Inma Errea.
Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroako aldaketaren balantzea. IRITZIA

Atzera eta aurrera begira

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Duela lau urte, jakin-minak jota bizi ginen Nafarroan. Ezin igarririk etorkizunak zer ekarriko: ez bakarrik balantzak norantz eginen zuen, zer aldetara, baizik eta,aldaketaren alde eginez gero, nola joanen ziren gauzak gero, zer bilakatuko zen Nafarroa.

Duela lau urte, Juan Kruz Lakastak esaten zuen aldaketa politiko bat gorpuzteko beharrezkoa zela aldez aurretik aldaketa sozial bat gertatzea. Eta zaila zen orduan jakitea nafar gizartea noraino zen aldatua—beti baita zaila hautematea jendarte bat zertan aldatu den eta zenbateraino—.

Gero, ikusi genuen posiblea zela aldaketa politikoa —nahiz eta boto-joerak ez izan gizarte-aldaketaren neurgailu zehatza—.

Gero, entzun genituen boterean urteak eta urteak eman zituztenak nafar apokalipsia iragartzen: gobernuetara —Nafarroakora eta hiri eta herri handi askotako udaletara— iritsi berriek ez omen zuten jakinen haiek bezain ongi gobernatzen.

Geroago, gauza asko ikusi ditugu: apokalipsia ez da iritsi, aldaketaren aldeko gobernuek aski ongi funtzionatu dute eta Nafarroan gauzek hobera egin dute —aldaketako alderdiak ez badira ere trebeegi aritu desadostasunak gobernatzen—.

Bitartean, aldaketaren kontrakoek ahalik eta gehien aprobetxatu dituzte besteen ahuleziak eta arrakalak, eta jarraitu dute iragartzen iritsi gabe segitzen duen apokalipsia. Herritarrei sinestarazi nahi die aldaketaren aldeko gobernuek ez dakitela ez gobernatzen, ez kudeatzen...

Bitartean, ahanztura-estalki bat hedatu da aurreko agintaldi-legealdietan gertatutako desmasien gainean. Gobernu-aldaketaren aurretik, Nafarroan diru-xahuketa handiak izan baitziren, zorrak metatu, eta ospitaleetan arrautzopil berdeak ematen zituzten: familiek etxetik eraman behar izaten zuten jana ospitaleratutako senidekoei. Ahaztu da hori guztia?

Orain, jakin-nahiak aztoratuta bizi gara. Itzuliko al dira aurrekoak gobernuetara? Hain ahula izanen zen gizarte-aldaketa hura?

Gobernari ohiak, lau urteotan, lanean aritu dira, gogotsu, gogor eta tinko, berreskuratzeko 2015era arte beraiena baino ez zirudien erkidegoa —betirako eta esklusiboki—.

Orain, berriz ere, zaila da asmatzea nola erantzunen duten herritarrek, zeri eginen dioten kasu handiagoa: eskuineko hedabideen iragarpen katastrofistei ala —ekonomia ere, haize alde— orain dela lau urte baino askoz hobea den egoerari.

Jakiteke dago ere nola eraginen duten Nafarroan sozialistek Espainian lortu berri duten garaipenak eta Podemosen gainbeherak. Jakiteke ere, NavarraSumaren batuketak benetan batuko duen, edo kenduko —Vox ere hor baitago—.

Baina gauza bat dago nire ustez argi. 2015ean gobernuetara iritsi zirenek gehiengo nahikoak lortuz gero, ordukoak baino negoziazio zailagoei ekin beharko diete. Orduan baino modu ohartuagoan orain badakite nola doazen gauzak boterean. Eta, berriro gobernatzen badute, lau urte hauetan jarduna baldintzatu dieten inguruabarrak —erasoak, beldurrak, desakordioak...— hobeki kudeatu beharko dituzte. Zuhurtzia beharrezkoa bada ere, jakin beharko dute hautematen noiz bilaka daitekeen balazta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.