Bost urte arrastorik gabe

Duela bost urte desagertu zen Borja Lazaro gasteiztarra Kolonbian. Haren desagerpenaren gaineko ikerketa zabalik dagoen arren, urrats berririk ez dute egin. Elkarretaratzea egin dute.

Dozenaka lagun bildu ziren atzo Gasteizen, Borja Lazaro gogoratzeko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Bost urte bete dira Borja Lazaro desagertu zenetik. 2013ko urtarrilaren 7ko gauetik ez dago haren arrastorik; Kolonbian zegoen gasteiztarra, La Guajira penintsulako Cabo de la Vela herrian. 34 urte zituen orduan. Kolonbiako Poliziak hiru hipotesi aztertu zituen: bahiketa, itsasoan itotzea eta desertuan galtzea. Bilaketak egin arren, ez zuten Lazaroren aztarnarik aurkitu, eta inork ez zuen adierazi bahitua zuela. Espainiako Poliziako aditu talde bat ere bertan izan zen iaz, baina froga berririk aurkitu gabe itzuli ziren. Atzo elkarretaratzea egin zuten Gasteizen, Urrezko Zeledoien plazan. Hainbat erakundetako ordezkariek parte hartu zuten bilkuran.

«Ikerketak hasieran bezala jarraitzen du; ez dago desagerpenaren arrasto berririk», esan du Sergio Lazarok, desagertuaren anaiak. Etsipenez mintzatu da, jakinda bost urte ez direla alferrik igaro. Dena den, Kolonbiako Poliziak zabalik du oraindik kasua, eta azaldu du ikerketarekin aurrera jarraituko duela. Desagertuaren familiak aukera izan du Kolonbiako poliziaburuetako batekin elkartzeko eta kasuaren nondik norakoez hitz egiteko; Ertzaintza aritu zen bitartekari.

Espainiako Barne Ministerioarekin eta Kanpo Arazoetako Ministerioarekin ere bildu izan dira Madrilen. Espainiako Poliziak iaz Kolonbiara egindako bidaia lehenago egin ez izana deitoratu du Lazarok; izan ere, ez zuten berritasunik aurkitu. «Bidaia lehenago egin balitz, posible izan zitekeen agian zerbait gehiago ikertzea».

Ahaztu ez dezaten

Borja Lazaroren desagerpena ez ahazteko egin zuten elkarretaratzea atzo Gasteizen. Udalak ere parte hartu zuen, eta han izan zen Gorka Urtaran alkatea. «Zuzeneko harremana dugu berarekin, eta egin nahi dugun kontu denetan babesten gaitu; esaterako, iaz argazki erakusketa bat antolatzeko leku bat eskaini zigun», adierazi du Lazarok. Bilkuran izan zen, era berean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Heredia. Lazarok nabarmendu du presioa egiten jarraitu behar dutela, «kasua ahaztu ez dezaten».

Horrez gain, desagertuaren familiakoek eta lagunek azaldu dute borrokatzen jarraituko dutela: «Guztiok Borjari buruz hitz egiten dugun bitartean, ez da izango guztiz desagertutako pertsona bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.