EHUko hiru ikasle atxilotu dituzte, «terrorismoa goratzea» leporatuta

Libre utzi dituzte arratsalde partean. Guardia Zibilak miatu egin du EHUko Gasteizko campusa
Atxiloketak salatzeko Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan egindako elkarretaratzea, atzo.
Atxiloketak salatzeko Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan egindako elkarretaratzea, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko ekainak 29
Guardia Zibilak ikasle mugimenduko hiru kide atxilotu ditu, «terrorismoa goratzea» eta «biktimak umiliatzea» egotzita. Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta egin dituzte atxiloketak, eta polizia operazioan EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campusean (Gasteizen) sartu dira guardia zibilak, ikasleek kudeatutako gelak miatu dituzte, eta ordenagailuak eta bestelako materiala eraman dituzte.

Atxilotuetako bat Etxarri Aranazko (Nafarroa) emakume bat da, eta sorterrian atzeman dute, 04:00ak inguruan. Azpeitian (Gipuzkoa), gizon zestoar bat atxilotu dute, eta hirugarren atxiloketa Gasteizen izan da. Atxilotu guztiak Gasteizko polizia etxera eraman dituzte, eta arrats partean libre utzi dituzte.

EHUren Farmaziako, Gizarte Langintzako eta Letren fakultateetan sartu da Guardia Zibila, 06:30 aldera, eta ikasle erakundeek erabiltzen dituzten gelak miatu dituzte. Guardia Zibilaren arabera, litekeena da gela horiek «intentsitate askotariko ekintza biolentoak antolatzeko» erabili izana, atxilotuei horrelakorik egotzi ez dieten arren.

Guardia Zibilak Gasteizko campusean antolatutako zenbait ekitaldirekin lotu ditu atxiloketa horiek. Zehazki, 2017ko irailaren 27an Gudari Egunaren karietara egindakoa aipatu dute. Ekitaldi hartan, Zigor Aranbarri ETAko kide eta EHUko ikasle ohia gogora ekarri zuten —2000. urteko abuztuaren 7an hil zen, Bilbon, ETAko beste hiru kiderekin batera, autoan zeramaten lehergailuak eztanda egin zienean—. 2016ko martxoan eta abenduan egindako ekitaldiekin ere lotu du Guardia Zibilak polizia operazioa.

EHUri ohartarazi gabe

EHUk «ezinegona» azaldu du polizia operazioaren ondorioz. Esan dutenez, operazioa «campusa irekitzeko ohiko ordutegitik kanpo» egin dute, eta ez diete horren berri eman aldez aurretik. Miaketak gertatu ostean baino ez diete polizia operazioaz ohartarazi unibertsitateko agintariei.

Horregatik, eta polizia operazioaz «ezertxo ere» ez zekitela kontuan hartuta, EHUk Auzitegi Nazionalera jo du, eta Guardia Zibilari miaketak egiteko erabilitako baimenaren kopia eskatu dio. Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariarekin ere harremanetan jarri da EHU, informazioa eskatzeko.

Eragile ugarik salatu du polizia operazioa. EH Bilduko Askatasun Demokratikoen idazkari Julen Arzuagak esan du operazioak «kutsu politiko nabarmena» duela, eta «gazteria kriminalizatzea» duela asmoa. «Euskal Herriko testuinguru politikoan konponbide prozesua garatzeko ahaleginak dira ezaugarri nagusi; halako errepresio erasoek eta azpijoko polizialek ez dute tokirik», esan du. Guardia zibilak unibertsitatean sartu izana ere kritikatu du, eta «EHUren autonomiaren aurkako erasotzat» eta «frankismoaren garaiko irudi» gisa definitu ditu miaketak.

Sorturi ere «kezkagarria» iruditzen zaio «itxaropenerako leihoak zabaltzen ari diren unean» eta «presoen auzian [Espainiako] Estatuak pauso batzuk emango dituela iragarri duenean» atxiloketak gertatu izana.

Sorturen aburuz, sektore batzuek ez dute «bakean eta bizikidetzan aurrera egin» nahi; «gerran eroso sentitzen dira, indarkeriarik gabe ez direlako ezer». Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egitea eta «desmilitarizazioa» galdegin dute.

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak nabarmendu du operazio honekin«borrokan hildako gudarien memoriari bizirik eustea» zigortu nahi izan dutela. «Guardia Zibila eta Espainiako Auzitegi Nazionala dira terrorismoaren gorazarrearen eta praktikaren adibiderik garbienak», erantsi dute,

Steilas sindikatuak salatu du Guardia Zibilaren operazioak «zigortu, nahasmena sortu eta beldurra eragin» beste helbururik ez duela, eta, bide batez, «EHUren izen ona ere zikindu» egin nahi izan dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna