Jaurlaritzaren diru laguntzak. Euskal hedabideak. Alberto Barandiaran. Hekimeneko zuzendaria

«Helburu izan behar du hedabideen irismenak, ez abiapuntu»

Urriak dira euskal hedabideentzako diru laguntzak, eta ez daude ondo ezarrita emateko irizpideak; Hekimeneko zuzendariak argi du horren guztiaren ondorio direla Jaurlaritzaren aurtengo laguntzek sorturiko eragozpenak.

arantxa iraola
2014ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Euskal hedabideak sektore gisara aintzat hartzea eta dagozkien diru laguntzak lortzen laguntzea: herri ekimeneko euskal hedabideen elkarte Hekimenen jomuga da. 2011tik ari da lanean, eta Alberto Barandiaran da zuzendaria (1964, Altsasu, Nafarroa). Kezkaz hartu du Jaurlaritzaren diru laguntzen gaineko erabakia. «Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren laguntzak oso inportanteak dira sektorearentzat, eta askotan iraun edo desagertzeko marrara eraman ditzakete hainbat hedabide».

Irismenaren irizpidea lehenetsi dute aurten Jaurlaritzan diru laguntzak emateko. Zer gogoeta eragin du horrek Hekimenen?

Irizpideei buruz hitz egitea ondo dago, eta irismenaz aritzea ere bai; hedabide guztien helburua da ahalik eta jende gehienarengana iristea. Baina hedabideen irismenak helburu izan behar du, ez abiapuntu. Gainerakoan, gertatzen da orain gertatu dena: kalteak sortzen dira. Izan ere, tradizio eta ezaugarri ezberdinetako hedabideak daude: nazionalak, eskualdetakoak, tokikoak, Internetekoak... Irismen ezberdinak daude, irismenak neurtzeko era diferenteak, eta hori guztia ondo aztertu eta neurtu gabe zaila da horrelako laguntza inportanteak banatzea. Horregatik, guk nahi dugu hitz egitea irizpideei buruz , eta ez irizpide bati buruz.

Hekimeneko hedabide batzuei diru gehiago ekarri die aldaketak, tokikoei bereziki. Beste batzuei urritu egin dizkie; hedabide nazionalen kalterako izan da. Zein da denen mezu bateratua?

Hemen arazoa ez da batzuei diru gehiago eman zaiela; horiek behar zuten, tokiko hedabideek behar zuten, eta merezi zuten. Urte askotan egindako eskaria hor dago. Baina diru gehiago behar du, orokorrean, sektoreak.

Poltsa handitu ez, eta sektorea itolarrian dago oraindik, beraz...

Bai, hori da. Gainera, azpimarratu behar da aurrekontu orokorrekiko ehunekoa jaisten ari dela etengabe azken urte hauetan, eta hori ere Jaurlaritzari helarazi diogu; hizkuntza politikarako dirua ari da pisua galtzen. Azken hiru urteotan diru laguntza bera egon da euskal hedabideentzat, eta, kontuan hartuta aurten ere aurrekontuak igo egin direla, ba, ez dira ari diru bera ematen: gutxiago ematen ari dira. Hori guztia jarri behar da mahai gainean, eta gure mezu nagusia argia da: poltsa handitu behar da, eta sektorea garapenerako bidean jarri behar da.

Jaurlaritzak eskatu dio Hekimeni iritzirik aurtengo laguntzetarako hautaturiko irizpideez?

Jakinarazi zitzaigun irizpide horiek erabiliko zirela, baina ez ziren gurekin hitz egin edo adostu;horrela aldatzea kalterako da.

Gainerakoan, zer moduz doaz irizpide berriak hitzartzeko elkarrizketak administrazioarekin?

Mantso goaz, nahiko genukeena baino mantsoago. Baina gure mezua da jarraitu nahi dugula eztabaidarekin: adostasun gutxieneko batzuetara heldu behar dugu.

Eta Jaurlaritzaren partetik bada jarraitzeko borondaterik?

Esan ziguten prest daudela hitz egiteko, eztabaida garrantzitsua dela. Egia da aurtengo deialdian egin den aldaketa ez doala guk proposatzen dugun norabidean; egia da bilera batzuk egin ditugula eta ez dugula aurrerapauso nabarmenik egin ere. Uste dut bi aste barru izango dugun bilera oso inportantea izango dela ikusteko benetan zer giro dagoen. Beraz, borondatea? Hitzez, bai. Ekintzetara pasatu behar da orain, eta datozen hilabeteetan aurrerapauso batzuk egin behar ditugu.

Irizpide berriei eutsiko balitzaie, zer ondorio izango luke horrek euskal hedabideen mapan?

Ez diot aterabide handirik ikusten bide horri; irizpide bakar bat ezartzea, behar bezala kontrastatu gabe eta behar diren bermerik gabe, ez da irizpide serio bat.

Bost irizpide zerrendatzen dituzue zuek. Zeintzuk dira?

Irismena, errentagarritasun soziala, kalitatea, eraginkortasun ekonomikoa eta estrategikotasuna. Azken hori gure ustez oso garrantzitsua da. Sektore hau ez da sektore indartsu bat; indartsua da ekimenean, hedatze sozialean, baina sektore ahula da. Horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua estrategikotasuna; Araban hedabide bat izatea estrategikoa da, egunkari nazional bat izatea estrategikoa da, tokiko hedabideen sare indartsu bat izatea estrategikoa da... Gutxieneko batzuk izatea estrategikoa da, eta, gure ustez, gutxieneko hori gaur egungo sarea da; zerbaitengatik sortua da, tradizio bat dauka, eta atzean dauzka behar batzuk. Gure ustez, hori estrategikoa da: oinarria.

Finantzaketa orokor baterako proposamen egoki bat noizko?

Ez da berehalakoan helduko; ez, behintzat, administrazioaren aldetik urratsak egiten ez badira. Adostasun nagusi bat badago, azkar joan daiteke, baina borondatea behar da. Ez da diru laguntzen deialdi hau bakarrik; publizitateari dagokionez, adibidez, orain gutxi jakin dugu euskal hedabideetan Jaurlaritzak egiten duen publizitatea ez dela iristen egiten duen publizitate osoaren %2ra. Ez zaigu ehuneko oso zentzuzko bat iruditzen elebiduna dela dioen administrazio batentzat.

Epe luzera begira zaudete...

Bai, eskatzen dugu hainbat urtetarako proposamenak egitea. Jaurlaritzak esan zigun datorren urtetik aurrera horretarako asmoa duela. Notizia ona da, baldin eta irizpideen inguruko adostasuna lortzen bada aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.