Koronabirusa

EAEko herritarren erdiak, neurri murriztaile gehiago ezartzearen alde

Lehendakaritzak inkesta bat egin du birusak herritarren artean eragiten dituen jarrerak ikertzeko; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %30ek nahiko lukete txertoa «ahal bezain laster» jarri

Ertzainak kontrol batean auto bat gelditzen Bilbon, joan den apirilaren 3an, alarma egoera ezarria zegoenean. LUIS TEJIDO / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Hau da galdera: «Kontrol eta isolamendu neurri zorrotzagoak hartu beharko lirateke, orain arte bezala jarrai dezakegu edo neurri arinagoak hartu beharko lirateke?». EAEko herritarren %48k erantzun dute neurri zorrotzagoak hartu beharko liratekeela, eta %45ek irizten diote orain arte bezala jarrai daitekeela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak, oro har, kezkatuta daude COVID-19aren hedapenarekin: horien %33, oso kezkatuta; eta %54, nahiko kezkatuta. Hori adierazten du Lehendakaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak herritarren artean izurriak eragiten dituen iritziak eta jarrerak ikertzeko egindako inkestak. Hori ontzeko 1.430 elkarrizketa egin zituzten, telefonoz, urriaren 13tik 17ra.

Zazpi ataletan banatu dute inkesta, eta horietako batek erreferentzia egiten dio birusaren aurkako txerto posibleari. Lehen galdera da ea jarriko luketen, «lortzen denean», osasun agintariek «eraginkor eta segurutzat» hartutako txertoa. Erantzun dutenen artean %30ek esan dute baietz, «ahal bezain laster» jarriko luketela.

KEZKA

Pandemiarekin lotutako etorkizunerako kezka nagusia osasuna da (%30), norberarena edo ingurukoena; baina izurriak ekonomian eta enpleguan ekarriko dituen ondorioak ere badira kezka iturri (%29), birusaren bilakaerari eta iraupenari buruzko ziurgabetasuna bezalaxe (%26).

OSASUN SISTEMAREN ERANTZUNA

Osakidetzaren erantzunari dagokionez, ona izaten ari dela pentsatzen dute ikerketan elkarrizketatutakoek. Espainiako erkidegoetako osasun sistemena baino hobea izaten ari da Osakidetzaren erantzuna, herritarren %62rentzat. Izurriarekin gaixotutakoei Osakidetzan emandako arretari dagokionez, puntuazioa 7,3koa da, 0tik 10erako eskalan.

ERAKUNDEEN JARDUERA KRISIAREN KUDEAKETAN

Inkestan parte hartu dutenei eskatu diete ebaluatzeko Eusko Jaurlaritza modu egokian ematen ari ote den pandemiak EAEn duen eraginari buruzko informazioa.0 puntuazioa litzateke modu oso desegokian ematen ari dela, eta 10 modu oso egokian ari dela. Herritarrek 6,2ko nota jarri diote.

PANDEMIAREN AURKAKO NEURRIAK

COVID-19arekin kutsatzeko arriskuarengatik, eta «laneko harremanak alde batera utzita», EAEko herritarren erdiak «lehen baino askoz ere jende gutxiagorekin» egoten dira. Urruntze fisikoari dagokionez, %67k «pertsona guztiekin edo ia guztiekin» mantentzen dute —etxe berean bizi direnak ez dira kontuan hartzen— gomendatutako gutxieneko metro eta erdiko distantzia.

Herritarren jokabideaz galdetuta, herritarren %71ri iruditzen zaie gehienak «gizalegez eta elkartasunez» jokatzen ari direla COVID-19aren kontrako neurriekiko. Ezarritako neurrien artean konfinamendua iruditzen zaie gogorrena.

ONDORIOAK EKONOMIAN ETA OHITURETAN

Herritarrei galdetu diete nola eragin dion koronabirusaren krisiak haien egoera ekonomikoari. %61en egoera «ez da aldatu»; urtebete barruko egoera posibleaz galdetuta, %47k erantzun dute ez dela aldatuko; %26rentzat, «orain baino pixka bat okerragoa» izango da.

Pandemiaren ondorioz etorkizunean aldatuko diren ohituren inguruan, %27k irizten diote besteekin harremanetan jartzeko modua «asko» aldatuko dela.

TXERTOA

Txertoa jarri nahi ez izateko arrazoien artean, %30ek aipatu dute uste dutela txertoa ez dela «segurua» izango, eta %17k ikerketak «denbora gehiago» behar duela pentsatzen dutelako.

ZAINTZA LANAK PANDEMIA GARAIAN

Etxeko lanen eta zaintza lanen banaketan gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna handitu ote den galdetu diete inkestan parte hartu dutenei, eta %25ek erantzun dute «handitu» egin dela; %52rentzat, «berdin» mantendu da. Eta, izurriaren aurretiko egoerarekin alderatuta, seme-alaben zaintza eta eguneroko beste jarduera batzuk bateratzea orain zailagoa da %47rentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.