Sanjurjo Erorien Monumentura itzultzea babestu du epaitegiak

Epaiak militar kolpistaren sendiaren eskaera onartu du. Iruñeko Udalak helegitea jarriko du
2016an atera zituen udalak Sanjurjoren arrastoak Erorien Monumentutik; irudian, kolpistaren hobia, kriptan.
2016an atera zituen udalak Sanjurjoren arrastoak Erorien Monumentutik; irudian, kolpistaren hobia, kriptan. IÑIGO URIZ / FOKU

Maite Asensio Lozano -

2018ko uztailak 3
Jose Sanjurjoren gorpuzkiak Erorien Monumentutik ateratzeko ebazpenaren kontra senideek jarritako helegitea ontzat jo du Iruñeko administrazioarekiko auzietako 2. zenbakiko epaitegiak, eta egoera «lehengoratzeko» eskubidea aitortu dio familiari: alegia, militar kolpistaren arrastoak berriro Erorien Monumentuan sartzeko baimena eman dio —Melillan daude gaur egun, Espainian—. Iruñeko Udalak jakinarazi du errekurtsoa jarriko diola erabaki horri.

Udalak 2016ko azaroan atera zituen Sanjurjoren gorpuzkiak monumentuko kriptatik —aurrez atera zituen Emilio Mola kolpistaren arrastoak ere—. Hura eragozten saiatu zen familia orduan, baina epaitegiak ez zuen eskaria onartu, memoria historikoaren Espainiako eta Nafarroako legeak argudiotzat hartuta. Orain, ordea, arau horiek baliatu ditu epaitegiak Sanjurjoren sendiari arrazoia emateko.

Memoria historikoari buruzko Espainiako legeak dio estatu kolpea, 36ko gerra edo diktadura frankista goratzen duten ezkutuak, plakak edo bestelako objektuak zein aipamenak kentzeko neurriak hartu behar dituztela administrazio publikoek. Baina eskumen horietatik kanpo uzten ditu «oroimen pribaturako» aipamenak eta legeak arrazoi arkitektoniko, artistiko edo erlijiosoengatik babestutakoak. Nafarroako Parlamentuak 2013an onartutako Biktimen Ordaina Bermatzeko Foru Legeak, berriz, «aipamen edo sinbolo frankistak» kentzea aipatzen du. Bada, epaitegiaren ustez, Sanjurjo hobitik ateratzeak ez ditu arau horiek betetzen: «Aztergai dugun gaia kriptaren itxiera da, ez sinboloak kentzea. Kriptan zeuden pertsonak ezin dira hartu aipamentzat edo sinbolotzat». Epaiak erantsi du «sinbolo horiek bere garaian» erretiratu zituztela.

Era berean, epaitegiak argudiatu du Erorien Monumentua babestua dagoela, eta «intereseko elementuen integritatea errespetatu» egin behar dela, hau da, kripta hobiratzeko leku gisa mantendu behar dela. Dena den, ez du onartu sendiaren kalte moralekin lotutako ordainik jartzea.

Iruñeko Udalak helegitea jarriko dio epaiari. Ohar bidez jakinarazi duenez, Sanjurjoren senideek «ez dute eskubiderik» haren gorpuzkiak Erorien Monumentuko kriptan edukitzeko: «Eraikina Iruñeko Udalaren jabetzakoa da, eta artzapezpikutzak du erabiltzeko eskubidea. Hain justu, udalak eta artzapezpikutzak adostu zuten kriptak lurperatzeko gune izateari utziko ziola; beraz, ez da existitzen eskubiderik kripta hori hilerri bat izateko».

Alde horretatik, udalak uste du epaia oker dabilela eraikinaren babesaz jardutean eta kripta intereseko elementu gisa hartzean: «Udalaren hirigintza arauek ez dute inoiz kripta babestu hobiratzeko leku gisa». Udalak gaineratu du epaitegiak ez duela kontuan hartu osasun arloko araudi bat, «leku batek giza arrastoak hartzeari utziko dionean aplikatu beharrekoa».

Francoren arrastoak

Garai berezian dator Iruñeko epaitegiaren erabakia. Batetik, Erorien Monumentuarekin zer egin eztabaidatzeko prozesua abiatua duelako Iruñeko Udalak. Eta, bestetik, Espainiako gobernu aldaketarekin ere hasi direlako mugimendu batzuk Madrilen: Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko asmoa du Pedro Sanchez presidenteak. Iruñeko epaiaren erabakia argudio gisa erabil dezakete aurkariek.

Horri buruz mintzatu zen Joseba Asiron Iruñeko alkatea atzo iluntzean. «Zentzugabetzat» jo zuen epaia: gizartearen eta «judikaturako sektore batzuen» arteko urruntzearen adibidetzat. «Espainiako Estatuan Franco diktadorea hobitik ateratzeko proposamena eztabaidatzen ari direnean, epaile batek esan digu ohoreekin hobiratu behar dugula berriro Sanjurjo jeneral faxista».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna