14-30 urteko emakumea, eta gizon ezezagun batek bortxatua

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 732 sexu eraso salatu zituzten iaz Hego Euskal Herrian; biztanleko, Nafarroan izan da gehien
ANDONI CANELLADA / @FOKU

Jokin Sagarzazu -

2018ko azaroak 29
Emakumezkoa, 14 eta 30 urte artekoa, bere etxeko atarian, igogailuan, garajean edo etxetik gertu bortxatu dutena, sexu sarketa bidez, 41 eta 64 urte zituen gizonezko ezezagun batek, maiatza eta iraila bitartean. Hori da sexu erasoen eta horien biktimen eta erasotzaileen soslairik ohikoena, Espainiako Gobernuaren arabera. 2017an jarritako salaketa kopuruaren berri eman du: 732 Hego Euskal Herrian.

Barne Ministerioak egin duen azterketa batean azaltzen dira datuok: 2012tik bikoiztu egin dira salaketak. Espainiako Zigor Kodean sexu askatasunaren aurkako delitu gisa tipifikatuta dauden delituen arabera sailkatu dituzte, probintziaka, eta Polizia denek emandako datuetan oinarrituz. Araban 84 kasu jaso dituzte; Bizkaian, 274; Gipuzkoan, 142, eta Nafarroan, 232. Biztanle-salaketa proportzioaren arabera, Nafarroan bildu dituzte gehienak: 36 kasu 100.000 biztanleko. Jarraian, Araba (26), Bizkaia (24) eta Gipuzkoa (20). Espainiako Estatuaren menpeko herrialdeetan, Nafarroaren gainetik Balearrak daude soilik (45 salaketa 100.000 biztanleko).

Kasuen %41ek sexu abusuekin dute lotura —Zigor Kodeko 181. eta 183.1 artikuluen definizioaren arabera—. Horrez gain, beste hamar delitu mota bereizi dituzte. Sexu abusuen ondoren, sexu erasoekin lotuta jarri dute salaketa gehien (%27,3), eta, jarraian, sarketarekin izandako sexu erasoekin (%14,3).

Bestelako datuak ere eman ditu Barne Ministerioak, baina horiek ez ditu probintziaka xehatu. Oro har, biktimen %84 emakumeak dira: eta hirutik bat, 18-30 urtekoak. Adin tarte horretakoek jasaten dituzte sexu erasorik larrienak: erasoak sexu sarketarekin.

Delitu mota horrekin loturiko salaketek izan dute, gainera, hazkunderik nabariena 2012. urtetik: %108 egin dute gora. Probokazio sexualekin loturikoak datoz gero: %92 gora. Behera egin duen kopuru bakarrenetakoa prostituzioarekin loturiko delituena izan da: %37 gutxiago.

Erasotzaileei dagokienez, kasuen %96tan dira gizonezkoak, eta 41-64 urte arteko adina dute, nagusiki. %72tan ez zuten inolako harremanik emakumezko biktimek eta erasotzaileek, eta hori nabarmenagoa da biktimak 18-30 urte artekoak direnean. Oro har, soilik kasuen %5etan ziren bikote, %8etan ziren familia kide, eta %16etan bestelako harreman bat zuten. Adinean behera eta gora egin ahala, nabariagoak dira lotura afektibo-familiarrak, baina kasu horietan ere bereziki pertsona ezezagunak izaten dira erasotzaileak.

Bitik bat, adingabea

Halaber, salatutako bi sexu erasotatik batean adingabeak dira biktimak: hurrengo adin tartekoen halako bi. Emakumeak dira, bereziki, baina, beste adin tarte batzuekin konparatuta, 18 urte baino gutxiago duten biktimen kasuan, handitu egiten dira mutilen salaketak: %22 inguru. Bereziki, adingabeen prostituzioarekin eta pornografiarekin loturiko delituetan antzekoa izaten da mutilen eta nesken salaketen kopurua. Teknologia berriekin loturiko sexu erasoen kasuan ere adingabeak izaten dira biktima gehienak: %77, 3. Delitu mota horretan ere sexuen arteko aldea txikiago izaten da.

Ohar batean, datu horiek nabarmendu ditu Save the Children erakundeak, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio Haurren Kontrako Indarkeriaren Babeserako Legea onartzeko tramiteak ┬źazkartzeko┬╗.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna