Venezuela. Gobernuaren neurriak

Zerorik gabeko dirua, zero askoko inflazioa

Prezioen neurrigabeko igoera eteteko, Venezuelako Gobernuak diru berri bat sortu du, eta gutxieneko soldata 35 aldiz handitu du. Oinarrizko elikagaiei «bidezko prezio bat» ezarriko die gaur

Iker Aranburu.
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Venezuelan, zeroak kentzea da gakoa. Zeroz gainezka dago inflazioa: estatistika ofizialik ez dago aspaldi, baina Nazioarteko Diru Funtsak iragarritakoa betetzen bada, milioi batera iritsiko da urtearen amaieran. Ekonomiaren egoera txarraren sintoma eta gaitza den hiperinflazioaren aurka borrokatzeko debaluazio handi bat egin du Nicolas Maduroren gobernuak, %96koa —funtsean, bolivarraren balioa merkatu beltzean zuenarekin parekatu du—. Bost zero kendu dizkie billeteei, eta diru berri bat sortu du, bolivar subiranoa izenekoa. Atzo izan zuen estreinaldia, egun ezohiko batean, trantsizioa errazte aldera, jaieguna deklaratu zuelako Caracasko gobernuak.

ZERGATIK KENDU DIZKIO BOST ZERO DIRUARI?



Debaluazioaren arrazoi nagusia da inflazioaren aurka borrokatzea. Hau da, neurri horren eta beste batzuren artean lortuko duela prezioen igoera kontrolagaitza kontrolatzea, eta herrialdeko ekonomia egonkortzea.

Bada arrazoi praktiko bat ere:oso zaila edo ezinezkoa da funtzionatzea oinarrizko produktuek milioi askoko prezioak dituztenean. 2.500.000 balio zuen arroz kiloak bolivar zaharrekin, 12.500.000 oilaskoak, 3.000.000 azenarioak... Kalkulurik sinpleenak ere galarazten dituzte zeroek.Gainera, produktu horiek eskudirutan ordaindu ahal izateko, billete mordoa behar ziren; gero eta gehiagotan, inprimatu diren paperaren prezioa balio ez zuten billeteak.

FUNTZIONATUKO AL DU?



Baietz dio Nicolas Maduro presidenteak. Horren arrazoietako bat da bolivar subirano berria petroaren baliora lotuta egongo dela, eta hura, berriz, Venezuelako petrolio upelaren baliora. Hau da, diruak gorabehera txikiagoak izan beharko lituzkeela. Presidenteak salatu du azkenaldian «Miamiko Dolar Today webgunean» erabakitzen zutela, eta haren boterea higatzeko baliatzen zuela oposizioak. Petroa martxoan sortutako kriptodiru bat da, eta babes gisa Venezuelako petrolio erreserba itzelak ditu —munduko erreserben %17—.

Oposizioak, berriz, azpimarratu du billeteei zeroak kentzeak ez duela balio, berez, inflazioa txikitzeko; hau da, prezioak berdin igoko direlako produktuen prezioa bat ala bestea izan. Kalkulatu dutenez, inflazioa jaisten ez bada, oraingo billeterik handienak bost euro eskas balioko du hilaren amaieran, eta hogei zentimo 2018 bukatzen denean.

ZERBAIT GEHIAGO EGIN DU MADUROREN GOBERNUAK?



Bai. Billeteei bost zero kentzea plan baten zati bat besterik ez da.Madurok agindu du gutxieneko soldata 35 aldiz handituko dela irailaren 1etik aurrera: 5.196.000 bolivar zena 1.800 bolivar subirano izango da aurrerantzean, hau da, petro erdi bat edo 40 euro.

Hirugarren hanka bat du Maduoren «plan miragarriak», igande gauean Facebook live plataformaren bidez zabaldu zuenez. Gaur hasiko dira kaleratzen oinarrizko produktuek izan behar dituzten «bidezko prezioak». Diru berrira eta gutxieneko soldatara egokitutako prezio horiek defendatzeko eskatu zien presidenteak iraultza bolivartarraren aldekoei, eta oharra egin zien prezioak igo nahi dituzten merkatariei: «Adi prezioen aldaketa ero bat egin nahi duten guztiek; kontuz, kontuz...».

Trantsizioa errazteko eta prezioen egonkortasuna ziurtatzeko,beste erabaki bat hartu du Maduroren gobernuak: hilabete eta erdiz estatuak ordainduko ditu industria txiki eta ertainetako langileen soldatak, «prezioak igotzeko aitzakia izan ez dezaten».

ZERGATIK DAGO VENEZUELA KRISI GORRIAN?



NDFk kalkulatu du 2013-2017koepean erdira jaitsi dela barne produktu gordina, eta aurten beste %18 jaitsiko dela. Elikagaiak eta sendagaiak falta dira, pobrezia asko hedatu da berriro, eta milaka herritar ihes egiten ari dira. Ekonomiaren hondoratzearen arrazoietako bat da petrolio ekoizpena behera doala. 1999an, Hugo Chavez boterera iritsi zenean, PVDSA enpresa publikoak 3,2 milioi upel petrolio ekoizten zituen egunero, eta maila horri eutsi zion hamar urtez. Baina orduz gero ekoizpena ia urtez urte jaitsi da, eta, gaur egun, 1,5 milioi upelera ere ez da iristen. Sekulako arazoa da hori petrolioaren salmenta diru sarrera nagusi gisa duen herrialde batentzat. Gobernuaren kutxak hutsik daude: aurten, defizit publikoa BPGaren %20 izango da.

Ekoizpenaren erorketa PDVSA petrolio konpainia publikoaren kudeaketa oker eta partidistari leporatzen dio oposizioak. Zati bat kostu azpiko prezioetan saltzen da Venezuelan bertan, eta beste bat Errusiari eta Txinari maileguak itzultzeko baliatzen ari da. Ondorioz, PDVSAri dirua falta zaio hornitzaileei eta nazioarteko bazkideei ordaintzeko, eta batzuk zein besteak alde egiten ari dira.

Gobernuak, berriz, dio AEBek indarrean jarritako zigorrek eta oposizioak eta enpresaburu handiek bere aurka jarritako «gerra ekonomikoak» eragin dutela jaitsiera, baina urte hasieran berriro gora egingo duela agindu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.