Altsasukoen defentsak uste du apelazio sala ez dela «neutroa»

Helegitea aztertuko duten bi epaile Guardia Zibilak omendu ditu. Apelazio salak dio ez dela nahiko arrazoi epaileak kasutik aldentzeko

Altsasuko gazteen alde jaioterrian herenegun egindako elkarretaratzea. ALTSASUKO GURASOAK.
Erredakzioa
Iruñea
2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Altsasuko auziko defentsak arbuiatu egin du helegitea aztertuko duen apelazio salako hiru epaileetatik bik Guardia Zibilaren aitortza jaso izana. Hain justu, areto horrek berak ohartarazi zien abokatuei Guardia Zibilak omenduak zirela Eloy Velasco eta Jose Ramon Navarro epaileak. Edonola ere, aretoko kideek uste dute hori ez dela «abstentziorako motiboa». Defentsak, aldiz, salatu egin du aretoaren «neutraltasun falta», eta errekurtso batean eskatu du epaimahaia aldatzeko. Izan ere, epaile horiek arduratuko dira Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko auziko gazteak erruduntzat jotzen dituen sententzia berrikusteaz.

Abokatuek aurrez ere salatu dute epaileen eta Guardia Zibilaren arteko lotura. Besteak beste, Concepcion Espejel magistratuari merituzko domina eman zion Guardia Zibilak, eta hura izan zen epaimahaiko presidentea. Defentsak, gainera, esan du are ageriagoan gelditzen dela aretoaren objektibotasun falta, errekurtsoa jarri aurretik ere esan baitute ez dela hori nahikoa arrazoi Velasco eta Navarro kasutik kanpo uzteko. Hala ere, egin dute epaileak aldatzeko eskakizuna.

Txostenean abokatuek azaldu dute Velascok egin dituela auziaren inguruko zenbait adierazpen. 2017ko azaroan esan zuen «adi» egon behar zela «ETAren disidentzia gaztearekin». Joan den martxoan, berriz, azpimarratu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak «terrorismoaz» gehiago dakiela, Nafarroako probintzia auzitegiak baino. Defentsak ohartarazi du Velascok aurretiaz baduela kasuari buruzko iritzi konkretu bat: «Zalantza dugu neutral jokatuko ote duen».

Elkarretaratzea Altsasun

Atzo bete ziren bi urte Altsasun liskarra izan zenetik, eta Oihan Arnanz, Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unanumok 700 egun bete zituzten espetxean joan den igandean. Iñaki Abadek, Julen Goikoetxeak, Aratz Urrizolak eta Jonan Cobek, berriz, 131 egun daramate preso. Hori salatzeko, elkarretaratzea egin zuten herenegun Altsasun. «Sen ona» eskatu, eta lanean segituko dutela adierazi zuten antolatzaileek. Datorren hilabeterako, gazteak atxilotu eta bi urtera, jardunaldi batzuk prestatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.