Koronabirusa

Espainiako Kongresuak bizitzeko gutxieneko diru sarrera onartu du

Ia alderdi guztiek babestu dute lege dekretua. Neurriak 850.000 familiari lagunduko die hilero

Pablo Iglesias Espainiako presidenteordea Kongresuan, atzo, dekretua aurkeztu ondoren. BALLESTEROS / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
«Bizitzeko gutxieneko diru sarrera bermatzea justizia sozialaren aldeko neurri bat da, eta serio hartu behar dugu demokraziaren oinarrietako bat: aberastasunaren banaketa». Pablo Iglesias Espainiako presidenteordeak eta Unidas Podemoseko buruak hala aurkeztu zuen Espainiako Kongresuak atzo onartu zuen dekretua, gutxieneko diru sarrerak arautuko dituena.

Neurriak 850.000 familiari lagunduko die, gutxieneko 461 euroko diru sari bat bermatuz. Egiturazko laguntza berriak muturreko pobrezian dauden bost familiatik lau laguntzea da asmoa, eta guraso bakarra duten eta egoera zaurgarrian dauden familien %90. Laguntza berriak 3.000 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, zeinak Espainian Gizarte Segurantzak kudeatuko dituen, eta Hego Euskal Herrian, berriz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Kudeaketaren transferentzia EAJk hitzartu zuen Espainiako Gobernuarekin, eta datorren urriaren amaierarako egon beharko du itxita.

Iglesiasen arabera, «suspertze ekonomikorako ere ezinbestekoa da neurria, diru hori zuzenean kontsumora joango baita». Haurren pobreziaren aurka egiteko ere balioko duela azaldu zuen: «Halako neurriak dira amorruaren diskurtsoen eta konfrontazioen aurkako txertorik eraginkorrenak».

EH Bilduko Oskar Matuteren iritziz, neurria «beharrezkoa da, baina ez nahikoa»: «Egiturazkoa izan beharko lukeen eskubide bat bermatzeko lehen pausoa da». Dekretuari garrantzi handia eman zion EAJko Iñigo Barandiaranek ere; haren iritziz, «ziurrenik, historia garaikidean hartu den neurri sozialik garrantzitsuena» baita atzo onartutakoa.

Iglesias pozik agertu zen PPk neurria babestu zuelako,ganbera osatzen duten ia talde guztiek bezala; Santiago Abascal buru duen Vox izan zen ezezkoa eman zutenetako bat. Dena den, bozketako emaitzek batasun irudia ematen badute ere, bestelako irudi bat proiektatu zuen atzo Espainiako Kongresuak, beste behin ere.

Bozketaren aurretik egin zuten gobernuaren kontrolerako saioan, hautsak harrotu zituzten alderdi nagusiek. Hori da azkenaldiko joera; igaro dira aste batzuk PPk alarma egoera babesteari utzi zionetik, eta gobernuaren aurkako jarrera gogorra hartu du ordutik.

Elkarri mokoka

Sanchezek «eskuin muturraren bidea» hartzea aurpegiratu zion Pablo Casado PPko buruari, eta goraipatu egin zuen gobernuaren kudeaketa: «Ikerketa independente baten arabera, alarma egoerak 450.000 bizitza salbatu ditu. Gaur bizitzeko gutxieneko diru sarrera onartuko dugu, eta hor daude aldi baterako erregulazioak eta autonomoei emandako laguntzak ere. Zuk zer egin duzu aste honetan? Fronte bateratu bat osatu eskuin muturrarekin, gobernua bere lekutik kentzen saiatzeko».

Tartean, alderdi independentistak erabili zituzten elkarri erasotzeko. Besteak beste, Casadok «Kataluniaren autodeterminaziorako mahaiari berriz ekitea eta Bildurekin eta ERCrekin akordioak adostea» egotzi zion PSOEren buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.