Koronabirusa

Save the Children kezkatuta agertu da haur pobrezia hazten ari delako

Erakundearen EAEko taldeak bizi baldintzen inguruko inkestaren emaitzak aztertu ditu. 41.515 haur eta nerabe pobrezia larrian daude

Familiak balkoietan, konfinamendu aroan. JON URBE / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Save the Children erakundearen Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteak ohartarazi du bereziki kezkagarria dela 18 urtetik beherakoen artean pobrezia larriak izan duen gorakada. Izurri betean, 41.515 haur eta nerabe txirotasun larrian bizi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 2019an baino 5.783 gehiago. Espainiako Estatistika Institutuak bizi baldintzei buruz osatu duen azterketaren emaitzak dira. Aztertu dituzten datuen arabera, pobrezia larria 1,4 puntu areagotu da haur eta nerabeetan: %13,2ra iritsi da. Helduena, ordea, puntu bat gutxitu da, eta %9ko indizea du orain.

Eman dituzten datuen arabera, pandemiak ez du inpaktu bera izan mutilengan eta neskengan. Pobrezia larriaren tasa desberdina da sexuaren arabera: hiru aldiz handiagoa da nesken artean mutilen artean baino; %20,3 eta %6,6, hurrenez hurren. Save the Childrenek etxe barruko arrakalari ere erreparatu dio; azterketak agerian utzi du seme-alabak ardurapean dituzten familietan metatzen dela bereziki pobrezia oraindik ere. Ardurapean haurrak dituzten familien %10,2 premia larrian daude. Ez horrela umerik gabeko etxeak: %6,5ek dute beharrizana. Erakundearen hitzetan, «egoera bereziki kaltebera» dute, gainera, guraso bakarreko familiek.

Transmisioa eten ezinik

Charo Arranz EAEko Save the Children erakundeko zuzendariak eskatu du pobreziaren transmisioa apurtzen duten politikak sustatzeko: «Haur pobreziak zuzenean eragiten du gure gizartearen talentuan eta potentzialean, eta horren eraginak denboran irauten du. Izan ere, bost kasutatik lautan belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira». Halaber, Arranzek salatu du krisi ekonomikoaren ondorioek desberdin eragiten dietela adingabeei gurasoen jatorrizko herrialdearen arabera, egoera larrienak seme-alabak ardurapean dituzten familia migratuetan pilatzen direlako: «Guraso atzerritarrak dituzten haur eta nerabeek bost aldiz arrisku handiagoa dute pobrezia larrian bizitzeko».

Gizarte babesa sendotzea da Save the Children taldeak egoera iraultzeko egin duen proposamenetako bat. Haien ustez, «funtsezkoa» da laguntza neurri guztiak arintzea, erraztea eta eskuragarri jartzea: izan bazterkeria eta pobrezia egoerak aratzeko funtsak ezarriz, larrialdietan esku hartuz, lana erregulatzeko espedienteak osatzeko autonomia bermatuz edo errentak aurreratuz.

Aurrez aurreko arreta zerbitzua bide telematikoagatik ordeztu izanak trabak sorrarazi dizkie erabiltzaile batzuei, eta are zaurgarriago bihurtu ditu, Save the Children erakundearen arabera: «Ez da komeni ahaztea esparru digitalarengatik jende askok zailtasunak izan dituela zenbait laguntza lortzeko izapideak betetzeko». Era berean, diru sarrerak bermatzeko, errentaren «premiazko» erreforma exijitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.