berez, duela bi urte zen hori egitekoa, baina atzeratuz joan da adierazpen erabakigarria, brexit-ak eragindako «ziurgabetasunarengatik». Baina hartu du jada konpromisoa, eta baita jendaurrera plazaratu ere: Eskozia EBtik ateratzen bada, Edinburgok bigarren independentzia erreferenduma sustatuko du, 2021eko maiatzaren aurretik egiteko. Ez hori bakarrik: urtea amaitu baino lehen aurkeztuko du Eskoziako Parlamentuan galdeketa hori egiteko lege proiektua, eta urtea amaitu baino lehen onarrarazteko asmoa du.

Ez da kasualitatea jakinarazpen hori atzo egin izana. Ondo kalkulaturiko erabakia izan da, Eskoziako lehen ministroak hainbatetan esan baitu brexit-aren egoera argitzean emango zuela independentziari buruzko eguneraketa. Badaki ez dutela horrelako galdeketak egiteko eskumenik, ez Eskoziako Gobernuak ezta hango parlamentuak ere, eta beraz Londresi eskatu beharko dizkiola baimena eta boterea, Eskoziako Legearen 30. Sekzioaren bidez, 2014an egin bezala. 2017an, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ezezkoa eman zion Eskoziako Parlamentuak erreferendum hori egiteko eskaria egin zuenean; hark ere EBtik ateratzeko prozesua jarri zuen aitzakiatzat erabaki hori argudiatzeko, eta ohartarazi zuen ez zela erreferendumik izango bera lehen ministro izan bitartean. Bada, May inoizko egoera politikorik okerrenean dago, eta dagoeneko jakinarazi du kargua utziko duela Komunen Ganberak brexit-erako akordioa onartzen badio. Beraz, Sturgeonek badaki beste gobernu bat iristear egon litekeela, eta hori positiboa izan daitekeela bere asmoentzat.

Eskoziako lehen ministroarentzat, Londresen eta Edinburgoren arteko «status quo-a hautsi egin da», eta EBtik ateratzeko prozesua jo du erruduntzat, Eskoziaren interesei erreparatuta. «[Lehen galdeketatik] sumatu dugu zeintzuk diren Eskoziak Erresuma Batuan duen eraginaren mugak, eta aldi berean zer botere duten nazio independenteek EBko kide gisa. Westminsterrek muzin egin die Eskoziaren interesei, eta, aldi berean, EBk Irlanda independentearenak babestu ditu», argudiatu zuen atzo Eskoziako Parlamentuan. Are, honako etorkizun hau ikusten dio Eskoziari brexit-a gauzatuko balitz: «Ekonomia txikiagoa, lan hazkunde mugatua, jende gutxiago, ostertz estuagoak eta presio handiagoa zerbitzu publikoak eta kontratu soziala finantzatzeko gure gaitasunean».

Sturgeonen iritziz, Eskoziak harreman ahalik eta estuena izan behar du EBrekin, eta horregatik eskatu zien Mayri eta Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruzagiari Erresuma Batua aduana batasunean eta merkatu bakarrean gera dadila. Bi agintarientzat, baina, horiek ez dira lehentasunak, eta merkatu bakarretik ateratzeak ekarriko luke, besteak beste, amaitzea mugimendu askatasuna, Eskozian eta batez ere gobernuan asko miresten duten printzipioa. «Brexit-a ez da parlamentu honen erabakia izan, ezta herrialde honena ere». Eskoziarren %62 zeuden EBtik ateratzearen aurka.

'Brexit'-aren menpe

Bigarren galdeketarako prozesua brexit-aren araberakoa izango da, Eskoziako lehen ministroak atzo argi utzi baitzuen ahaleginetan jarraituko dutela Erresuma Batua EBtik ateratzeko prozesua gelditzeko. Baina, aldi berean, ohartarazi zuen gertakari horretaz «ikasi beharra» dutela, hartara hautesleen babesa segurtatzeko bigarren erreferenduma eginez gero eta oposizioko alderdiekin adosteko Eskoziaren etorkizun politikoa. Alegia, Mayk urteotan izan duen jarrera ikusirik, negoziaziorako eta elkarrizketarako soslaia erakutsi nahi izan zuen. Baina argi du helburua: «[Herritarrei] aukera eman behar zaie Brexit-aren eta Eskozia Europako nazio independente bat den etorkizun baten artean». Eta, horretarako, Herritarren Biltzarrak sortuko ditu, eskoziarrek auziaz eztabaida dezaten.

David Mundell Erresuma Batuko Gobernuaren Eskoziarako ministroak gogor kritikatu zuen Sturgeonen plana, eta deitoratu zuen Eskoziako lehen ministroak «aldaketa konstituzional sakonak egiten» jarraitzen duela, «nahiz eta argi dagoen Eskoziako herritarren gehiengoak ez duela beste independentzia galdeketarik nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.