Gerra Ukrainan

Ukrainako exodoa Siriakoa baino handiagoa da, UNHCR-ren arabera

ander perez zala
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Iragan otsailaren 24an Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik, 6,8 milioi lagun atera dira herrialde horretatik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak atzo jakinarazi zuenez. Hortaz, Ukrainakoa egungo «errefuxiatu krisirik handiena» da, Siriako kopuruak gainditu baititu.

Herrialde barruan ere izan dira desplazatuak, eta horiek zortzi milioi inguru dira; beraz, hamabost milioi bat herritarrek utzi behar izan dute beren etxea, herrialdeko biztanleriaren heren batek.

UNHCR-ren arabera, gerra hasi zenetik 2,2 milioi lagun itzuli dira, baina bidaia horiek «joan-etorriak» dira, «senideak bisitatzen» baitituzte edo beren jabetzen egoera «aztertzeko» egiten dituzte. Hau da, itzuleretan ez dago «fluxu egonkor bat».

Inguruko herrialdeen artean, Polonia da errefuxiatu gehien jaso duen herrialdea: 3,6 milioi, Ukrainatik atera direnen erdiak baino gehiago. Horren atzetik daude Errumania (milioi bat inguru) eta Errusia (970.000), esaterako.

Azken asteetan beheranzko joera erakutsi du Ukrainatik irten diren herritarren kopuruak, baina oraindik ere «milaka» ateratzen dira herrialdetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.