Etxebizitza «eskubide subjektiboa» izanen da Nafarroan 2019tik aurrera

Etxebizitza bermatzeko lege proposamena aurkeztu du gobernuak. Alokairurako laguntzak emanen dizkiete gazteei eta familiei. Etxegabetzeei eta espekulazioari aurre egiteko neurriak ere jaso dituzte

Etxebizitza turistikoei eta hutsik dauden etxeei ere erreferentzia eginen die foru lege berriak. Irudian, Iruñeko Alde Zaharra. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau indar politikoek itun programatikoa sinatu zutenean, politika sozialak hartu zituzten lehentasun gisa, eta, horien artean, etxebizitzaren arazoari heltzeko konpromisoa azpimarratu zuten. «Etxebizitza politika egiteko modu baten amaiera heldu da; merkantilistatzat eta espekulatibotzat jo genezakeen eredu hori hilda dago», esan zuen Miguel Laparrak, Eskubide Sozialetako lehendakariordeak, legealdi hasieran. Ordutik, hainbat neurri ezarri dituzte, alokairu soziala sustatzea eta etxebizitza publikoen poltsa handitzea xedetzat dutenak, batez ere. Egitasmo garrantzitsuena, baina, legealdi bukaeran heldu da: Etxebizitza Eskubide Subjektiboa Bermatzeko Foru Lege proposamena. Atzo aurkeztu zuten zirriborroa, eta aurki tramitatuko dute Nafarroako Legebiltzarrean. 2019ko urtarrilaren 1ean sartuko litzateke indarrean.

Horri esker, lehen aldiz, Nafarroan legez aitortua egonen da «etxebizitza duina eta egokia edukitzea eskubide subjektibo bat» dela, eta, hortaz, administrazioari exijitu ahalko zaio eskubide hori bermatzeko baliabideak jar ditzala. Horretarako, alokairuko etxebizitza parke publikoa handitu du gobernuak azken urteetan, baina, Laparraren esanetan, hori «ez da aski egungo beharrak asetzeko». Horregatik, foru legearen zirriborroak «laguntza ekonomiko bermatuak» eskainiko ditu, zerga kenkari bidez.

Nork jasoko ditu diru laguntza horiek? Funtsean, bi taldek: gazteek eta alokairuan bizi diren familiek. Bi sektore horientzako programa bana jasoko du foru lege berriak: EmanZipa izenekoa, 23 eta 30 urte bitarteko gazteendako; eta DaVid, diru sarrera urriak dituzten familiendako.

EmanZipa egitasmoaren barruan, alokairuaren kuotaren erdia Nafarroako Gobernuak pagatuko du: hilean 250 euro arteko laguntza. Laguntza hori jasotzeko eskubidea izanen dute 20.000 euro arteko diru sarrerak dituzten gazteek, edota 30.000 euro artekoak, bi edo hiru laguneko etxebizitzak badira. Bigarren modalitatean, DaVid izenekoan, hilean 200, 250 edo 300 euro ordainduko diete familiei, errentaren arabera, eta alokairuaren %50eraino. Atzo Laparra lehendakariordeak emandako datuen arabera, Nafarroako 3.500 gazte eta 1.000 familia inguruk jasoko dituzte laguntza berriak.

Balorazio baikorrak

Beste hainbat neurri ere ezarriko dituzte foru lege berriaren bidez. Besteak beste, debekatu eginen dute babes ofizialeko etxebizitzak alokairu turistikorako erabiltzea; etxegabetzeak galarazteko neurriak hartuko dituzte, eta etxebizitza ordainean emateko aukera sustatuko dute, aukera hori onartzen ez duten bankuei zigorra ezarrita.

Laparrarekin batera, agerraldia egin zuten atzo Nafarroako Gobernua babesten duten lau talde parlamentarioetako ordezkariek. Geroa Bairen izenean, lege proiektua «ausarta, aitzindaria eta aurrerakoia» dela nabarmendu zuen Isabel Aranburu legebiltzarkideak. Haren esanetan, lege berria «ez da izanen etxebizitzaren arazoari erabateko konponbidea emanen dion neurri bat, lege batek bere horretan ezin baitu halakorik lortu». Hala ere, «aurrerapauso itzela» izanen dela nabarmendu zuen.

Antzeko gogoeta egin zuen EH Bilduko Asun Fernandez de Garaialdek ere: «Urrats garrantzitsu bat da, politika sozialen eta etxebizitza eskubidearen aldeko bidean». Ahal Dugu-Orain Bai taldeko Mikel Builek azaldu zuen lege hau «lehentasuna» zela itun programatikoan, baina ezin izan zutela legealdi hasieran proposatu, «UPNk porrot ekonomikoan utzi zuelako Nafarroako Gobernua». Ezkerrako Jose Miguel Nuin parlamentariak egin zuen analisirik baikorrena: «Oso pozik gaude. Gobernu honek diskurtso hutsalekin ez, egitateen bidez erakutsi du bere lehentasuna politika sozialak direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.