Fernandezek azaldu du biktimen legea erreparaziorako erabiliko dela

Elkarrekin Podemosek aldaketak babestuko ditu, eta EH Bilduk biktimak berdintzeko eskatu du

Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bakearen eta Bizikidetzaren idazkari nagusia, aurtengo martxoan, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
EAEn Polizia indarkeriaren biktimen legeak garrantzia berezia izan du amaitzear den urte politikoan, Eusko Legebiltzarrean onartu ondoren Espainiako Gobernuak —PP— helegitea jarri baitzuen. Baina Pedro Sanchezen gobernuak —PSOE— adierazi du kendu egingo duela helegitea. Aldaketa batzuk egin beharko dituzte, ordea. Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bakearen eta Bizikidetzaren idazkari nagusiak adierazi du aldaketa horiek «zehatzak» izango direla, eta ez dutela zalantzan jarriko Espainiako botere judiziala. Erreparaziorako erabiliko da legea, haren arabera, eta esan du helburua ez dela «gertakariak argitzea», biktimen aitortza egitea baizik.

Aldaketak «gutxienekoak» izango direla ohartarazi du Bizikidetza idazkari nagusiak; hots, hiru artikuluri soilik eragingo dizkie aldaketak (4, 7 eta 14), baita seigarren xedapen gehigarriari ere. «Gertakarien argitzea» iradoki dezaketen terminoak saihestuko dituztela esan du, epaileek egin beharreko lanarekin nahas baitaiteke. Legeak ohorea, intimitatea eta datuen babesa lehenetsiko ditu, Fernandezen arabera. Legea diseinatu zutenean, orduan zeukan helburu bera izango duela berretsi du: «Giza eskubideak ez urratzea eta biktimen aitortza».

Elkarrekin Podemos koalizioaren ustez, beharrezkoa da biktimen aitortza, eta azaldu du euskal gizarteak biktimekiko «zor» hori duela. Adierazi du aldaketak babestuko dituela, baina baldintzapean: hitzarmenak legea ez ahultzearen alde agertuko da, etabiktimen aitortza erraztea bultzatuko du. Hala ere, Elkarrekin Podemosek eskatu du Jaurlaritzak azalpenak eman ditzala Eusko Legebiltzarrean datorren irailean. Koalizioak dio Jaurlaritzak egindako aldaketen azalpenak eman behar dizkiela parlamentuko talde guztiei eta herritar orori. Balorazio positiboa egin du Madrilgo gobernuaren erabakiaz: «Berri ona da biktimen erreparazio eta aitortza bidean pausoak ematen hasi eta blokeo egoeran aurrerapenak egitea».

EH Bildu ez dago ados aldaketek har dezaketen norabidearekin. «Biktima guztiak berdintasunean» tratatzea eskatu du, eta iruditzen zaio «Estatuaren biktimen legeak» ez duela hori beteko. Uste du Madrilekin egindako akordioa aurrekari desegokia izango dela, EAEko parlamentuak onartutako lege baten edukia aldatzen duelako. Garai batean, EH Bilduk «nahikoa ez zen urrats» modura ikusi zuen legea, baina, hala ere, ez zuen aurka bozkatu. Orain, berriz, EH Bilduk uste du edukia «apalduko» dutela Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku ez uzteagatik, eta hori ez zela berak espero zuena. Aitortzaren eta erreparazioaren inguruan hitz egitean «handinahiagoak» direla nabarmendu du.

PP, guztiz kontra

Espainiako gobernu berriak hartutako erabakia erabat gaitzetsi dutenak ere badira. PP eta Polizien sindikatua daude talde horren buru.

PP biktimen legea aurrera eramatearen aurka agertu da. Amaya Fernandez EAEko PPko idazkari nagusiak azaldu du Espainiako Gobernuak «traizio» egin diela segurtasun indarrei. Fernandezen ustez, legeak esaten baitu «berme juridikorik gabe» Ertzaintzak, Poliziak eta Guardia Zibilak torturatu egin dutela sistematikoki. EAEko PPko buruak azpimarratu du araudiko «aldaketa lexikoak makillajerako operazio bat» besterik ez direla, eta bere alderdiak babesa emango diela Poliziak deitutako ekinbideei. Gaineratu du Sanchez «nazionalismoaren erreminta» bilakatu dela «kontrol konstituzionala saihesteko». Halaber, Fernandezek iritzi dio EAJk bere kontakizuna eraikiko duela «botere judizialetik at».

Polizien sindikatuak atzo jarri zuen legearen aurkako helegitea EAEko Auzitegi Nagusian, Bilbon. «Kontakizunaren auzia» dagoela adierazi du. «Ezin dira Poliziaren gehiegikerien biktimatzat hartu torturak salatu dituzten guztiak». Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusia prest dago sindikatuarekin hitz egin eta azalpenak emateko. Uste du helegiteak ez duela eragin handirik izango, eta «aurrerapausoak ematen» jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.