Apaiz bat epaituko dute asteartean, adingabe bati abusuak egiteagatik

Baionako auzitegian iraganen da auzia. 1990eko gertakariak dira, eta biktimak 12 urte zituen
Hiriburuko eliza. Bertan aritu zen pederastiaz akusatutako Sarramagnan apaiza.
Hiriburuko eliza. Bertan aritu zen pederastiaz akusatutako Sarramagnan apaiza. BERRIA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko irailak 7
«Limurkeriazko atentatu bat egitea 15 urte baino gutxiago dituen adingabe baten aurka». Akusazio horren pean dute epaituko Jean-François Sarramagnan apaiza asteartean Baionako auzitegian. Gizonaren iloba da adingabe hori, eta gertakarien garaian, 1990ean, 12 urte zituen. Apaizak berak aitortua du erasoa. Biktimaren amak 2015ean jarri salaketaren haritik dator auzia. 15 urte baino gutxiago dituzten adingabeen kasuan, biktimak 38 urte bete arteko epea du salaketa jartzeko. Bost eta hamar urte arteko presondegi zigorra ezar diezaiokete apaizari.

Sarramagnan berak BERRIAri baieztatu dio ez duela eskatuko auzia atzeratzea, eta ez du eskatuko ateak hetsirik iragan dadin ere. Lourdes iparraldeko Tournay hiriko abadiatik erantzun die galderei Sarramagnanek. Aske baina kontrol judizialpean dago han 2016ko ekainaz geroztik. Marc Aillet Baionako apezpikuak zuen bidali hara, jakin zuelarik akusaziopean jartzekotan zirela, erasoa prentsan atera eta, 2016ko apirilean. 1990eko kasuaz gain, beste bi salaketa ere badira apaizaren aurka; 2008ko abenduan zien eraso egin apaizak. Baina ez dago informazio gehiagorik haiei buruz. Auzian agertuko da agian hauen segida zein izanen den.

Galderei ez diela erantzun nahi erran du telefonoz Sarramagnanek: «zailegia» dela. Adierazi du «ahal bezain ongi» ihardukitzen saiatuko dela.

Zehazki zer gertatu zen, hori ez da oraino biziki argi. Baionako prokuradore Samuel Vuelta Simonek aipatu izan du gertakariei buruz zenbait itzalgune badaudela. Baliteke zenbait gertakari Hazparnen (Lapurdi) gertatu izana. Baliteke Poloniara egin bidaia batean erasoak egin izana ere. Abusuen garaian familia Baionan bizi zen. Salaketa bera Clermont-Ferranden (Frantzia) pausatu zuen biktimaren amak, han bizi baitzen orduan. Abusuak argitara eman zituen Mediapart aldizkarian amak azaldu duenez, apaizak aitortu zion «kastitate botoa» hautsi zuela.

Baliteke Aillet Baionako apezpikuak bere erantzukizunaren berri eman behar izatea auzi denboran, erasoaren berri izan eta justiziari ez esan izanagatik. Baina informazio baieztaturik ez mementoko: «Segur aski auziak erantzunen die zure galderei». Horixe erantzun zion ekainean Vuelta Simonek, akusaziopean jarri zuten galdetzean.

Aillet apezpikuak 2009tik du erasoaren berri. Funtsean, 1991n izan zuen erasoen berri orduko Baionako apezpiku Pierre Moleresek ere. Jakinean jarri zuen familiak.

Isiltasuna justifikatu zien Ailletek prentsari. Apaiza bere buruaz beste egiten saiatu zela bi aldiz, eta «zaindu» nahi zuela. Justiziari seinalatuz geroz, biktimarentzat ere «kaltegarri» izan zitekeela argudiatu zuen: «Hobendun senti zitekeen bere borreroak bere buruaz beste egin izateagatik». Ailletek segurtatu zuen erasoa jakin eta haurrekin harremanik ez ukaiteko gisako postu batean izenpetu zuen Sarramagnan. Baina argazkiak badira erakusten dutenak apaiza haurren ondoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna